Memoria

Korrikalari gorritxoak, frankismoaren jomuga

Osasuna Memoria ekinbideak 1925ean gertatutakoa ekarri du gogora argitalpen batean. Osasunak bere lehenbiziko Haur Krosa antolatu zuen; aste honetan bete dira 97 urte. Lasterketa hartako korrikalarietako zazpi frankismoak hil zituen ondoko urteetan.

Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 17a
21:36
Entzun

1925ko maiatzaren 17a Iruñeko Gazteluko plazan. Osasunak antolatutako lehenbiziko Haur Krosa. 13 eta 15 urte arteko 140 bat mutiko ilusioak harturik, urduritasuna gainetik nola kendu asmatu ezinean, antolatzaileak lasterketaren hasiera noiz seinalatuko zain. Halakoa giroa zuen hiriaren egongelak orduko hartan, eta Osasuna Memoria elkarteak oroitarazi du berriki. Ez ausaz: lasterka egin zuten korrikalarietako zazpi frankisten eskuetan hil ziren gerora, errepublikaren aldeko konpromisoa tarteko.

Tomas Ariz, Ramon Huder, Octavio Lopez, Jose Zapatero, Antonio Espila, Armando Gravalos eta Pablo Amatria dira biktima horiek; zazpiak ziren lasterketa horretan, eta Ariz izan zen frankisten eskuetan hiltzen lehena. 1936ko uztailaren 19ko goizaldean erail zuten.

Arizek, beste sei gorritxoen antzera, Emilio Mola jeneral frankista buru zuen mugimenduari kontra egitea erabaki zuen 36ko gerra piztutakoan. Osasuna Memoria elkarteak jaso duenez, Iruñeko Alde Zaharren bizi zen Ariz, eta Alderdi Komunistako militante izan zuen urteetan. CNTn afiliatu zen gazte zelarik, eta sutsuki egin zuen borrokan, uztail hartan atxilotua izan zen arte. Erresistentzia antolatzeko lanean zebilen beste kide batzuekin batera. Ordea, gau hartan bertan hil zuten iruindarra.

Ikerlanak argitara atera duenez, bide bertsua hartu zuten 1925ko lasterketa hartan Arizen ondoan korri egin zuten beste sei gaztek ere. Denak hil ziren, Osasuna Memoriak adierazi duenez, «demokrazia defendatzen» ari zirelarik, «ezkerraren alde adierazitako konpromisoagatik».

Azterlanaren egileek testuan nabarmendu dutenez, zazpi gizon horien istorioak gaur egunera arte iritsi ez izana ez da kasualitate, «manipulazio historikoa» baizik, haien esanetan. Horregatik, Osasuna Memoriak aldarrikatu du badela garaia «biktimak ohoratzeko». Hala, proposamen bat ere egin dute: «2025ean Osasunak antolatutako haurrentzako lasterketa bat izatea modu ezin hobea litzateke zazpi korrikalari horien memoriari aitortza egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.