Europako funtsak

Nafarroako Gobernuak 365 milioi jasoko ditu Europako Batasunetik

Gobernuaren kontrolpean 97 proiektu daudela zehaztu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, parlamentuan.

Iñaki Arrizabalaga Europako Batasuneko Funtsen arduradun nagusia Nafarroako Gobernuan eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur, Parlamentuan. FOKU
joxerra senar
2022ko maiatzaren 18a
17:43
Entzun

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Garapen kontseilariak hartua du hiru hilean behin Europako funtsen inguruan azalpenak ematera joateko konpromisoa. Arratsaldean han izan da, eta, aurreratu duenez, Nafarroako Gobernuak bere kontrolpeko 97 proiektu ditu, eta 364,8 milioi euro jasotzea espero du.

Departamenduen artean, Lurralde Antolamenduaren, Garapen Ekonomikoaren eta Gizarte Eskubideen egitasmoek jasoko dute diru gehien; zehazki, 94,5 milioi, 63,1 milioi eta 59,7 milioi, hurrenez hurren.

Kontrolari begira, hiru maila daudela nabarmendu du: batetik, departamenduek eurek bere gain diren proiektuen ingurukoa; bigarrenik, organo independente batek funtsen gastuaren bilakaerari buruzkoa; eta, azkena, ikuskaritza bidez egingo dena. Kontrol prozesu horretan, «protagonismo berezia» izango du sortu berri den Praktika Onen eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak. Aurki izendatuko dute bulego horretako arduraduna.

Saizek gaineratu du ez duela soilik Nafarroako Gobernuak jasoko dirua; Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Iruñeko Udalaren eta Espainiako Gobernuaren bidez diru gehiago irits daiteke Nafarroara. Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoen bidez banatuko du dirua Madrilek, eta Nafarroak lau sektore nagusi ditu: elikagai industria, berriztagarriak, aeronautika, eta espazioa eta autogintza.

Taldeen ikuspegia

Azalpenak entzunda, Navarra Sumako Angel Ansa kexu azaldu da, datuok ez datozelako bat Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak 2020ko urrian emandakoekin. Ordu hartan, 125 egitasmok 3.400 milioi euro jaso zezaketela esan zuen, eta helburu horretatik «oso urrun» geratzea leporatu dio Ansak gobernuari. «Gardentasun falta» egotzi dio.

Saizek erantzun dio Susperraldi eta Erresilientzia Plana «zerbait bizia» dela, eta eskatu dio demagogia alde batera uzteko. Saizen arabera, susperraldirako eta eraldaketa ekonomikorako plan estrategikoen bidez diru asko jaso dezake Nafarroak; adibidez, ibilgailu elektrikoaren ekoizpenerako zein erabilerarako diru laguntzen bidez. Saizek uste du azken horren aurrean aurkeztutako planarekin Nafarroa «kanpoan zoriondua den bitartean» Navarra Sumak «errealitateari bizkar ematen» diola.

Geroa Bai alderdiko Mikel Asiainek kudeaketari buruzko azalpen gehiago eskatu dizkio, eta Next Generation funtsen egitasmoei buruzko webgunean diren akatsak konpontzea ere galdegin dio —webgunea ez da euskaratu—.

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, Saizen azalpenak «ez dira nahikoak», ez duelako zehaztu gaur-gaurkoz zenbat diru erabili den. Ohartarazi du erabiltzen ez den dirua itzuli egin behar dela, eta nabarmendu du «kudeaketa txar baten ondorioz» aukera bat galtzeko arriskua dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.