Txile

Kazetari bat hil dute tiroz Txilen, 36 urtean lehen aldiz

Francisca Sandoval Maiatzaren Leheneko ekitaldien berri ematen ari zenean tirokatuko zuten, eta bart hil da. Pinocheten diktadura garaian hil zuten azkenekoz kazetari bat.

Francisca Sandoval.
jon ordonez garmendia
2022ko maiatzaren 13a
10:08
Entzun

Hamabi egunez ospitalean egora oso larrian egon ostean, Francisca Sandoval kazetaria hil da, Txilen. Maiatzaren Lehenean, gizon ezezagun batzuek tirokatu egin zuten, sindikatu baten protestaren berri ematen ari zela, Santiagoko Meiggs auzoan. Garaipena 3 Seinalea hedabide komunitarioarentzat ari zen lanean. Langileak protestan ari zirela, auzoko merkatari batzuk pistolekin atera ziren, eta jendeari tiro egin zioten; hedabide batzuen arabera, langileek aurretik kalteak eragin zituzten merkatarien saltokietan. Tiroketan hiru pertsona zauritu zituzten, eta horietatik larrien, Sandoval. Aurpegian egin zioten tiro. Artatu zuten ospitaleko larrialdi zerbitzuetako medikuak esan zuen lesio «oso larria» zuela, garunean odol isuri bat eragin ziolako, eta horrek, bihotzekoa. Atzo arratsaldean hil zen.

Demokrazia garaian hil duten lehen kazetaria da, eta hilketak herrialdea astindu du. Izan ere, tiro egin zutenean, karabineroak han gertu zeuden, eta ez zuten ezer egin hiltzaileak atxilotzeko, sare sozialetan zabaldu diren bideoetan ikus daitekeenez. Txileko Poliziaren konplizitatea salatu dute askok. Jose Carrasco izan zen Txilen lanean ari zela hil zuten azken kazetaria. Analisis kazetarako egiten zuen lan, eta 1986an hil zuten, Pinocheten diktaduran. 1990ean ere beste kazetari bat hil zen, Jonathan Moyle ingelesa; haren gorputza lotuta aurkitu zuten, baina justiziak ez du argitu nork eta zergatik hil zuten. The New York Times-en arabera, arma trafikoa ikertzen ari zen.

Txileko Gobernuak gaitzetsi egin du Sandovalen hilketa. Gabriel Boric presidentea ospitalera joan zen, eta Sandovalen senide eta lagunei babesa eman zien. «Indarkeriak demokrazia kaltetzen du, eta familiei min ematen die. Segurtasunarekin eta justiziarekin konprometituta gaude, eta ez dugu etsiko lan horretan», esan zuen Boricek. Txileko Amnesty Internationalek ohar batean azpimarratu du estatuari dagokiola kazetarien segurtasuna bermatzea. «Kazetarien lana ezinbestekoa da herritarrak gertatzen denaren jakinaren gainean egoteko. Aldi berean, estatuaren eta indar publikoen jardunaren gainean ere informatzen dute», esan du Rodrigo Bustos Txileko AIko zuzendariak.

Txileko karabineroen inguruko eztabaida aspaldikoa da, erabiltzen duten indarkeriagatik. 2019ko urriko protestetan ere hainbat lagun zauritu zituzten, eta askoren jomugan dago Polizia hori, diktadura garaian izan zuen funtzioagatik. Pinocheten konstituzioaren lekukoa hartuko duen prozesu betean da egunotan Txile, eta, puntuetako batean, konstituziogileek azpimarratu dute poliziak ez direla militarrak, eta indarkeriaren erabilera neurtu behar dutela eta giza eskubideak errespetatu behar dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.