Palestina

Israelek iragarri du Zirjordanian beste 4.500 etxebizitza eraikiko dituela

EBk Israeli galdegin dio erabaki hori deuseztatzeko, eta gogorarazi dio Nazioarteko Zuzenbidearen aurka egiten duela. NBEk nabarmendu du «legez kanpoko» neurri bat dela, eta «ezegonkortasuna» areagotuko duela.

Mitzpe Yeriho, Israelek Palestinako eremu okupatuan dituen kokaguneetako bat, artxiboko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE
Nagore Arin.
2022ko maiatzaren 13a
10:43
Entzun

Israelgo kolono juduentzako etxebizitzen eraikuntzen gaiak zeresana ematen du oraindik ere. Israelgo Gobernuak iragarri du beste 4.500 etxebizitza egiteko asmoa duela Zisjordaniako gune okupatuetan. Israelgo hirigintza batzorde bat dago erabakiaren atzean: atzo onartu zuen beste 4.500 etxebizitza eraikitzeko proposamena, joan den astean ezagutarazi ziren eta nazioarteko komunitatean mesfidantza eragin zuten planen ildotik. Zehazki, 4.427 etxebizitza berriren eraikuntza onetsi du batzordeak, eta horietatik 2.791k behin betiko onarpena jaso dute. Guztira, 25 plani eman diete abala, eta, Haaretz Israelgo berripaperaren arabera, horien ondorioz, orain arte linbo administratibo batean ziren hainbat enklabe legezko izatera pasatuko lirateke.

Nazioarteko komunitateak ez ezik, Europako Batasuneko ordezkariek ere «sakon-sakonean» kondenatu dute Zisjordanian beste 4.500 etxebizitza eraikitzeko plana, eta Israeli galdegin diote erabaki hori deuseztatzeko. Halaber, Israelgo agintariei gogorarazi diete lurralde okupatuetan 4.500 etxebizitza eraikitzeko erabakiak Nazioarteko Zuzenbidearen aurka egiten duela, eta, gainera, Palestinaren eta Israelen harremana «zuzenean» mehatxatzen duela. «Guztiz inkontzienteki» hartutako erabaki gisa definitu dute plana, batez ere, bi herrialdeen tentsio politikoak murrizteko ahaleginei begira. Hala, Kanpo Harremanetarako Europako Zerbitzuak zabaldutako komunikatu batean, Europako Batasuneko kideek bi herrialdeei eskatu diete lan egin dezatela prozesu politiko bat lortzeko bidean. «Hori gabe ez da benetako bakerik eta segurtasunik egongo, ez israeldarrentzat, ez palestinarrentzat», defendatu dute agirian.

Tor Wencesland Ekialde Hurbileko Bake Prozesurako NBEko koordinatzaile bereziak ere gogor gaitzetsi du Israelgo agintarien plana. esan du Nazioarteko Zuzenbidearekin bat ez datorren «legez kanpoko» neurri bat, eta bakearen bidean «eragozpen» bat dela. «Kokaguneen hedapen etengabeak okupazioa are gehiago finkatzen du, Palestinako lurra eta natura baliabideak inbaditu, eta palestinarren zirkulazio libre bat oztopatzen du», salatu du NBEko koordinatzaileak. Horregatik, Israelgo Gobernuari galdegin dio horrelako jarduerak amaitzeko. Nabarmendu du ekintza horiek «ezegonkortasuna» areagotu besterik ez dutela egiten, eta «Palestina estatu bideragarri» bihurtzeko aukera guztiak zapuzten dituztela.

Anexiorako bide orri bat

Atzetik dator Israelgo Gobernuak Zisjornadian jadanik eraiki dituen eta eraikitze bidean dauden etxebizitzen eztabaida. Israel 1967an hasi zen Palestinako eremu okupatuetan kokaguneak eraikitzen, Zisjordania anexionatzeko asmoz. Geroztik, milaka etxebizitza eraiki ditu Palestinaren lurretan. Israelgo Estatistika Institutuak 2020an argitaratutako datuen arabera, Zisjordanian kokatutako Israelgo juduen kopuruak Israelgo populazioa baino lau bider azkarrago handitu dira 1995etik. Israelgo juduen %10 inguru bizi dira Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian.

Dena den, nazioarteak —AEBak eta Brasil salbu— ez ditu onartzen Israel agintariek Zisjordanian ezarritako kokaguneak, legez kontrakoak baitira. Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluaren arabera, Israelgo Gobernuak kokaguneen kontrola izan du 1967tik eremu okupatuetan, eta hala izaten jarrai dezan lan egiten du. Jokaera horrekin, anexiorako bide orri bat zabaltzen du, eta, kontseiluaren hitzetan, «bideragarria den Palestinako estatu bat sortzeko aukera eragozten».

Ikusi gehiago:Oztopo bat Israelgo kolonoei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.