Euskara

«Arnasguneetako garapen endogenoa» sustatzeko neurriak eskatu ditu Uemak

Estrategia demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoa dago Eusko Legebiltzarrean. Uemak uste du hizkuntza politikaren ikuspegitik «giltzarria» dela, eta euskara estrategia horietan txertatzeko ekarpenak egin ditu.

Ordezkari politikoak eta euskalgintzako eragileen ordezkariak, joan den larunbatean, Seguran, Udalerri Euskaldunen Egunean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 18a
16:25
Entzun

Estrategia demografikoari buruzko osoko bilkura monografikoa dago gaur Eusko Legebiltzarrean, Gasteizen. Lakuak aurkeztutako dokumentua oinarritzat hartuta baina, zenbait ekarpen egin ditu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Haren arabera, hizkuntza politikaren ikuspegitik «giltzarria» da estrategia demografikoa, eta, horregatik, lan ildoetan euskararen normalizazioa ahalbidetzeko neurriak txertatzeko eskatu du.

Legebiltzarraren dokumentuak oinarri jakin batzuk zehazten ditu. Besteak beste, eraldaketa sistemikoa eta progresiboa, genero ikuspegia, aniztasuna, erantzukidetasuna, adinekoen eskubideak eta gazteen emantzipazioa. Hala ere, Uemak nabarmendu du horien artean ez dela euskararen normalizazioa aipatu ere egiten, «eta aipatu beharrekoa da». Euskararen erabilera indartzea da, beraz, Uemaren proposamena: «Helburua da euskararen erabilera indartzeko mesedegarriak izan daitezkeen neurriak hartzea eta balizko eragin negatiboak prebenitzea». Eta, hori bermatzeko, uste dute arreta berezia jarri behar dela «arnasguneetako garapen endogenoa» sustatzean.

Urte gutxitan aldaketa demografiko handiak eman dira, Uemaren arabera, eta horiek «zuzeneko eragina» izan dute bilakaera soziolinguistikoan: «Euskara lehen hizkuntza duten herritarren ehunekoa jaisten ari da urtez urte». Datu orokorretan jaitsiera leuna izan bada ere, udalerri euskaldunetan nabaritu dute alderik handiena: ia hamahiru puntuko jaitsiera izan du. Horrez gainera, etxeko erabileran ere «jaitsiera esanguratsua» izan dela adierazi dute: «Egiturazko aldaketak gertatzen ari dira etxeko erabileran».

Lan dokumentuak proposatzen duen jarduera plan bakoitzeko ekarpen zehatzak egin ditu Uemak. Epe laburrera begira, esaterako, gazteak udalerri euskaldunetan errotzeko laguntzak eta haur eskolen zerbitzua bermatzeko neurriak proposatu dituzte. Ibilbide luzeko eraginari begira, etxebizitzak eskuratzeko baldintzetan udalerriko bizilagunen lehentasuna finkatzea edota udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa bultzatzeko tokiko planak diseinatzea dira abiapuntuak Uemarentzat, baita adinekoentzako zerbitzuak bermatzea eta zaintzaileen prestakuntzan euskara txertatzea ere. Amaitzeko, berriz, hirugarren zatian, hiru proposamen egiten dira zeharkako ildoei begira: landa ingurunean herri horietako biztanleak bertan geratzeko neurriak sustatzea, dokumentuak planteatzen duen diagnostiko tresnen eta prospekzio azterlanen programan udalerri euskaldunen errealitatea txertatzea, eta erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa, baliabide gutxien duten herrietan arreta berezia jartzeko.

Bi oinarri nagusi

Erronka demografikoari erantzuteko, beraz, bi oinarri dira «ezinbestekoak», Uemaren arabera: zeharkakotasuna eta eragile guztien arteko lankidetza.

Hizkuntza politikan «aurrerapauso handiak» eman badira ere, «ebidentzia bat» agerian geratu dela adierazi du Uemak: «Hizkuntza politika ez da soilik berariazko politikekin egiten; beste eremu batzuetan hartzen diren neurriek zuzenean eragiten diote euskararen egoerari». Ondorioz, estrategia demografikoan euskararen indarberritzea kontuan hartzea «ezinbesteko» ikusten du Uemak. «Bereziki aintzat hartzea udalerri euskaldunen egoera, haien garrantzia eta zaurgarritasuna ikusita», azpimarratu dute. Hala ere, estrategiaz gainera, proiektu guztiak kontuan hartzeko eskatu dute: «Estrategia honetan soilik ez, udalerrien garapenean eragina duten proiektu guztietan hartu beharko litzateke aintzat errealitate hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.