Buru osasuna

Astero, ordubete, buruko osasunaz

Ikasleen buruko osasuneko arazoak prebenitzeko, "espazio lagunkoiak" sortu dituzte Tolosako Inmakulada lanbide ikastolan. Ikasleek "espazio seguru bat" izan dute euren emozioez eta kezkez hitz egiteko; suizidioa, depresioa eta antsietatea landu dituzte. Atzo izan zuten topaketa.

Inmakulada Ikastolako kideak.
Miren Garate.
2022ko maiatzaren 13a
12:14
Entzun

Astean behin, ordubetez, “espazio lagunkoi” bihurtzen dute Tolosako Inmakulada lanbide ikastolako jangela. Ikastolako zuzendariak, irakasleek eta ikasleek azaldu dutenez, osasun mentaleko gaiak lantzea, ikasleek beren emozio eta kezkei buruz aritzeko “espazio seguru bat” izatea eta osasun mentalaren arloko jarduerak gauzatzea dira gune horren helburuak, buruko osasuneko arazoen prebentzioa sustatze aldera. Urte osoan egindako lana plazaratzeko asmoz, Espazio Lagunkoien I. Topaketa egin zuten, atzo, ikastolan bertan. Tolosaldeko lanbide heziketako hirurehunen bat ikasle ziren biltzekoak.

Ana Monge zuzendariaren esanetan, orain hiru urte inguru hasi ziren buruko osasunaren gaiari heltzen Inmakuladan. Osasun arloan lan egingo duten profesionalak prestatzen dituzte ikastolan, eta buru gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiteko trebetasunak lantzeko beharra ikusi zuten, ospitale eta enpresek ere gero eta eskaera handiagoa baitute arlo horretan. Hala, Donostiako Easo Politeknikoarekin eta Osakidetzarekin elkarlanean, buruko osasuneko espezializazio bat diseinatzen hasi ziren, eta Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuan erregistratu zuten. “Garai hartan, jabetzen ginen hemendik ateratzen ziren ikasleak ez zeudela behar adina prestatuta arlo horretan, baina ikasleen egoeraz ere ez ginen hainbeste jabetzen”, esan du zuzendariak.

COVID-19aren pandemia etorri zen gero, eta ikasleen egoera emozionala okerrera zihoala ikusi zuten ikastolan. Itxaso Urbieta eta Enara Larrain dira buruko osasunaren arloko proiektuan murgilduta dauden irakasleetako bi. “Konfinamenduan, adituek aipatzen zuten buruko osasuneko larrialdiak gainezka eginda zeudela, eta guk ere ikusten genuen asaldurak ugaritzen ari zirela. Igandeetan ere egin behar izan genituen tutoretzak, ikasleak gaizki ikusten genituelako”, esan du Larrainek.

Esanguratsua da kontatu duen adibide bat: Inmakuladako Osasun Dokumentazioko ikasleek, hainbat eskola lagin moduan hartuz, ikerketa bat egin zuten; tartean, suizidioari buruzko galderak ere bazeuden. “Bederatzi ikaslek erantzun zuten COVIDa agertu zenez geroztik suizidatzeko ideiak eduki zituztela. Hori ikusita, ikasleek esan ziguten zerbait egin beharra zegoela”.

Psikologo bat jartzea ere erabaki zuen ikastolak sasoi hartan. “Ikasleen artean antsietate handia zegoen, eta Osakidetza oso urrun zegoen; orain ere bai, baina orduan are gehiago. Baliabide batzuk bagenituen, eta hori lehenetsi genuen”, zehaztu du Mongek. Astean behin etortzen zen hasieran; bitan gero. “Itxaron zerrenda genuen, eta saioak mugatu egin behar izan genituen, ikasle bakoitza gutxienez hilean behin pasatzeko”.

Oso azaleko harremanak

Beste erakunde batzuekin elkarlanean, Ez zaude bakarrik proiektua dute Inmakuladan, eta horren barruan egin dituzten jardueretako bat da espazio lagunkoien sorrera. “Helburua da jendea bakarrik ez sentitzea”, azaldu du Urbieta irakasleak. Izan ere, irakasleek ikusten dutenaren arabera, sare sozialekin-eta, harremanak oso azaleko bihurtzen ari dira. “Ikusten genuen ikasleek beren emozioez, kezkez eta bizipenez hitz egiteko espazio seguru bat behar zutela”, dio Larrainek.

Hainbat batzorde dituzte ikastolan —euskarakoa, ingurumenekoa…—, eta besteen aldean partaidetza handia izan du buruko osasunari buruzkoak —Berpiztu izena du—. Ez zuten espero hainbeste ikasle prest egotea, beren borondatez, astero ordubetez osasun mentalari buruz hitz egiteko. “Esaten da nerabeek ez dutela laguntzarik eskatzen, eta argi dago espazioak emanez gero hitz egiten dutela”, uste du Urbietak.

