Ikus-entzunezkoen Legeari 45 zuzenketa txertatzea adostu dute EAJk eta Espainiako Gobernuak

Agirretxeak jakinarazi du estatuak EITBn «eskua sartzea» eragotzi dutela.

Aitor Esteban, atxiboko irudi batean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 16a
13:49
Entzun

EAJk eta Espainiako Gobernuak akordio bat erdietsi dute Ikus-entzunezkoen Lege proiektuari zenbait zuzenketa txertatzeko. Jeltzaleek jakinarazi dute alderdiaren hiru helburu nagusiekin bat egiten duela adostutakoak: «autogobernua babestea», «EITBren autonomia mantentzea» eta «ikus-entzunezko marko berrian euskararen presentzia areagotzea». Zehazki, 45 zuzenketa adostu dituzte, eta, jeltzaleen arabera, litekeena da beste zenbait ere onartzea datozen egunetan.

EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaile Aitor Estebanek eman du albistearen berri, Sabin Etxean egindako prentsaurrekoan. Adierazi duenez, legea «ideala» ez den arren, «kostata» lortutako akordioak euren nahiak «ase» ditu: «Arrisku handienei buelta ematea lortu dugu». Izan ere, EAJk gobernuaren proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu zion lehenik, baina hura atzera botatzea erabaki zuten, Moncloak «hizketan hasiko zela» adierazi ostean. Hala, hasierako lege proiektu «zentralista» moldatzea lortu dutela defendatu du Estebanek, eta EITBren gobernantza mantentzeko urratsak nabarmendu ditu: «Hura kontrolatu nahi zuten Madrildik».

Joseba Agirretxea diputatuak eman ditu akordioaren xehetasunak. Jakinarazi du jeltzaleek aurkeztutako 58 zuzenketa partzialetatik 45 txertatzea adostu dutela gobernuarekin, eta beste hamarren inguruan elkarrizketak irekita dauzkatela. EITBren agintaritzari dagokionez, adierazi du bertan «eskua sartzea» eragotzi dutela: «Gobernantza gaitasuna mantentzea lortu dugu, beste telebista autonomiko batzuek izan ditzaketen mandatuen pean egon gabe». Izan ere, Agirretxeak adierazi du Gernikako Estatutuak jasotzen duela «telebista propio bat izateko gaitasuna», eta ez dagoela estatuko lege baten beharrik horretarako. Hala, azaldu du Eusko Jaurlaritzak euskal ikus-entzunezkoen esparruan dituen eskumenen inguruko aipamen bat txertatuko duela legeak.

EITBren emisio digitalen kontrolari eustea ere adostu dute bi aldeek. Agirretxeak defendatu du kontrakoak etorkizuneko emisio oro estatalizatzea eragingo lukeela, litekeena delakoan urte gutxian emisioak modu horretan egitea. Bestetik, azaldu du EITBren Nafarroako emisioek «agintaritza autonomikoa izaten jarraitzea» adostu dutela. Hura zen, EAJren esanetan, gobernuaren lege proiektuak zuen arazoetako bat. «Ikus-entzunezkoen Lege proiektutik EITBren gobernantzaren gaineko esku sartze oro ezabatzea lortu dugu», gehitu du Agirretxeak. Hala, «euskal ikus-entzunezkoen agintaritza» bermatuko dela adierazi du.

Euskararen presentziari dagokionez, diputatuak azaldu du ez dela jeltzaleek nahiko luketen presentzia bermatuko, baina jatorrizko proiektuak ezarritako bermeak handituko direla. Agirretxeak adierazi du estatuko hornitzaile publikoek, hau da, TVEk, bere emisioen %51ren %15 estatuko hizkuntza ofizialetan emititu beharko duela. Urrats bat gehiago egin dutela adierazi du hark, ordea. Izan ere, %15 hori erkidegoetako biztanle kopuruaren arabera moldatu beharko da, eta euskarak, gainerako hizkuntza koofizialek bezala, bermatua izango du emisioen %10. «Hornitzaileen esku utzita, euskarak ez zuen presente egoteko bermerik», azaldu du. Era berean, azpititulatutako eta bikoiztutako edukiei ere egin die erreferentzia, eta haiek ugaritzeko neurriak hartuko direla esan du, batez ere TVEk haurrentzat dituen edukiei dagokienez.

Hornitzaile pribatuei dagokienez, aurrerapausoak eman direla uste du Agirretxeak, eta irabazien %6 Europan egindako obretara bideratu beharko dutela adierazi du. Tartean, euskarak ere presentzia izango duela azaldu du jeltzaleak. Halere, legediak ez die eragingo egoitza estatutik kanpo duten enpresei. Kasu horietarako, EAJk gobernuarekin adostu du enpresa horrek eta hornitzaileek ardura konpromiso bat zehaztu beharko dutela, legediak hala behartzen ez badu ere, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.