Gerra Ukrainan

Mariupolen gotorturiko Ukrainako soldaduak atera dituzte

260 militarrek baino gehiagok utzi dute Azovstal altzairutegia, Kievek eta Moskuk eginiko hitzarmenaren ostean; haietako 53 larri zaurituta daude. 82 egunez eutsi diote.

Azovstalen gotorturikoetako batzuk, eskuin muturreko Azov batailoiak maiatzaren 10ean zabalduriko irudian. REGIMENT AZOV PRESS SERVICE HANDOUT / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 17a
09:36
Entzun

Azovstaleko setioa amaitu da edo amaitzear dago, gaur Mariupol hiriko altzairutegian gotortuta egon diren 264 soldadu atera ostean. Goizaldean autobusetan sartu dituzte, eta errusiarrek menpean harturiko hiritik atera dituzte. Larri zauriturik dauden 53 Novoazovsk hiriko erietxe batera eraman dituzte. Beste 200 bat Olenivkara eraman dituztela esan du Hanna Maliar Ukrainako Defentsa ministro ordeak. Bi hiriak Errusiarren aldekoek kontrolpean dituzten eremuetan daude, Donbass eskualdean. Ez dago argi zenbat ukrainar geratzen diren lantegian, edo erabat hustu duten. Baina Ukrainako armadak bukatutzat eman du Azovstaleko erresistentzia.

82 egunez egon dira gotortuta altzairutegiaren azpiko bunkerretan. Kievek eta Moskuk adostu dute militarrak ateratzea.

Apirilaren 21ean Azovstalen gotorturikoen aurkako erasoaldia bertan behera uzteko agindu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Errusiako soldadu eta ofizialen bizitzak babestu behar zirela argudiatu zuen, lantegiaren azpian dauden kilometro askoko galeriaz galeria sartzea garestiegia izango zelakoan. Horren ordez, ingurua erabat zigilatzea erabaki zuen Putinek, eta militarrei agindu zien Azovstaletik «euli bat bera ere ez» zedila atera.

Lantegian gotorturiko militar ukrainarrek eurekin zituzten zibilak taldeka ateratzen joan dira azken asteotan.

Azkenean, Moskuren baldintzak onartu dituzte ukrainarrek. Kremlinek euren kontrolpeko guneetara atera nahi zituen.

Orain, galdera bat dago airean: geratzen al da militar ukrainarrik lantegian? Eta, hala bada, zenbat?

Izan ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan berri duenez, «gure mutilen biziak salbatzea espero dugu. Ukrainak bizirik behar ditu bere heroiak». Ukrainako armadaren barruko eskuin muturreko Azov batailoiak hainbatetan adierazi du azken asteotan ez zuela amorerik emango, eta bururaino eramango zuela erresistentzia. Baina gaur adierazi dute aginduak bete dituztela euren tropen biziak salbatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.