AEB-ak
Hamar pertsona hil dituzte AEBetan, eraso arrazista batean
Erasotzailea New Yorkeko Buffalo hiriko auzo beltza batera joan da, eta supermerkatu batean sartu da tiroka. Supremazista zuri bat dela esan dute agintariek.

Eraso arrazisten moldea du gauean AEBetako New York estatuko Buffalo hirian gertaturikoak: 18 urteko gazte bat, jantzi militarrak soinean, armaturik sartu da jendez beteriko supermerkatu batean, eta tiroka hasi da. Erasoa zuzenean transmititu du, soinean zeraman kamera bati esker. Hamar pertsona hil ditu denera, gehienak beltzak.
Agintariak eraso arrazista gisa ari dira ikertzen gertaturikoa. Izan ere, erasotzaileak hainbat orduz gidatu zuen, hiri horretako auzo beltz batera joateko. Horrez gain, supremazista zuria zela azaldu dute.
Poliziak zabaldu duenez, «gorroto krimen» eta «arrazakeriak eragindako indarkeria ekintza» gisa ari dira ikertzen erasoa. Tiro egiten zuen bitartean, erasotzaileak irain arrazistak oihukatu zituela esan dute lekukoek.
Beste bi pertsona zauriturik daude, baina haien biziak ez daude arriskuan.
Lekukoen arabera, 70 tiro baino gehiago egin zituen erasotzaileak. Denda beteta zegoen.
Sarraskia egin ondoren Poliziak inguratu zutenean, armak lurrean utzi zituen.
Joe Biden presidenteak agiri bat plazaratu du, eta ez du zalantzarik izan erasoa «arrazakeriak eragindako gorroto krimen» gisa kalifikatzeko. «Ahal dugun guztia egin behar dugu gorrotoak bultzaturiko etxeko terrorismoa gelditzeko».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.