INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistaren aurkako udal taldetik atera dira Iruñeko feministak

Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak salatu du Navarra Sumak «edukiz hustu» duela sanferminetako kanpaina.

Sanferminetan, sexu erasoen inguruko arta eta informazioa eskaintzen duen gunea, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 18a
13:30
Entzun

Mahaitik altxatu dira. Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak eta Iruñeko Peñen Federazioko Talde Feministak ez dute parte hartuko udalak indarkeria matxistaren aurka antolatutako lantalde iraunkorrean. Sanferminetako udal kanpainaren kontura hartu dute erabakia. Izan ere, Enrique Maia alkateak sexu erasoen aurkako estrategia «urardotu eta edukiz hustu» duela uste dute Iruñeko feministek; are: salatu dute erabakiak «alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe» hartu dituztela. Horren ondorioz, sexu erasoen aurkako kontzientziazio kanpaina «adostasunik gabe» onartu du alkateak, plataformaren esanetan: «Navarra Sumaren udal gobernua zuritzeko kanpaina bat proposatu dute, sanferminekin inongo loturarik ez duen lelo batekin», azaldu du plataformako kide Iratxe Alvarezek. Haren esanetan, sanferminetako sexu erasoen aurkako estrategia osoa urardotu nahi izan du Maiak: «Gobernu honek badaki ezin duela kanpaina osoa errotik ezabatu, baina ahaleginak eta bi egin ditu indargabetzeko, edukiz husteko eta orain arteko aurrera urrats guztiak desegiteko».

Arazoa ez da berria. Talde feministek hainbat desadostasun izan dituzte Iruñeko udal gobernuarekin azken hilabeteetan, baina sanferminetako kanpaina izan da sua piztu duen txinparta. Azken hilabeteetan gertatutakoaren laburpena egin du Alvarezek: «Martxoan, udalak jakinarazi zigun kanpaina bakar bat eginen zutela sanferminetarako, mezu bakar batekin, eta hori Berdintasun Sailak ez, Komunikazio Sailak proposatuko zuela. Guretzat, ulertezina da hori. Kanpainari buruzko galderak egiten genituenean eta informazioa eskatzen genuenean, udalaren erantzuna bat eta bakarra zen: 'Ez dago ezer erabakita'. Apirilean, berririk ez zegoela ikusita, erabaki genuen informazioa instantzia bidez eskatzea: aurrekontua, euskarriak, herritarren eskura jarriko diren baliabideak, komunikazioaren kudeaketa, mugimendu feministarekin izan beharreko harremana...». Azkenik, talde feministek maiatzaren 12an izan zuten kanpainaren berri, udalaren ahotik. «Orain arteko kanpainetako esku gorri ikonikoa bigarren mailan utzia zuten, ohiko leloa ere desagertu zen, eta sanferminekin loturarik ez duen beste bat proposatu zuten: Aske, ni beti aske. Horrez gain, esan ziguten ez zituztela ohiko euskarriak erabiliko: iragarkirik ez garraio publikoan, ez bideorik, ez irrati-telebistarako piezarik, ezta sanferminetako agertokietan jarri beharreko afixarik ere».

Mobilizazioak, «udalak dioenean»

Are larriagotzat jo dute, hala ere, sexu erasoen aurkako protokoloa aldatu izana. «Udalaren beste proposamenetako bat da bere kabuz aldatzea udal talde guztien oniritziarekin onartua izan zen protokoloa. Horren arabera, sanferminetan sexu erasoren bat gertatuz gero, mugimendu feministari dagokio mobilizatzea eta protesta ekintzak antolatzea, eta udalak bat egin beharko luke horiekin. Bada, orain, Navarra Sumaren udal gobernuak nahi duena da ahalmen hori udalaren esku uztea, sexu erasorik gertatuz gero, eurek erabaki dezaten mobilizazioak noiz, nola eta zergatik egin».

Indarkeria Matxistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren susmoa da, erabaki horren bidez, Iruñeko Udalak ez ikusiarena egin nahi duela sanferminetan gerta litezkeen erasoak direla-eta, protestak eta elkarretaratzeak antolatzeari uko eginda: «Aspaldi erabakia dute 2022ko sanferminetan ez dela sexu erasorik izanen, eta hori ez diogu onartuko ez Maiari ez beste ezein alkateri. Eraso guztiei aurre eginen diegu, udal baimenarekin edo baimenik gabe».

Hori dela eta, sexu indarkeriaren aurkako sanferminetako kanpaina «iruzur» bat dela eta «mugimendu feminista baztertzen duela» uste dute feministek, eta mahaitik altxatzea erabaki dute. «Galdutzat jotzen dugu aurtengo kanpaina, baina gure borondatea da aurrera begira lankidetza berreskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.