Musika

Perry So izendatu dute Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari titular

Musikari txinatarra irailaren 1ean hasiko da lanean orkestrarekin.

Perry So, 2019ko martxoan, Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin. JESUS DIGES / EFE
Berria
2022ko maiatzaren 19a
13:19
Entzun

Perry So (Hong Kong, 1982) orkestra zuzendari txinatarrak zuzenduko du Nafarroako Orkestra Sinfonikoa datorren denboralditik aurrera, orkestrak berak ohar bidez jakinarazi duenez. So orkestrako zuzendari titularra izango da, eta haren eskaintza artistikoa diseinatuko da datozen hiru denboraldietan.

Maria Antonia Rodriguez Baluarte fundazioko zuzendari kudeatzaileak azaldu duenez, «joan den urteko abuztuan aurreko maisuaren [Manuel Hernandez] kontratua amaitu ostean, orkestraren proiektu artistikoa gidatuko duen maisu egokia aukeratzea izan da Baluarte fundazioaren eta Nafarroako Orkestra Sinfoniaren helburu nagusia». Horri lotuta, jakinarazi du orkestrako irakasleek «aho batez» proposatu zutela So-ren izena. Izan ere, aurretik ere hainbatetan lan egin du zuzendari txinatarrak orkestrarekin.

So-k berak hitz batzuk igorri ditu Nafarroako orkestrarekin lan egiteak suposatuko diona azaltzeko: «Orkestrarekin egin nituen lehen entseguetan, orain dela hiru urte, ohartu nintzen bai irakasleek bai nik abentura gogo bera genuela. Berehala etxean bezala sentitu nintzen. Lau kontzertu eman genituen bi aste zoragarritan, eta ordudanik iltzatuta gelditu zitzaizkidan orkestra honen kalitatea, musikari hauek duten bikaintasun espiritua eta hiri historiko eder honen kultur sofistikazioa».

Perry Pak Hin So musikaria Hong Kongen jaio zen, 1982an, eta oso gaztetatik piano, organo, biolin, biola eta konposizio ikasketak egin zituen. Gerora, Literatura Konparatuan lizentziatu zen, XX. mendeko Europa erdialdeko musika eta literatura espezialitatean.

Ordudanik, Hong Kongeko Orkestra Filarmonikoarekin ez ezik, Los Angelesko (AEB), Nurembergeko (Alemania) eta San Frantziskoko (AEB) orkestrekin egin du lan, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.