Euskal Herriko Itzulia

Volleringek irabazi du Itzulia, hiru etapetan nagusituta

Pauliena Rooijakkers herbeheretarra izan da bigarren postuan sailkapen orokorrean, eta Kristen Faulkner estatubatuarra, hirugarren.

Vollering, helmugara heltzen. GORKA RUBIO / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 15a
17:28
Entzun 00:00:0000:00:00

«Espero dut indartsuena ni izatea», esan zion BERRIAri Demi Vollering SD Worxeko txirrindulariak ostiralean. Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapa irabazi berritan. Eta hala izan da. Erabat nagusitu da txirrindulari herbeheretarra, etapa guztiak irabazita.

Lehenengo bi etapetan, talde lanen estrategia erabili du Volleringek, txirrindulari gutxiko ihesaldietan. Gaurkoan, ordea, bere kabuz eta bakarrik heldu da Donostiako Bulebarrera. Helmugarako zortzi kilometro behar zirela ihes egin du, Murgil tontorrerako aldapa igotzen. Zortzi laguneko talde bat gidatzen ari zen orduan, baina, aldapa handiaz baliatuta, denak atzean utzi ditu, eta ordutik inork ezin izan dio jarraitu.

Irabazlearengandik 15 segundora sartu dira jarraitzaileak, hamar txirrindulariko taldean. Lasterketaren podium orokorrera, Volleringekin batera, Pauliena Rooijakkers (Canyon) herbeheretarra igo da bigarren postuan (47 segundora), eta Kristen Faulkner estatubatuarra (BikeExchange) hirugarren postuan (60 segundora).

Mugimendu handia egon da lasterketan, Volleringek ihesaldia egin arte. Morgane Coston bretoiak ihesean aritu da hamar kilometroz, Murgileko igoeraraino, Shirin van Anrooij (Trek) eta Jeanne Korevaar (Liv) herbeheretarrekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.