Haurtzaroa

Barnahus ereduan oinarritutako lehen etxea urte amaieran irekiko dute, Gasteizen

Sexu indarkeria jasan duten adingabeei «arreta integrala» ematea eta haiek berriz «ez biktimizatzea» izango du xede.

Barnahus ereduan oinarritutako lehen etxea izango dena aurkeztu dute gaur, Gasteizen. IREKIA
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 13a
11:48
Entzun

Eusko Jaurlaritzak urte honen hondarrerako jarriko du martxan Gasteizen Barnahus ereduan oinarritutako proiektu pilotua. Sexu abusuak jasan dituzten edo pairatzen ari diren umeak behin baino gehiagotan «ez biktimizatzeko» helburua izango du sistemak, eta adingabeei «arreta integrala» emango zaie han. Arabako hiriburuan irekiko dute haurrak laguntzeko lehen etxea, eta, gaur, hara joatera deitu dituzte komunikabideak. Proiektua garatzen ari den lantaldeak lagunduta, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak etxeari buruzko xehetasunak eman ditu. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan dira agerraldian.

Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeek arta «osoa» jasoko dutela bermatu nahi dute Barnahus ereduan oinarritutako proiektuaren bidez, Artolazabalek azaldu duenez. Islandian martxan jarritako eredua oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzak erakundeen eta sailen arteko lantalde tekniko bat martxan jarri zuen iaz, Save The Children erakundearen babesarekin. Besteak beste, gizarte zerbitzuetako, eta osasun, hezkuntza, justizia eta segurtasun alorretako profesionalek parte hartzen dute lantalde horretan. Helburu argi batekin ari dira lanean: haurren sexu abusuen kasuetan esku hartzen duten sistema, zerbitzu eta eragileen arteko jarduerak koordinatuko dituen protokoloa ontzea. Izan ere, sarritan, sexu abusuak pairatzen dituzten haurrek eta nerabeek oso bide neketsu eta gogorra igaro behar izaten dute beren kasua kontatzeko, eta, hain justu, prozesu horiek samurtzea bilatzen du Barnahus ereduak. Hala, behin proiektu pilotua martxan jartzen dutenean, Gasteizen irekiko den etxean jasoko dute sexu abusuen biktima izan den haurraren testigantza, gerora aurretiazko froga osatuko duena.

Artolazabalek esplikatu du biktimentzat propio atondutako etxean egingo dela prozesu guztia: haien neurrira eta erritmoetara moldatuta egongo da tokia, adingabeek modua izan dezaten lekukotasuna emateko eta arta jasotzeko polizia etxeetatik eta ospitaleetatik igaro gabe. Finean, modu koordinatuan jardungo dute gizarte zerbitzuek, abokatuek, magistratuek, eta osasun profesionalek, biktimaren gaineko begirada komun batekin, eta hura berriz ere «ez biktimizatzeko».

Hori lortze aldera, gune bat atontzen ari dira Gasteizen, eta urte amaierarako prest izango dute. «Sexu indarkeriaren biktimek ingurune seguru eta adiskidetsua izango dute. Dekorazio egokia, eta profil eta adin desberdinetara egokitzeko modukoa», azaldu du Artolazabalek. Xedea baita adingabeak prozesu guztiaren «erdigunean» jartzea, zehaztu duenez.

Sailburuak eman du adingabeen sexu abusuen arazoaren hedaduraren berri. Datu lazgarriak eman ditu: azaldu duenez, «bost umetatik batek» jasaten du indarkeria sexuala; Araba, Bizkai eta Gipuzkoa batuta, 2.000 eta 4.000 ume eta nerabe artean izan daitezke. Datu horiek guztiak «izozmendiaren punta» baino ez direla ohartarazi du, gainera. Izan ere, kasuen %15 bakarrik salatzen dira, salatutako kasuetatik %70 ez dira iristen ahozko epaiketara, eta kasu gehienak artxibatu egiten dira froga faltagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.