Ikus-entzunezkoen legea

Eragileek eskatu dute hizkuntza gutxituei kuota jakin batzuk ezartzeko

Euskararen gutxieneko presentzia arautzeko, Ikus-entzunezkoen Legeak jaso beharreko «ardatz nagusiak» proposatu dituzte euskararen eta ikus-entzunezkoen arloko hainbat eragilek. Gainera, euskal alderdiei eskatu diete gutxieneko duina onartzeko «ahalegin guztiak» egin ditzatela.

Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramailea eta Paul Bilbao Euskalgntzaren Kontseiluko idazkari nagusia. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 17a
13:53
Entzun

«Ikus-entzunezkoen Legeak eragin handia izango du gure bizitzan. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela legeak arauak izatea», adierazi du Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, agerraldia egin dute gaur euskararen eta ikus-entzunezkoen arloan lan egiten duten hainbat elkarte eta gizarte eragilek, Ikus-entzunezkoen Legeak jaso beharreko «ardatz nagusiak» proposatzeko. Besteak beste, nabarmendu dute hizkuntza gutxitu bakoitzak kuota jakin bat izan beharko duela.

Agerraldian izan dira Alex Aginagalde Patailak Euskarazeko bozeramailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Iban Arantzabal Tokikomeko presidentea, eta Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendari eta koordinatzailea.

Ostegunean ekingo diote Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren eztabaida formalari, Espainiako Diputatuen kongresuan, eta, beraz, orduan eztabaidatuko dira lege proposamen horrek izan dituen ekarpen eta zuzenketa guztiak. Aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela legea osoko bilkuran. Bilbaoren arabera, alderdiek aintzat hartu dituzte egin zaizkien ekarpenak: «Alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta, batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik».

Legeak hizkuntza gutxituen presentzia «duina» bermatzeko beharrezkotzat jo dute elementu batzuk jasotzea, besteak beste, finantzaketa eta emisio kuotak zehaztea, eta streaming plataformetan zein estatuko telebista publikoan arau batzuk zehaztea. Finantzaketari dagokienez, hizkuntza gutxitu bakoitzari %8 esleitzea proposatu dute, eta, emisio kuotari dagokionez, %40.

Streaming plataformetan, berriz, geolokalizazio bitartez tokian tokiko edukiak nabarmentzeko eskatu dute, baita ordura arte diru publikoarekin bikoiztu edo azpidatzi diren eduki guztiak txertatzeko betebeharra ezartzeko ere. Gainera, telebista publikoetan gutxieneko kuotak ezartzeko eskatu dute, besteak beste, Clan TVko eduki guztiak bikoiztea eta euskaraz eskaintzea, eta lurralde albistegiak bertako hizkuntza ofizialetan egitea.

Ikusi gehiago:Ikus-entzunezkoen Legeari 45 zuzenketa txertatzea adostu dute EAJk eta Espainiako Gobernuak

Horrez gain, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatu diete gutxieneko duina onartzeko urratsak egin ditzatela; egindako eskaerak legean kontuan har daitezen «ahalegin guztiak» egin ditzatela, eta legearen tramitazioan «arduraz» joka dezatela.

Aginagalderen arabera, ikus-entzunezkoak «funtsezkoak izan dira eta dira» euskararen berreskurapen prozesuan, eta, horregatik, euskararen presentzia «duina» bermatzeko legean gutxieneko neurriak jasotzea garrantzitsua dela adierazi du. Izan ere, ohartarazi du azken hogei urteotan euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentziaren egoera «erabat irauli» dela: «Pantailei begira igarotzen dugu gure aisialdiaren zati oso handi bat, eta, egun dagoen itsaso zabalean, euskararen presentzia erabat diluitu da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.