EMAKUMEEN ESKUBIDEAK

Abortuaren lege berria onartu du Madrilek, «emakumeen eskubideak bermatzeko»

Presazko bidetik tramitatuko dute arau berria, eta, abortuaz harago, hainbat neurri jasoko ditu sexu heziketaren, osasun menstrualaren eta kontrazepzioaren alorretan.

Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 17a
14:17
Entzun

Abortuaren Legea onartu du Espainiako Gobernuak. «Sexu eta ugalketa eskubideak bermatzeko araua» dela esan du Irene Montero Berdintasun ministroak. «Beste eskubide askorako sarbidea dira sexu eta ugalketa eskubideak, ezinbestekoak baitira emakumeek beren bizi proiektuak askatasunean egin ditzaten». Arauaren helburu nagusia izanen da «abortatzeko eskubidea bermatzeko trabak kentzea», baina askoz harago doa: ministroak azaldu duenez, «ugaltzearekin, sexualitatearekin eta menstruazioarekin lotutako eskubide gehiago» bermatu nahi dituzte lege horren bitartez.

Zehazki, 2/2010 Legearen moldaketa da Espainiako Ministro Kontseiluak gaur onartu duena, eta presazko tramitazioa izanen du. Monteroren esanetan, «oinarri oso sendoa» eskaini zuen lege hark, eta horren gainean eraiki dute arau berria. Horregatik, «eskerrik beroenak» eman dizkie lege hori sustatu zuten Bibiana Aido Berdintasun ministro ohiari eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izandakoari, «aitzindari izateagatik». Mugimendu feministaren ekarpena ere goraipatu du Monterok: «Feministen borrokari esker lortu baitira emakumeen eskubideen esparruan izandako aurrerapauso guztiak».

Honako hauek dira legearen puntu nagusiak:

Askatasun handiagoa abortatzeko

Legea onartzen denetik, 16 eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik behar izanen, haurdunaldia eteteko. Arauak kendu eginen du orain arte indarrean egon den beste baldintza bat: abortatu ahal izateko hiru egunez «gogoeta» egiteko beharra. Haurdunaldia eteten dutenei, gainera, gaixo agiria emanen zaie, eta arta eta laguntza zerbitzu integral eta espezializatuak ere eskainiko zaizkie. Abortuak osasun sare publikoan eginen dituzte nagusiki: «Hori izanen da erreferentziazko sarea, eta emakumeek aukera izanen dute haurdunaldia eteteko gertuen duten osasun zentroan», azaldu du Monterok.

Aborturik egin nahi ez duten medikuen kontzientzia eragozpena bermatu eta, era berean, abortatzeko eskubidearen bidean traba izan ez dadin, kontzientzia eragozleen zerrenda bat onduko dute. Nafarroan, bide bera hartu zuen Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren gobernuak, 2015eko Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko foru dekretuan.

Kontrazepzio metodoak, errazago

Abortatzeko eskubideaz gain, kontrazepzio metodoak orokortzeko zenbait neurri ere jaso dituzte lege berrian. Batetik, hurrengo eguneko pilula doan banatuko dute osasun etxeetan eta sexu eta ugalketa osasuneko zentroetan. Gaur egun, farmazietan eros daiteke hurrengo eguneko pilula, errezetarik gabe eta 20 euroan. Bestalde, pilula antisorgailurik berrienak sartuko dituzte gizarte segurantzan, eta gizonentzako kontrazepzio metodoak sustatuko dituzte, «erantzukizuna ez dadin emakumeena soilik izan».

Osasun menstruala, erdigunean

Abortuaren Legeak atal berezia eskainiko dio emakumeen osasun menstrualari, «bizitzaren fase guztietan». Neurri ezagunena da aurreko egunetan iragarri zena: hileko mingarria duten emakumeei hiru eguneko gaixoaldirako eskubidea aitortuko diete. Horrez gain, ordea, beste zenbait neurri ere jasoko ditu arauak: higiene menstrualerako produktuak [tanpoiak, konpresak eta kopa menstrualak, besteak beste] doan banatuko dituzte institutuetan, espetxeetan, zentro zibikoetan eta bestelako guneetan, «pobrezia menstruala bukatzeko xedez».

Sexu heziketa orokortzeko bidean

Arau berrian, berebiziko pisua izanen du sexu heziketaren auziak. Zehazki, «sexu heziketa integrala» eskaini nahi dute hezkuntzako fase nagusietan, «adostasunean eta tratu onetan oinarritutako sexu harremanak» sustatze aldera. Sexu heziketari buruzko kanpaina bereziak ere sustatuko dituzte ikastetxeetan eta, horien barruan, antisorgailuak banatuko dituzte.

Horrez gain, sexu osasunerako zentro espezializatuak sortu nahi ditu Berdintasun Ministerioak, eta telefono bidezko arta ere indartuko dute. Azkenik, sexu heziketari eta osasun menstrualari buruzko prestakuntza berezia eskainiko diete irakasleei, langile publikoei eta espetxeetako funtzionarioei.

Haurdunaldi subrogatua, «indarkeria»

Haurdunaldi subrogatua «emakumeen aurkako indarkeria erreproduktibo» gisa sailkatuko dute Abortuaren Legean. Gaur egun ere praktika horiek debekatuta daude Espainian, baina lege berriak ez du zigorrik ezarriko haurdunaldi subrogatura jotzen duten bikoteen aurka. Bestelako indarkeria mota batzuk ere jasoko ditu legeak; besteak beste, desgaitasunen bat duten emakumeen esterilizatzea eta haurdun gelditzera edo abortatzera behartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.