Hezkuntza

Euskal Eskola Publikoaren jaiak badu abestia

'Handitzen' izena hautatu dute Bastidan egingo dute jairako. Maisha MC artistak ondu du abestia.

Abestiaren aurkezpena, gaur goizean, Gasteizen. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 17a
14:07
Entzun

Gero eta gutxiago falta da Euskal Eskola Publikoaren jairako: ekainaren 5ean egingo dute, Bastidan (Araba). 29. edizioa izango da aurtengoa, eta jada prest dute festarako abestia. Gaur goizean aurkeztu dute Lurdes Errasti Denon Eskola federazioko presidenteak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak, Gasteizen egindako prentsaurrekoan. Bertan eman dituzte xehetasun guztiak: Maisha MC (Eneko Axpe) hip-hop artistak ondu du kantua, Glaukoma taldeko Juantxo Arakama, Laize MC eta Nizuri Tazuneri taldeko Fani abeslarien kolaborazioekin. Handitzen izena jarri diote.

Abestiak hainbat mezu zabaltzen ditu eskola publikoaren defentsan. Hala dio: «Nik ez dakit oraindik handitan zer nahi deten izan, baina ikusiko nuke gustu handiz Euskal Eskola Publikotik datorren edozein hiritar lehendakari». Eta nabarmentzen du inor ez dutela atzean utzi nahi: «Batzuk joaten dira eskolara goitik behera jantzita pilotariz, edo futbol kamiseta bizkarrean ‘Nahikari’. Edo ez bata eta ez bestea, ez dago horren beharrik hezkuntzak ezin du utzi ume bakar bat atzean bakarrik». Baita eskola publikoa edonorentzat dela ere: «Nik ez dakit oraindik handitan zer nahi deten izan, baina bai nola nintzen txikitan, ezin ahaztu ze herritan sortu nintzen. Klase batean mundu oso bat ez ahal da kabitzen?». Euskararen aldeko aldarria ere egiten du: «Ez dugu ahaztuko gure hizkuntza maitea. Zaindu dezagun denon artean hainbeste urtez izan dena gure territorio librea».

Abestiak badu bere bideoklipa ere, Arriguri bideogintza kooperatibak egina. Bastidako eskolan eta Guardiako institutuan (Araba) grabatu dituzte irudiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.