Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia

Itzultzear da, hiru urteren buruan

Gaur aurkeztu dute 21. aldia, Donostian. 500 korrikalarik hartuko dute parte maiatzaren 29an; besteak beste, Killan Jornet, Aritz Egea, Oihana Kortazar eta Sara Alonsok.

Eli Anne Dvergsdal 2019ko irabazlea urteko hartako Zegama-Aizkorrin. FOKU
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 18a
14:37
Entzun

Aizkorri inguruko parajeak zain dituzte 500 korrikalarik maiatzaren 29an (igandea). Bertan korrika lehiatzeko aukera izango dute berriz ere, hiru urteren buruan. Pandemiak lotu zizkien hankak aurreko bi urteetan, eta bueltan da berriz ere Zegama-Aizkorri mendi lasterketa entzutetsua. 21. aldia izango du aurtengoa.

Gaur egin dute aurkezpena, Donostian, eta xehetasun gehiago eman dituzte antolatzaileek. Izen handiko lasterkariak jarriko dira Zegamako irteeran 09:00etan, 42 kilometroko probari ekiteko; 5.472 metroko desnibel metatua izango du. Besteak beste, ondorengo hauek: Kilian Jornet (bederatzi aldiz garaile), Remi Bonnet, Jonathan Albon, Francesco Puppi, Aritz Egea, Oriol Cardona eta Manuel Merillas, gizonezkoetan, eta Oihana Kortazar (bitan irabazi du), Sara Alonso, Maude Mathys, Courtney Dauwalter, Forsberg eta Nienke Brinkman, emakumezkoetan. Aurreneko aldiz, Kenyako atletak ere ariko dira. Goierri aldean dira dagoeneko Reuben Narry, Diana Chepkemoi Sigei, Teresiah Kwamboka Omosa, Joyce Muthoni Njeru, Geoffrey Gikuni Ndungu, Ben Kimtai Chematot eta Robert Pkemboi Matayango. Izenak izen, pandemiaren eraginak ez dira aldendu, eta, Ainhoa Txurruka lasterketako zuzendari nagusiak aditzera eman duenez, korrikalari batzuk ez dira etorriko edo ezin izango dira atera, positibo eman dutelako.

Ibilbideari dagokionez, lehor dago. Horrela adierazi diete antolatzaileei Goierri ingurura gerturatu diren korrikalariek. Horrek marka onak egiteko aukera emango die lasterkariei. Txurrukak iragarri duenez, behintzat, hori espero dute. Gauzak bere-berea ateratzeko, 500 bat boluntario ariko dira lanean. Lasterketa ikustera joateko autobusak jarriko ditu antolakuntzak, Amezti mendi elkarteak. Lehenengo aukera zati bat autobusean egitea izango da. 7:30ean eta 8:00etan autobusa aterako da Zegamako plazatik, eta trenaren geralekura igoko da. Interesa dutenek Sancti Spirituaino zuzenean igotzeko aukera izango dute pistatik, gidariaren laguntzaz. Bideak 6,3 kilometroko luzera du, eta 450 metroko desnibel positiboa. Bigarren aukera, berriz, Zegamako plazatik abiatu eta oinez Sancti Spiritura igotzea izango da, Done Jakue bideari jarraituz. Gezi hori markatuta dago. 6,9 kilometroko igoera da, eta 661 metroko desnibel positiboa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.