Indarkeria matxista
Nafarroaren Eguneko sexu erasoa salatzeko protesta egin dute Baigorrin
200 lagun bildu dira «erasorik ez erantzunik gabe» lelopean. Ekainaren 10ean hitzaldi bat antolatu du Basaizea elkarteak besta giroan gertatzen diren indarkeriez mintzatzeko.

Nafarroaren Eguna iragan apirilaren 30an egin zuten, Baigorrin. Emazte batek sexu eraso bat pairatu zuen egun hartan, eta Basaizea elkartearengana jo zuen handik zenbait egunetara. Bestatik urrundua zelarik egin zioten eraso. Eta Basaizea elkarteak berehalako erantzuna eman dio: goizean, 200 lagun bildu dira Baigorrin «erasorik ez erantzunik gabe» lelopean. Biktimari sostengu osoa helarazi diote, Nafarroaren egunean egindako ibilbide bera eginez: «Nafarroaren egunean musikari eta ziganteen gibeletik genbiltzanok haserrez egin dugu bide bera».
Amaia Kastorene Basaizea elkarteko kidea honela mintzatu da: «Badakigu edonon gertatzen direla erasoak. Ez dugu erasorik onartuko, are gutxiago konfiantzan sentitzen garen leku batean. Maleruski, badakigu ez garela utopia batean bizi, uste dugu leku horietan babestuak garela, baina erasotzaileak nonahi dira, gure artean ere bai».
Bide beretik mintzatu dira Gilen Zaldunbide eta Maider Luro Basaizeako kideak. «Gizarte patriarkal honek bestearen gaineko botere osoaren ilusioa ematen die batzuei, bizi esparru guzietan. Hain da sistema zapaltzailea gizartean sartua, non baliabideak eskas diren, eta trabak ugariak», gaitzetsi dute.
.@Basaizea-ko kideek hitza hartu dute. "Erasotzaileei ere mezu bat: erasorik ez da izanen ondoriorik gabe. Ez zaituztegu gure bizien zangopilatzen utziko". @berria pic.twitter.com/iuP7xEvdbn
— Oihana Teyseyre Koskarat (@oi_tsr) May 14, 2022
Hain zuzen, gai horien inguruan solasteko hitzaldi bat antolatu du Basaizea elkarteak, Baigorriko osasun etxearekin elkarlanean. Ekainaren 10ean eginen dute, Baigorrin, besta giroan gertatzen diren bortizkeriez gogoetatzeko.

Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.