Osasuna

Elkarretaratzera deitu dute Gasteizko larrialdi zerbitzuen egoera salatzeko

Arabako ESIko langileek astelehenerako deitu dute protestara, Eusko Legebiltzarraren atarian. Arabako ESIko zuzendariak agerraldia egingo du Osasun Batzordean, eta murrizketarik ez egiteko eskatu nahi diote elkarretaratzearen bidez.

Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdien itxiera salatzeko manifestazio bat. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 20a
10:01
Entzun

Otsailaren 2an itxi zituzten Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiak, Txagorritxuko eraikin berrira lekualdatzeko. Orduz geroztik, premiazko arreta aurrez aurre jaso nahi duten herritar guztiek bertara jo behar dute. Arabako ESIko profesionalek askotan salatu izan dute erabakia, eta protestak egin dituzte. Gaur iragarri dute elkarretaratzea egingo dutela astelehenean Eusko Legebiltzarraren atarian, Gasteizko larrialdien egoera salatzeko. «Berrantolaketa baten aitzakiarekin, Gasteizko eremu zabal batean arretaren murrizketa onartezina egin da», adierazi dute komunikabideei igorritako oharrean.

11:00etarako deitu dute bilkurara, ordu horretan agertzekoa baita Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean Jose Maria Perez Arabako ESIko zuzendari kudeatzailea. Langileek mezu bat bidali nahi diote protestarekin, oharrean azaldu dutenez: ez daudela ados Santiago ospitaleko larrialdien itxierarekin, eta erabakiak Txagorritxuko ospitaleko larrialdi berrietan «masifikazioa» eragin duela. Salatu dute larrialdiak Txagorritxura lekualdatzeak erabiltzaileen itxaronaldia luzatu duela, eta «neurrigabeko lan karga» eragin duela bertan lan egiten duten langileentzat. Halaber, oso kritiko agertu dira erabakiaren atzean dauden politikekin: «Osasun publikoari emandako kolpe berri hau EAJk eta PSE-EEk duela zenbait hamarkadaz geroztik egin dituzten murrizketa neoliberalen beste adibide bat da, eta ESIko kudeatzaileek inolako lotsarik gabe eraman dute aurrera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.