Txirrindularitza

Itzuliaren antolatzaileak esan du emakumezkoen txirrindularitza «moda kontu bat» dela

Julian Erasok aitortu du «ia-ia behartuta» antolatu dutela emakumezkoen lasterketa. Itzuliak agiri bat atera du, eta esan du Erasok egindako «adierazpen desegokiek» ez dezatela «lausotu» Itzulia antolatuta eman den «aurrerapauso handia». Erasok berak barkamena eskatu du gero.

Julian Eraso, ezkerretik hasi eta hirugarrena, Emakumezkoen Itzuliaren aurkezpenean. BORJA VERGARA
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 13a
10:37
Entzun

Atzo, Bilboko Radio Marca irratian, Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia zergatik antolatu duten galdetu zioten Julian Erasori, lasterketa antolatzen duen Oceta erakundeko presidenteari: «Bueno, ba, egia esan, ia-ia behartuta antolatu dugu; izan ere, hau moda kontu bat da. Berdintasuna, halakoa, kontakatiluak... Mundu guztiak dio gauzak egin behar direla emakumezkoen kirolagatik, eta txirrindularitzari ere tokatu zaio».

Nola izan zen ere kontatu du: «Esan ziguten antolatu beharra zegoela. Guk horretaz badakigu zerbait, eta ez gaitu kezkatzen; antolatuko dugu, eta ea hau indartzen den. Ea urte batzuetan ez dugun kezkatu behar antolatzeko arrazoiengatik», gehitu du.

Ikusi gehiago:Ez daude etxea erakusteko

Erasok espero du zaleek ere «kontzientzia hartzea», eta areketan bildu eta txirrindulariak animatzea: «Emakumezkoen txirrindularitzak ere izan dezala gizonezkoenaren erantzun bera, edo, gutxienez, bide horri ekin diezaiola». Aitortu du, dena den, lasterketaren ordutegiak ez direla jendea gerturatzeko egokienak (10:00etan hasi eta 13:00ak aldera amaituko dira etapak, telebista kontuengatik).

Etorkizunaz ere hitz egin du: «Hazten joatea da kontua. Uste dut hemendik urte batzuetara jendea Emakumezkoen Itzulia gogoz itxaroten egongo dela segur aski. Batez ere, emakumeak dira elkar babestu behar dutenak; errepidean egon behar duten lehenengoak, ez bakarrak noski, haiek dira».

Adierazpen horiek kritikak eragin dituzte, eta Itzuliak agiri bat atera du. Horretan dio «atsekabez» hartu duela «gaizki-ulertuak eragindako haserrea», eta espero duela Erasok egindako «adierazpen desegokiek» ez «lausotzea» Itzulia antolatuta eman den «aurrerapauso handia». Halaber dio antolatzaileen helburua dela emakumezkoen txirrindularitza «bultzatzea».

Goi mailako lasterketa

Aurtengo lasterketari dagokionez, Erasok bermatu du maila goreneko txirrindulariak izango direla datozen egunetan Euskal Herriko errepideetan. Dena den, kezka agertu du, «une konplikatua delako»: «Dirudienez, nahiko ukituta iritsiko dira neskak; esan digute eragiten ari zaiela birusa», aipatu du.

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia gaur, bihar eta etzi jokatuko da estreinakoz. Hiru etapa izango dira. Gaurkoa Bastidan amaituko da, 105,9 kilometro osatu ondoren; bigarrengoa Mallabian hasi eta amaituko da bihar, 117,9 kilometro egin eta gero; eta hirugarrena, etzikoa, Donostian hasi eta bukatuko da, 139,8 kilometroren ondotik. ETB1ek zuzenean emango ditu.

Ikusi gehiago:Gurpilek biraka jarrai dezaten

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.