Albistea entzun

Memoria

Arantzazu Baztarrika: «85 urte geroago, baina tokatzen zitzaion lekura bueltatu da»

Etzi beteko dira 85 urte Jexux Izagirre hil zutenetik. Senideek jakin gabe, Derioko hilerrian egon dira haren hezurrak orain gutxi arte, beste familia baten panteoian. Ekarri dituzte jada Gabiriara. Izagirreren senidea da Arantzazu Baztarrika.

Arantzazu Baztarrika, Jexux Izagirreren senidea
Arantzazu Baztarrika, Jexux Izagirreren senidea Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza -

2022ko maiatzak 15 09:51

1910ean jaio zen Jexux Izagirre, Gabiriako Igeribar Errota baserrian. Amaiur batailoiko sarjentua izan zen, eta Muxika, Larrabetzuren eta Zornotzaren arteko Bizkargi mendian (Bizkaia) hil zuten 1937ko maiatzaren 15ean, beste bost gabiriarrekin batera. Igandean geratuko dira haren hezurrak senideen esku, eta omenaldi bat ere egingo diote Gabirian. «Hezurrak bueltatzea bada, sinbolikoki behintzat, zauriak ixteko modu bat», esan du Arantzazu Baztarrika haren senideak (Gabiria, 1990).

Bizkaiko Bizkargi mendian hil zuten Jexux Izagirre, zure aitonaren anaia. Zer entzun izan duzue etxean hari buruz?

Gauza askorik ez. Dakiguna da gure aitona Anjel eta haren anaia Juanito ere Amaiur batailoiko kideak izan zirela, Jexuxekin batera. Juanitok ikusi egin zuen anaia nola hil zuten. Horrez gain, arreba Mariak panteoi batean sartu ote zuen aipatzen zen familian, baina pixka bat fabula moduan-edo, ezer zehatzik ez. Arreba hori Venezuelara joan zen 1950eko hamarkada inguruan, eta ez zen gehiago itzuli.

Nola jakin zenuten Bizkaian, Derioko hilerrian, zeudela Jexux Izagirreren hezurrak?

Gu lasai geunden gai honekin, Iñigo Santxo etorri zitzaigun arte. Amaginarrebaren anaiari [Joxe Apaolaza, Amaiur batailoiko kidea] zer gertatu zitzaion ikertzen ari zen hura. Amaginarreba umea zela joan zen gerrara anaia, eta ez zen itzuli. Santxok jakin zuen Bizkargin hil zutela, eta harekin batera Gabiriako beste bost ere hil zituztela; tartean, Jexux. Hasi zen begiratzen, eta ikusi zuen hobi komun batean sartu zituztela; hobi hori hustu egin zuten, eta hezur guztiak galdu egin ziren. Jexux, ordea, atera egin zuten hobi hartatik 1946an. Derioko hilerrian sartu zutela zegoen erregistratuta, Aspiuntza familiaren panteoi batean, eta handik atera zutenik ez zen ageri dokumentuetan. Hori aurkitu zuela esanez etorri zitzaigun Santxo.

Zein izan ziren zuen hurrengo urratsak?

Gogora institutura jo genuen, eta eskaera bat egin genuen, esanez dokumentazio hori aurkitu genuela eta nahi genuela hezurkiak handik ateratzea eta ikustea Jexuxenak ziren. Ezetz esan ziguten, iruditzen zitzaielako nahiko identifikatuta zegoela. Derioko hilerrikoekin harremanetan jartzeko esan ziguten Gogora institutukoek, eta ehorztetxe baten bidez-edo ekartzeko hezurrak nahi bagenuen. Hobi komunetatik ateratako hezurrak izanda, gure ustez idatzi bat ez zen nahikoa hezurrak harenak direla frogatzeko.

Zer egin zenuten orduan?

