Albistea entzun

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia

Ez daude etxea erakusteko

Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulian bertako ziklista ugari ariko dira pedalei eragiten gaurtik igandera. Horietako lau dira Naia Amondarain (Sopela), Ziortza Isasi (Eneicat), Lourdes Oiarbide (Movistar) eta Ane Santesteban (Bike Exchange).
Txirrindulariak Mendizorrotz aldapan gora, duela hiru urteko Donostiako Klasikoan.
Txirrindulariak Mendizorrotz aldapan gora, duela hiru urteko Donostiako Klasikoan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko maiatzak 13

Txirrindularien izerdiak blaituko ditu euskal errepideetako asfalto zati gorabeheratsuak gaur, bihar eta etzi. Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia jokatuko da estreinakoz, eta tropelak kolorez jantziko du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Itzulian izango dira Naia Amondarain (Ibarra, Gipuzkoa, 2001), Ziortza Isasi (Elorrio, Bizkaia, 1995), Lourdes Oiarbide (Egino, Araba, 1994) eta Ane Santesteban (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Bakoitza bere helburu eta asmoekin aterako da, baina zerbaitek batzen ditu guztiak: Itzuliaren lehen aldi honetan, ez daude etxea erakusteko. Etxe berri hau sendotzen eta eraikitzen lagundu nahi dute.

Ihesaldietan azaltzekoa da Amondarain; garaipenaren atzetik ibili nahi du Santestebanek; Isasi pozik dago irteeran egotearekin, sorbaldako ebakuntzatik osatu berri; eta Oiarbide erdi ezkutuan ez ote dabilen, taldea liderrik gabe etor daitekeela eta.

1. Zein dira zure taldearen helburuak Itzulian?
2. Nolako lasterketa izango da?
3. Zein dira faboritoak Itzulia irabazteko?
4. Emakumezkoen Itzulia lehen aldiz jokatuko da. Zure gogoeta honetaz?

NAIA AMONDARAIN Sopela
«Ilusioa egingo zidan ihesaldietan sartzeak»

1. «Oso maila handiko lasterketa izango da Itzulia, eta munduko onenak datoz. Ikusiko dugu zer egin dezakedan, baina gustatuko litzaidake ihesaldietan sartzea. Ni neu eta taldea erakusteko aukera ona litzateke. Ilusioa egingo zidan ihesean ibiltzea. Bestelakoan, Nadine Gill taldekideak erakutsi du azkeneko lasterketetan oso ondo dagoela, eta ikusiko dugu nola joaten zaion lasterketa, lagundu behar bazaio ere».
2. «Uste dut lasterketa oso gogorra izango dela. Andaluzian [Espainia] eta Eibarren [Gipuzkoa], azkeneko lasterketetan, World Tourreko talde batzuk atera dira, eta ikusi da nola gogortzen dituzten lasterketak. Hauena beste liga bat da».
3. «Zail da esatea zein izan daitezkeen faboritoak Itzulia irabazteko, kontuan izanda Van Vleuten ez datorrela. Ane [Santesteban] oso indartsu dago; ea hemengoren batek irabazten duen. Taldeka, Movistar indartsu dago, liderra faltako bazaio ere: Van Vleuten. Irekia izango da lasterketa».
4. «Aurrerapausoa da, eta bide luzea dago egiteko. Nonbaitetik hasi behar da, eta pauso garrantzitsua da emakumezko ziklistentzat. Ikusiko dugu Itzulia handitzen joaten den. Etapak goizez dira, eta ikusleak egoteko egokia ez da, agian, baina asteburua izanda, gertura daitezke errepide bazterrera».

ZIORTZA ISASI Eneicat-RBH Global
«Zergatik ez da ba etxean geratuko garaipena?»

1. «Irteeran egotea oso pozgarria da niretzat, lesioaren ondotik aurreneko lasterketa izango dudalako. Handia da parte hartzea bakarrik, eta, gainera, etxean. Sei aste dira ebakuntza egin zidatela, hautsitako sorbalda sendatzeko. Orain, prest nago».
2. «Sekulako maila egongo da. Euskal Herriko errepideak gogorrak dira oso, eta ikuskizuna izango da. Polita izango da. Sailkapen nagusiaren arabera, etapak hasieratik hautsiko dira edo ez. Halakoetan esaten den bezala, errepideak jarriko gaitu bakoitza geure lekuan».
3. «Euskal ziklistaren bat izatea gustatuko litzaidake. Anek [Santesteban] irabaztea handia litzateke, adibidez. Zergatik ez da bada etxean geratuko garaipena».
4. «Itzulia egitea bera pauso handia da. Bizkaiko Bira zegoen lehen, eta indar handia zeukan. Honek haren lekua hartzea, edo haren indarra berreskuratzea pauso bat da. Falta dira gauza batzuk, etapak gehitzea adibidez, baina uste dut etorriko dela hori ere urteak aurrera doazen neurrian. Etapak goizean izatearen inguruan, ez dakit zergatik izango den horrela, baina moldatu egin beharko dugu. Asteburuan dira etapak, eta ostiralean [gaur] izan ezik, jendea animatzen egongo da. Euskal Herriko txirrindularitzazaleak beti mugitzen dira batetik bestera».

