Futbola

Lehenbiziko aldiz emakumezko arbitroak epaile arituko dira gizonen Munduko Kopan

Txapelketako neurketak epaituko dituzten arbitroetako hiru izanen dira andreak; 36 arbitro aukeratu dituzte guztira. Azaroaren 21ean hasiko da futboleko Munduko Kopa, Qatarren.

Stephanie Frappart arbitroa, iazko neurketa bat epaitzen. HUGO DELGADO, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 19a
20:28
Entzun

Berandu, baina eman da pausoa azkenik; aurten bai. Estreinako aldiz, futboleko gizonen Munduko Kopan epaile arituko diren guztiak ez dira gizonezkoak izanen. Txapelketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, zeregin horretarako aukeratutako hiru emakumezkoak dira: Stephanie Frappart Frantziakoa, Salima Mukansanga Ruandakoa eta Yoshimi Japoniakoa.

Azaroaren 21ean hasiko da futboleko Munduko Kopa, Qatarren. Atzerako kontua estutuz joan ahala, ari dira haren antolaketari buruzko gero eta informazio gehiago argitaratzen, eta arbitroen gainekoa izan da gaurkoa. Emakumezko arbitroak arituko direlako notizia inoiz gertatu gabea zen orain arte –1930an egin zen txapelketa aurrenekoz–. Hala eta guztiz ere, portzentajean, zokoratuta segitzen dute andreek. Guztira 36 epaile arituko dira Kopan; %9 dira emakumezkoak, beraz.

FIFAko arbitroen batzordeko lehendakari Pierluigi Collinak esan du profesionalen kalitatea izan dela betidanik hautaketarako irizpide nagusia: «Guretzat, kalitatea dago guztiaren gainetik, eta ez sexua». Halaber, nabarmendu du FIFAk antolaturiko beste txapelketa batzuetan dagoeneko arituak direla emakumezko epaileak; haurren txapelketak eta senior kategoriak aipatu ditu adibide gisan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.