Gabiriako Udalaren eta Santxo abokatuaren laguntzarekin, salaketa bat jarri genuen, bide penaletik. Esan genuen Jexux hil egin zutela, hilketa biolentoa izan zela, eta horren inguruko ikerketa nahi genuela. Atzera bota zuten eskaera, eta, orduan, Eusko Jaurlaritzara jo genuen zuzenean. Aspiuntza familiako gaur egungo kideekin jarri ginen harremanetan, haien baimenak eta abar lortu genituen, eta, azkenean, Gogora-koek esan zuten ados zeudela hezurrak ateratzearekin eta DNA probak egitearekin. Aranzadikoak joan ziren hezurrak hilobitik ateratzera.

Duela gutxi baieztatu dizuete hezurrak Izagirrerenak direla.

Emaitzen txostena duela bi aste jaso genuen, eta Gogora-tik martxo amaieran deitu ziguten baieztatzeko. Jada Gabiriako udaletxean daude hezurrak, eta igandean ekitalditxo bat egingo dugu; udalak senideen esku utziko ditu hezurrak.

Badakizue zer dela-eta sartu zuten Aspiuntza familiaren panteoian? Bazenuten familia horren berri?

Mariak, Jexuxen arrebak, emakume bizkor eta parrandazalearen fama zuen. Bere garaian EAJren mitinetara joaten omen zen lagun talde batekin, eta gure teoria da familia horren laguna egin zela, eta horregatik erabaki zuela anaiaren hezurrak panteoi horretan sartzea. Gure amak ere kontatzen du umetan entzun izan zuela Aspiuntza familiakoak bazkaltzera-edo etorritakoak zirela errotara. Eta Aspiuntza familiakoek ere noizbait norbait etorri izana-edo gogoan zuten, baina Jexux haien senideekin lurperatuta zegoenik ez.

Anai-arrebaren bat bizi al da oraindik?

Aspaldi hil zen Maria arreba, eta pena da orain haren bertsioa entzuteko aukerarik ez izatea. Gainerakoak ere hilda daude, eta ilobak ere, zahartzen hasita. Horregatik, eskaeretan ere jarri genuen DNA probak lehenbailehen egitea nahi genuela.

Hezurrak Gabiriara itzultzea zergatik zen garrantzitsua zuentzat?

Gerrara Gabiriako mutil asko joan ziren; batzuk itzuli ziren, besteak ez. Bizkargin ere sei hil zituzten, eta ikustea hezurrak bueltatu daitezkeela bada sinbolikoki behintzat zauriak ixteko modu bat. Berak etxera bueltatu nahi zuen, eta, handik 85 urtera bada ere, tokatzen zitzaion lekura bueltatuko da.

Igandean geratuko dira hezurkiak zuen esku. Zer egiteko asmoa duzue?

Uzten badigute, asmoa da jaio zen etxera ekartzea, behintzat jaio eta hazi zen lurretara. Harrituta gaude guztiarekin, eta pozik ere bai, baina lan luzea izan da: Gogora-ri eskaera egin genionetik lau urte pasatu dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Miren Larrion, artxiboko irudi batean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Miren Larrioni

Iosu Alberdi

Ikusteko dago zigorra exekutatuko ote den, espetxealdia lan komunitarioekin ordezkatzea adostu baitzuten aldeek apirilean
Juan Carlos lglesias Chouzas, Auzitegi Nazionalean, martxoan. ©Emilio Naranjo / EFE

Fiskaltzak ez du Juan Carlos Iglesias Chouzasen absoluzioaren aurka egingo

Iosu Alberdi

Atristainen kasuak ezarritako jurisprudentzian oinarrituta absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela akusazioari eusteko nahikoa froga.

Herritar bat bozkatzen, iragan apirilean, Frantziako presidentetzarako bozetan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Diputatu izateko lehian 32 hautagai izanen dira Ipar Euskal Herrian

Oihana Teyseyre Koskarat

Lasserre eta Bru berriz aurkeztuko dira. EH Bai hiru hautesbarrutietan izanen da

Mertxe Aizpurua, gaur goizean, Espainiako Kongresuan. ©J.J. Guillen / EFE

EH Bilduk Ikus-entzunezkoen Lege proiektuaren kutsu «ekonomizista» kritikatu du

Iosu Alberdi

Hamar zuzenketa aurkeztu ditu koalizioak, eta ostegunera bitarte lortu ditzaketen adostasunen arabera bozkatuko du osoko bilkuran.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...