LOURDES OIARBIDE Movistar
«Van Vleuten ez datorrenez, lider finkorik gabe ariko gara»

1. «Taldeari laguntzea tokatuko zait hasiera batean. Annemiek [Van Vleuten] ez da etorriko azkenean, eta pentsatzen dut lider finkorik gabe etorriko garela. Estrategia guztia aldatu digu hark izan duen lesioak. Ondorioz, askatasun handiagoa emango digutelakoan nago».
2. «Oso gogorra izango da lasterketa. Etapa guztiak bertatik bertara ikustera joan naiz, eta desnibel handikoak dira hirurak. World Tourreko lasterketa izanda, munduko txirrindulari onenak etorriko dira, eta lasterketa handia izango da. Aurreneko etapa etxean hasiko da, Gasteizen, eta hasieran aukerak egongo dira ihesaldiak sortzeko, baina ez dut uste helmugara helduko direnik, tartean dauden bi mendiak oso gogorrak direlako. Bigarren etapa gogorra da, hasi eta buka, eta hirugarrena ere ikusgarria izango da, Donostiako Klasikoaren ibilbide bera izango duelako».
3. «Esan behar nuen Annemiek dela faboritoa, baina, zoritxarrez, ez dator».
4. «Eskertzen da gizonezkoen Itzuliaren antolatzaileek emakumezkoena ere antolatzea. Emakumeen Bira desagertu zen, eta hori zen guretzat hemengo lasterketa. Espero dezagun gizonezkoena bezain arrakastatsua izatea, eta horiena bezain ondo ateratzea guztia. Hau lehen aldia da, eta honek segida izan behar du. Ordutegia ez da onena zaleak errepide bazterrean egoteko, oso goiz direlako. Hala jarriko zuten arratsaldeetan Italiako Giroko ordutegiarekin bat ez egiteko. Nor azalduko da 10:00etan gu ikustera? Oraindik presente dago gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasuna. Baina lehen aldia da, eta pozik egoteko moduan gara Itzulia abian jarriko delako».

ANE SANTESTEBAN Bike Exchange
«Irabaztea da sasoi honetako helburua; ez dut baztertzen aukera»

1. «Denboraldi honetako helburua lasterketa bat irabaztea da, eta ederra litzateke Euskal Herriko Itzulian izatea. Aparteko ilusioa egingo lidake azkeneko etapan garaipena lortzeak, Donostiako etapan, Errenteriatik [haren jaioterria da] pasatzen delako. Nabilen bezala ibilita, ezin da baztertu irabazteko aukera izatea. Eibarren bigarren egin nuen igandean, oso gertu izan nuen irabaztea, eta herenegun Iruñean ere bai [bigarren izan zen Nafarroako Klasikoaren bigarren proban]. Egia da kosta egiten zaidala besoak altxatuta helmugaratzea, eta horrexegatik daukat helburutzat jarrita garaipenen bat lortzea. Azkenean, gero eta hobeto nabil urtetik urtera. Konfiantza aldetik ia bete-betean nago. Eibarkoak eman dit indarra. Gainera, etxeko lasterketetan hobeto aritzen naiz kanpokoetan baino, motibazio berezia izaten dudalako, eta antzeman egiten da hori errepidean, lehian nabilela».
2. «Maila nahiko handia izango du Itzuliak, ziklista on asko bertaratuko delako. Etapei dagokienez, bigarrengoan aldeak izango dira, eta handiagoak izango dira azkenekoan».
3. «Betikoak. SD Worx talde indartsua da, ona. Eta zergatik ez, Ane Santesteban».
4. «Azkenean, beti da ona lasterketa berriak sortzea. Itzulia oso garrantzitsua da, etxeko proba delako. Emakumezkoen txirrindularitza, eta kirola oro har, gero eta inportantzia handiagoa hartzen ari dira, eta hori oso ona da. Albiste oso ona da Itzulia jokatzea, halako lasterketa bat jokatzea alegia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Elizegi eta Marcelino gaur, elkar besarkatuta ©Monika del Valle / Foku

Marcelinok ez du jarraituko Athleticen

Paulo Ostolaza

Hamazazpi hilabete egin ditu karguan, eta Superkopa bat irabazi. Azaldu du azken asteetan presidentetzarako hautagaiek ez diotela eman behar duen konfiantza, eta Elizegiren zuzendaritzak jarraitu balu berak ere jarraituko zukeela.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Etxean, frontoia beteta, giro ederra... Sekulakoa izango da»

Julen Etxeberria

Duela urtebete profesionaletara itzuli zenetik daraman bolada bikainari segida eman dio Unai Lasok: lehen aldiz ariko da buruz buruko finalean. Inoiz ez zen pasatu final-zortzirenetatik.

 ©IñIGO URIZ / @FOKU

«Sanferminen aurrerapena izango da final hau»

Julen Etxeberria

Urte eta erdi behar izan du Joseba Ezkurdiak berriz ere final baterako sailkatzeko. Lehen aldiz ariko da buruz burukoan. Hiru diziplinatan txapela irabazi duen bederatzigarrena izan daiteke.
Jendetza bildu zen duela hiru urte Zegama-Aizkorri mendi maratoia ikusten. Aurten ere ikusle ugari espero da. ©GORKA RUBIO / FOKU

Inoizko onena izateko esperantza

Unai Ugartemendia

Zegama-Aizkorri mendi maratoia igande honetan jokatuko da, bi urteko geldialdiaren ondoren. 550 korrikalari arituko dira lehian. Kilian Jornet eta Maude Mathys dira faboritoak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...