Osasungintza

Osakidetzaren jarrera «immobilista» salatu dute sindikatuek

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, greba egin dute Osakidetzako langileek Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentaleko Sare osoan. Sindikatuen arabera, Osakidetzak ez du aldarrikapenei erantzuteko borondaterik, eta negoziatzeari uko egiten dio.

Osakidetzako langileen greba, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 16a
15:47
Entzun

Greba eguna dute gaur Osakidetzako langileek, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentaleko Sare osoan. Besteak beste, Osakidetzaren jarrera «immobilista» salatu dute, eta lan baldintza «duinak» eskatu: «Nazkatuta gaude. Lana segurtasunez eta kalitatez egin nahi dugu; estresik eta gainkarga konstanterik gabe». SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute lanuztera, eta manifestazioak egin dituzte Gasteizko Santiago Ospitalean, Bilboko Basurtuko Ospitalean eta Donostiako Ospitalean, 11:00etan.

Osakidetzaren «erabateko immobilismoa» salatzeko aurten egin duten laugarren greba eguna da. Sindikatuen arabera, Osakidetzak jarrera «prepotentea» mantentzen du; ez duelako aldarrikapenei erantzuteko borondaterik, eta negoziatzeari uko egiten diolako: «Mahai sektorialak ez dira mahai negoziatzaileak, mahai informatiboak dira». Horregatik, Osakidetzari eta Osasun Sailari eskatu diete inposizioaren eta propagandaren bidea uzteko, eta elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko, egiturazko eta sakoneko konponbideak abian jartzeko. Manifestazioan, langileek Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatu dute.

Osasun sistema publikoan egunero jasaten duten egoerarekin «haserre eta gogaituta» daudela adierazteko atera dira kalera langileak. Horrekin batera, jasaten duten «prekaritatea» salatu dute, eta «berehalako» konponbideak eskatu. Besteak beste, osasun langile gehiago kontratatzeko, erretiro aurreraturako plan zehatz bat ontzeko, lan kargak murrizteko eta behin-behinekotasun tasa «altua» amaitzeko exijitu dute. Izan ere, tasa hori %58an dago gaur egun, eta sindikatuek %8ra jaisteko eskatzen dute. Gainera, eskatu dute barne produktu gordinaren %7a gutxienez osasungintzara bideratzea, Europako Batasunean egiten den moduan.

Horrez gain, Osakidetzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute sindikatuek, eta nabarmendu dute zerbitzu «asko» gutxieneko zerbitzuekin bakarrik funtzionatzen ari direla, eta, ondorioz, «milaka langile» grebarako eskubiderik gabe utzi dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.