Albistea entzun

Euskara

Karrikiri: 25 urte Iruñeko euskaldunen arteko sarea ehuntzen

1997an sortu zuten elkartea; hiriburuko Alde Zaharreko Xabier kalean du egoitza. 120 bazkide ditu egun. Amaren Alabak taldearen saioa antolatu dute gaurko, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Karrikiri elkarteko kideak.
Karrikiri elkarteko kideak. Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza -

2022ko maiatzak 14 06:24

Amaren Alabak taldeak Iruñean eginen duen lehendabiziko kontzertuarekin amaituko da, gaur, Karrikirik bere 25. urteurrena ospatzeko antolatutako egitaraua. Hiriburuko Kondestablearen jauregian izanen da emanaldia, 12:30ean hasita.

1997. urtean sortu zuten Karririki elkartea, Iruñeko euskaldunen topaleku bilakatzeko asmoz. Geroztik, hiriburuan euskaraz bizitzeko apustua egin duten herritarren arteko sarea ehunduz joan da Karririki, eta, egun, 120 bazkideren babesa duen proiektu indartsu bat da. “Hasiera hartan jarritako oinarri sendoak” izan dira, neurri handi batean, “aurrera egiteko giltzarri”, Jon Bujanda kidearen hitzetan. Beti “apaltasunez” aritu direla erantsi du Aitor Domeñok.

Hain zuzen, Domeño ia hasieratik da Karrikiriko kidea. “1998an bat egin nuen elkartearekin. Garai hartan, Iruñeko Alde Zaharreko Xabier karrikako bulego txiki eta ilun bat zen Karrikiriren egoitza”, oroitu du. Han abiarazi zituzten lehendabiziko proiektuak; tartean, Karrikiri denda. Egun, Xabier karrikan dago denda hori, hasierako bulego hura baino handiagoa den etxabe batean. Erreferente bilakatu da, neurri handi batean, hiriburuko euskaldunentzat.

“Denda bat zabaltzea izan zen erabakirik garrantzitsuena”, gogoratu du Itziar Luri bazkideak, Karrikirik egindako urrats horri buruz. Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta karrikan ireki zuten hasieran. “Proiektuak bideragarritasuna lortzeko erabaki genuen denda martxan jartzea; ikusgaitasuna ere eman digu”, azaldu du Lurik.

Ikusgaitasun hori, halere, Iruñeko Alde Zaharrean lortu du, nagusiki, Donibanetik erdigunera mugitu baitzuten denda, duela hemezortzi urte. Erabaki horrek badu bere garrantzia, Jon Bujandak nabarmendu duenez, Karrikiriren asmoa izan baita zoko batean ez gelditzea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldunek hiriko erdigunea hartzea.

Lan poltsa eta bertze

Karrikirik zerbitzu anitz eskaintzen ditu euskaraz bizi nahi duten iruindarrentzat. 1997an sortu zenetik, elkartea eskaintza hori garatuz joan da, eta, egun, kultur jarduera ugari antolatzeaz gain, euskaldunentzako lan poltsa bat, pisukide euskalduna bilatzeko zerbitzu bat eta itzulpengintzako bat ditu, bertzeak bertze.

Jon Bujandak bertze zerbitzu bat nabarmendu du, bereziki: haur eta gazteen artean literaturazaletasuna bultzatzeko aholku zerbitzua. “Online eskaintzen dugu, gure webgunearen bidez [Karrikiri.eus], adinaren arabera eta gaika antolatuta. Informazio ona eta baliagarria da guraso eta ikastetxeentzat”, aipatu du Bujandak.

Dendan saltzen dituzte gomendatzen dituzten liburu horiek, bertze produktu anitzen artean. Denak, hori bai, euskaraz. Itsaso Agirre da dendako arduraduna, iazko maiatzetik. “Pozik” da, eta garbi erran du Xabier karrikakoa “denda bat baino askoz ere gehiago” dela. “Erreferente bat gara euskaldun askorentzat. Bada fideltasun moduko bat, eta dendara etortzen dira; kanpoko jendea ere bai, hemengoa den produktu baten bila. Dendak badu nortasuna”, erran du Agirrek.

Zerbitzuak, webgunea, aldizkari digitala, kultur jarduerak. Anitz dira Karrikirik 25 urteotan garatu dituen adarrak, eta, horien guztien bidez, euskaldunak eta euskaltzaleak erakartzen jarraitu du elkarteak. “Bazkideon artean, bada adin guztietako jendea; gazteak ere badira”, zehaztu du Jon Bujandak.

Gazte izan edo ez, ospatzeko denbora dute oraingoa Karrikiriko kideek. Joan den larunbatean, Anariren kontzertua egin zuten Iruñeko Baluarten, eta “giro aparta” sortu zuten. Gaur, Kondestablearen jauregian, Amaren Alabak taldeak jarriko dio musika Karrikiriren 25 urteko bideari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LGTBI+fobiaren aurkako protesta. bat, Gasteizko Zabalgana auzoan. ©Jaizki Fontaneda / Foku

LGTBI kolektiboek «saretzera» dei egin dute

Jone Arruabarrena

Gorroto diskurtsoaren hedapenaz eta komunikabideek kolektiboaren aurkako erasoei ematen dieten trataeraz «kezkatuta» daudela esan dute

Tomas Rubinen senideak, atzo, Bilbon, gudariaren gorpuzkiak hartu berri. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Beste bost gudari identifikatu dituzte Begoñako hilerrian

Olatz Enzunza Mallona

Identifikazio xaflei esker atzeman dituzte bost gudariak. Gogora institutuak espero du 2023ko udaberrirako amaitzea identifikazio lana

Ikusgune behatokiak atzo kaleratu zuen txostenaren aurkezpena. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Lau urtean hirukoiztu egin dira Ikusgunen salatutako eraso LGTBIfobikoak

Jone Arruabarrena

Eraso transfoboen gorakadaz ohartarazi du behatokiak, eta Diputatuen Kongresuan trans legea tramitatzean sortu zen «gorroto giroari» egotzi diote igoera

Irene Montero, Espainiako Berdintasun ministroa, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON / EFE

Onartu eginen dute abortuaren legea, higiene gaien zerga jaitsi gabe

Ion Orzaiz

Hileko mingarriaren ondoriozko gaixoaldia eta erditze aurreko baimena jasoko dituzte testuan. Jaurlaritzak eta EH Bilduk ontzat jo dute araua

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...