UEU

UEUk aurkeztu du 50. Udako Ikastaroen egitaraua: 22 ekitaldi egingo dituzte

Maiatzaren 21ean Miarretzen egingo den 50 urte UEUgintzan jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei

2022ko maiatzaren 12a
20:25
Entzun

Mendeurrena da aurten. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. Edizio «berezia» izatea nahi dute UEUn, eta, hori dela eta, 22 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte hainbat eragilerekin elkarlanean. Euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzea da helburua.

Maiatzaren 21ean Miarritzen egingo den 50 urte UEUgintzan jardunaldiak emango die hasiera ikastaroei. Udako egitarauaren aurkezpenean parte hartu gaur dute Kepa Sarasola UEUko zuzendariak, Irati Iciar UEUko Udako Ikastaroetako arduradunak eta Pauline Guelle UEUko zuzendaritzako kideak.

Hasierako jardunaldiaren ondoren, UEUren Udako Ikastaroen lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izango da, Iruñean, Bilbon, Eibarren eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Eibarren eta Usurbilen izango dira jarduerak; azkenik, uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren eskainiko dira azken topaketa eta ikastaroak. Matrikulazioa zabalik dago jada.

Kepa Sarasolak adierazi du UEUrentzat «urteurren garrantzitsua» dela mendeurrena. Gogorarazi duenez, Donibane Lohizunen egin ziren lehen Udako Ikastaroak hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta. Xedea guztiz lotuta zegoen euskarari dagokion tokia ematearekin: «Euskarak unibertsitaterako ere balio zuela erakutsi nahi zuten». Eta irmo jarraitu da bidean. «Orduz geroztik, urtero-urtero, bost hamarralditan zehar UEUren Udako Ikastaroek ez dute hutsik egin, eta hasierako sustatzaile haiek aurreikusi bezala, UEUk eta Udako Ikastaroek frogatu dute uskara zein erabilgarria den unibertsitatean ere», azaldu du.

Ildo horretan, UEUn aritu diren milaka pertsonei eskerrak eman dizkie, «beraien elkarlanari esker posible izan baita euskara teknikoa sortzea, beraiei esker lortu baita unibertsitate mailako 500 liburu baino gehiago argitaratzea; beraiei esker fisika nuklearrari buruz eskolak eman ditzakegulako; beraiei esker Ikergazte kongresua antolatu dezakegulako».

Ikastaroetan izena emateko deia egin du. «Katebegi askok ekarri gaituzte hona, eta aurrerantzean ere katebegiek jarraitu dezaten nahiko genuke. Izan zaitezke katebegi horiek aurten Udako Ikastaro eder hauetan parte hartuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.