Pilota

Laso buruz buruko finalera

22-17 hartu du mendean Jokin Altuna, 15-10 eta 17-13 atzetik egon ostean. Egungo txapeldunak bizpahiru opari egin, eta partida iraultzeko aprobetxatu du Bizkarreta-Gerendiaingoak. Azken bederatzi tantoak segidan egin ditu.

ainara arratibel gascon
2022ko maiatzaren 14a
20:53
Entzun

Iazko lau eta erdiko Sanfermin Txapelketako finala galdu eta gero Unai Lasok ondorengoa esan zion Jokin Altunari: «Egunen batean lortuko dut zu irabaztea» . Binakako Txapelketan lortu zuen Imazekin batera, baina ez zegoen ezer jokoan. Gaur, ordea, irabazi eta buruz buruko finalean da: 22-17. Inork gutxik espero ez zuenean lortu du, gainera, behetik gora eginda. Izan ere, 15-10 eta 17-13 egon da atzetik. Une askotan, urduritasunaren poderioz, presaka jokatu du, eta partidatik kanpo egon da. Altuna III.ak, ordea, normalean egiten ez duena egin du: kontrarioa mendean zuenean bizirik utzi, hiruzpalau opori eginda. Ederki ordaindu du. Buruz burukoak beste txapeldun bat izango du aurten.

Amaieran pozik kabitu ezinda zegoen Laso «Azkenean lortu dut Jokini irabaztea. Psikologiak zerikusi handia du. Galtzen joan arren, indartsu sentitu naiz, eta irabazi egin nezakeela sinetsi dut», esan du ETBri egindako adierazpenetan. Erik Jaka edo Joseba Ezkurdia izango da beste finalista. Bihar jokatuko dute elkarren aurka. «Egia esan, berdin zait bietako nor. Biak aurkari gogorrak izango dira». Porrotari ez dio aitzakiarik jarri Altuna III.ak. «Unai zoriontzea besterik ez dago. Zailtasun asko izan ditut, pilotaren bila joan naizenean askotan iritsi naiz berandu. Erritmo falta antzeman dut, eta lehen tantoetan bete egin naiz. Baina ez da aitzakia. Normalean egiten ez ditudan opariak egin ditut». Atseden gogoz dago. «Familiarekin eta lagunekin egon, eta balioa eman nahi diot lortu dudanari».

Laso 1-5 jarri da aurretik. Bost tanto horietatik bi egin ditu sakez. Bizi eta ausart ekin dio norgehiagokari. Altuna III.ari zalantzekin ikusi zaio, batez ere ezkerrarekin. Oso gutxitan jo du pilota esku horrekin. Ez zitzaion bete betean ikusi. Baina Amezketakoak lortu ditu hurrengo sei tantoak segidan, eta 7-5 aurreratu da. Sakearekin asmatu egin du egungo txapeldunak, eta tantoa egiten ez bazuen bere aldera eramaten zuen tantoa, pilotari ohikoa duen zehaztasunarekin eta abiadurarekin joz. Lasok, haatik, ez zuen asmatzen Altuna III.ari nola min egin. Lehen tantoetako ausardia eta argitasuna galtzen joan da Bizkarreta Gerendiaingoa. Presaka egin nahi zituen tantoak, baina kontrakoa komeni zitzaion: lantzea. Baina Altuna III.ak txapa behera jotako bi pilotakadari esker, tanto batera gerturatu da Laso: 8-7.

Min egiteko Bizkarreta Gerendiaingoak ezkerrera jokatu behar zion Altuna III.ari, eta frontisetik urrun eduki, tantoa luzatuz. Hala egiten zuenean, lortzen zuen tantoa menderatzea. Baina nahi baino gutxiago egin du partidaren lehen zati horretan. Jokoa aurrean nahasten zenean, ordea, Altuna III.a nagusi zen, angelu onak zabaltzea lortu baitu. Lan erdietara 12-10 iritsi da aurretik Aspekoa. Polita izan da haren hamabigarren tantoa. Dejadaz egin du.

Atsedenalditik bueltan hiru tanto egin ditu erreskadan Altuna III.ak, eta ordu arteko alde handiena lortu du beretzat: 15-10. Presaka eta urduri ari zen Laso. Baina bi tanto segidan lortu ditu. Eta hirugarrena gertu izan du. Baina aukerako pilota bat txapara bidali du. Halakoak ez ditu barkatzen Baikoko pilotariak, baina tentsioaren ondorio zen. Altuna III.a pratiko ari zen, komeni zitzaion moduan jokatzen, ezkerra ez behartuz eta ahal zuen bezain azkar tantoa erabakiz. 16-13koa Lasori pilota burutik gora pasatuz lortu du.

Baina 17-13koarekin pilota argi bat hutsi egin du Amezketakoak. Azken aukeretako bat zuen partidari buelta emateko Lasok. Jon botilleroak Mariezkurrenak argi esaten zion jotzeko pilotari. 17-15ekoa hala erdietsi du Eta hurrengo tantoa ere Altuna III.ak galdu du: 17-16. Abagune argia izanda, gainera. Txapa behera ihes egin dio pilotak. Neurketa airean zegoen. Are gehiago hurrengo tantoa Lasok egin ostean. Ederra izan da, ia lurrean bipareta ikusgarria egin baitu. Azken txanpan erabakigarria izan da Lasok hobeto sakatu duela.

Bost tanto segidan eginda, 15-10ekoarekin edo 17-13koarekin ia ezinezkoa zirudiena lortu du Baikokoak, bigarren atsedenaldi luzera aurretik ailegatzea: 17-18. Olatua aprobetxatu du Lasok. 17-19koa ederra izan da, zabalera eta pilota txaparen arrasotan utziz. Behetik gora zetorren Laso. Hain justu Altuna III.aren aurkako partidan gertatu izan zaion kontrakoa. Eten egin du partida hor Altuna III.ak Baina alferrik. Hogehigarrena sakez egin du Lasok. Eskura zuen partida, zazpi tanto segidan egin eta gero. Ezker gantxoz izan da 21., ausart jokatuz. Eta segidan lortu du azken tantoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.