Gerra Ukrainan

Errusiako soldadu bat epaitzen hasi dira Ukrainan, gerra krimenak egotzita

Kieveko fiskaltzak 62 urteko zibil bat hiltzea leporatu dio 21 urteko militar bati, eta bizi osorako kartzela zigorra ezartzeko eskatu du. Kremlinek Ukrainari egotzi dio bere militarrak «difamatzea».

Adineko emakum bat, atzean Errusiako tanke bat dagoela, Sumi eskualdeko Trostyianets herrian, Ukraina ekialdean. ROMAN PILIPEY / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 13a
13:09
Entzun

Errusiaren inbasioa hasi zenez geroztik 79 egun pasatu diren honetan, Ukrainako auzitegi bat Errusiako soldadu bat epaitzen hasi da gaur, gerra krimenak egotzita. Hain justu, Kieveko fiskaltzak 62 urteko zibil bat hiltzea leporatu dio militar bati. Ukrainako hedabideen arabera, Vadim Xiximarin da epaitzen ari diren soldadua, 21 urte ditu, eta Moskuko Kantemirovskaia dibisioko kidea da. «Gerrako legeak eta arauak» haustea egotzi diote, eta fiskaltzak eskatu du bizi osorako kartzela zigorra ezartzeko, otsailaren 28an Sumi eskualdeko Txupakhivka herrian jazotako ustezko hilketagatik.

Fiskaltzak ohar batean azaldu duenez, Errusiako soldaduak ibilgailu pribatu bat lapurtu zuen, beste lau militarrekin ihes egiteko, Ukrainako armadak haiei eraso egin ostean. Ohar horren arabera, Errusiako militarrak Txupakhivka herrira heldu ziren, eta 62 urteko zibil bat ikusi zuten kale bazterrean, bizikletarekin eta telefonoz hitz egiten. «Armarik gabe zegoen», oharrean zehaztu duenez. Fiskaltzaren kontakizunaren arabera, zibila hiltzeko «agindu» zioten soldadu gazteari, eta errifle batekin «hainbat tiro» egin zituen autotik herritar horren aurka; «berehala» hil zen. Fiskaltzak ez du azaldu erakundeak nola hartu zuen atxilo soldadua, eta ez du xehetasun gehiagorik eman gerra krimenak leporatu dizkioten frogei buruz.

Kasuak garrantzi handia du Ukrainarentzat, batez ere sinbolikoa; lehen epaiketa baita Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiren gobernuak Errusiari inbasioan zibilen aurka «sarraskiak» egitea leporatu ondoren. Kievek ziurtatu duenez, 10.000 «gerra krimen baino gehiago identifikatu ditu. Kremlinek, ordea, behin baino gehiagotan ukatu du zibilei eraso egin izana edota gerra krimenetan parte hartu izana. Kievi bere militarrak «difamatzea» leporatu dio.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Michelle Macheletek atzo salatu zuen Errusiaren inbasioan gerta zitezkeen «gerra krimenen adibide asko» zeudela, eta orain arte mila zibil baino gehiagoren gorpuak topatu dituztela Kiev eskualdean, Errusiako tropak martxo amaieran erretiratu ondotik. Nazioarteko Zigor Auzitegiak, bestalde, apirilaren 25ean esan zuen Ukrainako, Poloniako eta Lituaniako fiskalek osatutako talde batean parte hartuko zuela, Errusiako armadaren aurkako gerra krimenen akusazioak ikertzeko.

Suedia, NATOtik gertuago

Suediako Parlamentuak ondorioztatu du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin bat egiteak Europa iparraldeko gatazka arriskua «murriztuko» lukeela. Ann Linde lehen ministroak Suedia aliantza militarrean sartzea bultza dezakeen herrialdeko segurtasunari buruzko txostena aurkeztu du gaur, eta, adierazi duenez, Suedia NATOn sartzeak gatazka militarren aurkako «hesi bat» altxatuko luke, baita Europa iparraldeko gatazkei «aurrea hartzeko» eragin ere. Dokumentu horren arabera, Eskandinaviako herrialdea «ahulagoa» izango da aliantzatik kanpo geratzen bada, eta ez luke segurtasun bermerik izango. Txostenak, halaber, hipotesi gisa aipatzen du Errusiaren eraso bat Gotland uhartearen aurka, Itsaso Baltikoan.

Linderen hitzaldiaren ostean, Suediako Defentsa ministro Peter Hultqvistek oroitu du herrialdeak aliantzan sartzea galdegiten badu Errusiaren «erreakzio baten arriskua» egon daitekeela. Hain zuzen, Finlandiako presidentea eta lehen ministroa atzo NATOn sartzearen alde agertu zirenean, Moskuk ohartarazi zuen «mehatxu bat» izango zela bere segurtasunerako. Nolanahi ere, Hultqvistek uste du Suedia erakundera batzen bada Eskandinaviako herrialdeek defentsa arloan lankidetza garatu ahal izango dutela. Ondorio horiek kontuan hartuta, espero da datorren astean gauzatuko dutela atxikitzeko eskaera. Aurretik, ordea, gobernuaren agintean dagoen SAP Suediako Alderdi Sozialdemokratak NATOko kide izatearen aldekoa den erabakiko du etzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.