Zinema

Oh-Seung Kwon zuzendariaren ‘Midnight’ filmak irabazi du Fant jaialdiko sari nagusia

Caper Kjeldsen daniarrak jaso du Film Laburrik Onenaren Saria, ‘In the Soil’ lanagatik, eta Borja Cresporen ‘Hikikomori’ hautatu dute euskal film laburrik onena. Gaur amaituko da jaialdia, eta bihar proiekzio berezi bat egingo dute sarituekin, Bilboko BBK aretoan.

Oh-Seung Kwon 'Midnight' filmeko fotograma bat. FANT
Inigo Astiz
2022ko maiatzaren 13a
13:24
Entzun

Funtsean, pertsekuzio istorio bat da Midnight. Kyung Mi gorra da, eta zeinu hizkuntza aholkulari. Gau batez, Do Sik serieko hiltzailearekin egingo du topo Seulgo kaleetan, istripuz, eta hor hasiko da lehia. Bere lehen lan luzea du Oh-Seung Kwon zinemagile korearrak, eta Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko Film Onenaren Saria jaso du hari esker. «Ikuslea harrapatzen duen giro kezkagarriagatik, protagonistaren gorreriarekin jolasean egiten duen soinu planoaren erabilera bikainagatik, norabide eta interpretazio bikainagatik, eta bizi dugun bakardade izugarria transmititzegatik». 3.500 euro jasoko ditu, oroigarriarekin batera.

Gaur egingo dute jaialdiaren itxiera ekitaldia, eta biharko proiekzio berezi bat antolatu dute saritutako lan guztiekin, Bilboko BBK aretoan. Bi emanalditan bilduko dituzte lan guztiak. 18:00etan hasiko da Ikuspegi Fantastikoa izeneko atalari dagokiona, eta 20:00etan Sail Ofizialean saritutakoena.

Ana Murugarren zuzendariak, Jimina Sabadu gidoilariak eta Borja Santaolalla zinemagileak osatu dute Sail Ofizialeko epaimahaia. Eta, beraz, haiek erabaki dute, sari ofizialaz gainera, aipamen berezia egitea Phiil Gelatt eta Morgan Galen King zinemagileen The Spine of Night filmari. «Bere erretoskopiaren erabilera dotoreagatik, eta ezpata eta sorginkeria generoa ulertzeagatik, aldi berean, greenpunk kutsuko fantasia ere garatuz».

Caper Kjeldsen daniarraren In the Soil lanari eman diote Sail Ofizialeko Film Laburrik Onenaren Saria. «Elementu guztien elkarketa perfektuagatik, zeinak lehenesten baitu giro artegagarria eta eszenaratze delikatu eta intimoa». 3.000 euroko saria izango du.

Borja Crespok jaso du Euskal Film Laburrik Onenaren Saria, Hikikomori filmagatik. Koronabirusari erantzuteko ezarritako itxialdian girotuta dago kontakizuna, kasu honetan. Hain zuzen ere, konfinamenduari buruzko film labur bana sortzeko enkargua egin zien duela bi urte Eusko Jaurlaritzak, ETBk, Donostiako Zinemaldiak eta Zinebik. Itxitik deitu zioten deialdiari, eta laguntza horiekin sortutako lana da Cresporena. 2.000 euroko saria jasoko du orain Fant jaialdian.

Conor McMahon zuzendariaren Let the Wrong One In film luzeak jaso du Euskal Gidoigileen Elkarteak emandako Sail Ofizialeko Film Luzeen Gidoirik Onenaren Saria. «Banpirismoa metafora gisa erabiltzen duen modu fresko eta originalagatik».

Eta Junta Yamaguchi zuzenariaren Beyond the Infinite Two Minutes filmari eman dio FAS Zineklubak Sail Ofizialeko Zuzendari Berritzaileenari Saria. Denboran bidaiatzeari buruzko komedia bat da lana, eta hori lortzeko darabilen teknika narratiboa nabarmendu dute saria eman diotenek.

Publikoak bi sari banatu ditu. Patrick Ridremont zuzendariaren The Advent Calendar lanarentzat izan da ikusleek gehien bozkatu duten film luzea, eta Gabriel Campoy eta Guillem Lafozen Night Breakers lanarentzat izan da laburrik onenaren publikoaren saria. 3.000 euro jasoko ditu azken horrek.

Sail Ofizialetik kanpo ere hainbat sari ditu jaialdiak. Esaterako, Ikuspegi Fantastikoa sailean, Javier Camino Miguelez galiziarraren Jacinto filmari eman diote Film Luze Onenaren Saria, eta Miguel Alcalderen Un minuto film laburrak jaso du sail horretako Film Laburrik Onenaren Saria. Caminok 2.250 euroko saria jasoko du, eta Alcaldek, berriz, 1.500 eurokoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.