Yosune Lamata eta Irantzu Tolosa dira batzorde horretan parte hartzea erabaki duten ikasleetako bi, eta koordinatzaile lanetan ere ari dira. Urbieta irakasleak esandakoaren harira, Tolosak uste du nerabeek askotan jaramonik egiten ez dieten irudipena dutela eta horregatik isiltzen direla. “Gaizki zaudela esan arren, uste dut batzuetan badagoela gazteek esandakoari garrantzia kentzeko joera bat”. Bi ikasleek gogoan dute espazio lagunkoian bildu ziren lehen eguna. “Denok sartu ginen gelan urduri: tentsioa igartzen zen; gaur egun, ordea, lasaitasun osoz hitz egin dezakegu edozertaz”, nabarmendu du Lamatak. Lehen egun hura “berezia” izan zela erantsi du Tolosak ere: “Geure burua aurkeztu, eta azaldu genuen zergatik geunden han. Hasieratik konexio berezi bat sortu zen gure artean”.

Normalean gidoi txiki bat eramaten dute aurrez prestatuta, baina aske jokatu ohi dute. Hasieran, hamabost egunean behin elkartzea zen asmoa, baina, ikasleek eskatuta, astean behin biltzen hasi ziren. Askotariko gaiak landu dituzte astez aste, ikasleek azaldu dutenez: enpatia, suizidioa, antsietatea, depresioa.. “Tabu asko daude oraindik ere: psikologoarengana joatearen tabua, depresioaren tabua, suizidioaren tabua. Hanka hautsiz gero, edonork eskaintzen dizu laguntza, baina osasun mentalean ez da hala izaten”, adierazi du Lamatak.

Badituzte zenbait arau espazio lagunkoi horretan: konfidentzialtasuna, espazio segurua izatea, inor ez epaitzea… “Azkenean, ikusten da beldurra zegoela gauza batzuei buruz hitz egiteko, edo ez genekiela zeinekin hitz egin. Proiektua aurkeztu ondoren, behar zuen horretaz hitz egiteko aukera ikusi zuen jendeak”.

Ilusioa pizten die topaketak ere. “Etorriko diren guztiei gogoetarako aukera eman nahi diegu, eta aukera ona izan daiteke espazio lagunkoiak beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko ere”, esan du Tolosak. Hain zuzen, jada beste sei ikastetxetan dituzte halakoak abiatzeko proiektuak. “Guk hemen toki txiki bat izan dugu osasun mentalaz hitz egiteko, baina zergatik ez hitz egin edozein tokitan?”, galdetu du Lamatak.

Kezka baliabide eskasiaz

Inmakuladan, batik bat prebentzioarekin lotzen dute espazio lagunkoien sorrera. “Norbait edukitzea emozioak transmititzeko, hori da askok behar dutena”, esan du Larrain irakasleak. Eta Urbietak erantsi du gaia normal lantze hutsa ere lagungarria izaten dela.

Monge zuzendariak, berriz, nabarmendu du buruko osasunaren arloan egiten ari diren lanaren emaitzak ikusten dituztela, eta aste honetan bertan izandako adibide bat kontatu du: “Ikasle batek gelakide guztiei esan die ez duela ikasten jarraituko, osasun mentaleko arazo handi bat duelako eta aurrena hori konpondu behar duelako. Duela hiruzpalau urte, pentsaezina zen horrelako zerbait aitortzea”. Zer gertatzen zitzaion esan izan ez balu, itxuraz osasuntsu ikusita, jarraitzeko konbentzitzen saiatuko zirela azaldu du. Ez dute halakorik egin oraingoan. “Halako heldutasunez hitz eginda, uste dut ikastolari erabakia errespetatzea beste aukerarik ez zaiola geratzen”.

Alabaina, egoerari buruzko kezka ere badu zuzendariak. Argi du guneak eman behar zaizkiela ikasleei, eta emaitzak lortzen direla. “Baina errealistak izanda, guk ematen duguna ematen dugu”. Hain zuzen ere, baliabideak falta direla nabarmendu du. “Gazteei hitza ematen badiegu eta laguntza behar dutela esaten badigute, horrek jarraipen bat eskatzen du, nora bideratua izan behar dugu, eta guk ez dugu baliabiderik guztia kudeatzeko. Gizartearen benetako konpromisoa behar da”.

Irakasleek ere bat egin dute hark esandakoarekin. “Osasun mentala pribilegio bat da gaur egun: dirua behar duzu”, dio Larrainek. Laguntza eskatu eta jaso ezean, amorrua eta frustrazioa sentitu ohi dituzte ikasleek. Gaur egun osasun mentaleko zentro batean ohe bat lortzea oso zaila dela zehaztu du Larrainek. “Depresio batekin ere gaizki zaude, baina ez zaituzte psikologoarengana bideratzen. Ikasleek esaten dute: ‘Zer egin behar dut ikusteko laguntza behar dudala?'”.

Irakasleen esanetan, beharrezkoa da emozio txarrik eta onik ez dagoela jakitea, eta beharrezkoa da ikasleei txikitatik emozioak identifikatzeko eta kudeatzeko tresna batzuk ematea ere. “Zeren, bestela, askotan, oso berandu izaten da laguntza eskatzen dutenerako”, diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.