BIG estudioak irabazi du Donostiako GOE eraikina diseinatzeko lehiaketa

Olatuen bidea izeneko proposamena ondu du Danimarkako BIG Bjarke Ingels Group etxeak BCC Basque Culinary Centerren bigarren eraikina egiteko, eta «gastronomiaren, talentuaren, zientziaren, berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta hiriaren arteko lotura» irudikatu nahi du.

ane insausti barandiaran
2022ko maiatzaren 13a
13:47
Entzun

Olatuak bezala, sustraietatik abiatu, baina «gastronomiaren aurkikuntza globalerako leiho bat». Hori izan nahi du GOE Gastronomy Open Ecosystemen eraikinak, Basque Culinary Centerrek bultzatuta Donostian eraikiko duten etxea, Joao Albuquerque Danimarkako BIG arkitektura etxeko Bartzelonako kidearen arabera. Ikerketarako, berrikuntzarako, esperimentaziorako, ekintzailetzarako eta graduondoko prestakuntzarako jarduerak egiteko leku bat izango da GOE, eta «herritarrentzako topaleku» bihurtu nahi dute.

Nazioarteko bost arkitektura estudiok parte hartu dute GOEren eraikinaren proiektua diseinatzeko hautaketan, eta, horien artean, Danimarkako BIG arkitektura estudioa izan da irabazlea. Gaur goizean aurkeztu dute proiektu irabazlea BCCn, eta bertan izan dira Joxe Mari Aizega BCCko zuzendaria, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko burua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea.

Proiektua Gros auzoan kokatuko dute, Okendo kultur etxearen alboan, eta 9.000 metro koadro izango ditu. Guztira, 26 milioi euroko aurrekontua izango du, eta, finantzaketa publikoaz gain, autofinantzaketa bidez bilduko dute dirua. Egindako aurreikuspenen arabera, 2023ko martxoan hasiko dituzte eraikitze lanak, eta 2024aren amaieran bukatuko dituzte.

Diseinua egiteko garaian, Eduardo Txillidaren eskultura nabarmenak, Donejakue bidea eta flysheko egitura arrokatsuak hartu dituzte erreferentzia gisa Danimarkako arkitektoek. Eraikin gardena izango da, kristalez betea, eta teilatuan parkeak izango ditu, herritarrak gastronomiara eta naturara gerturatu daitezen.

Joxe Mari Aizegak BCCko zuzendariak adierazi du BCCren etorkizuneko estrategiaren parte dela GOE eraikina: «Proiektu horrek, lankidetza publiko-pribatuari esker, indartu egingo du Donostiaren posizionamendua, gastronomiaren etorkizunerako sorkuntzaren eta berrikuntzaren lurralde gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.