Arte eszenikoak

Plaza bat arriskuari

Eztena arte eszenikoen 14. jaialdia ekainaren 5ean hasiko da. Urtero bezala, dramaturgia berrien erakusleiho bilakatuko du Errenteria.

Maite Gartzia, Aizpea Otaegi, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias eta Oier Guillan, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2022ko maiatzaren 20a
18:09
Entzun

Arte eszenikoetako proposamenen aniztasuna erakusteko xedez eta, bereziki, dramaturgia berriei leiho bat zabaltzeko asmoz sortu zuten Eztena jaialdia Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo nahiz Zizt! elkarteek eta udalak. Hamalaugarren aldia izango du aurten, eta hasierako xedeei eutsiz osatu dute programazioa antolatzaileek: «Ikusten genuen estetikaren eta antolakuntzaren aldetik arrisku asko hartzen zituzten konpainia ugari zeudela, ez zutenak plazarik, edo zailtasunak zituztenak beren lanak erakusteko, eta mugimendu handia eta oso anitza zegoela. Urteotan hori ez da aldatu, eta horregatik gaude hemen berriro ere». Aniztasuna, begira lelopean, ekainaren 5etik 12ra egingo dute jaialdiaren 14. aldia. Egitarauaren berri eman dute Oier Guillan, Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias jaialdiaren arduradunek, Errenteriako alkate Aizpea Otaegi eta Kultura zinegotzi Maite Gartziarekin egindako agerraldian.

Guillanen hitzetan, «arriskuak hartzeko aukera hori irabazi, landu edo zaindu» egin behar da, eta konpainiek ez ezik, askotan programatzaileek ere zenbait lan erakusteko zaila izaten dutela gogorarazi du. «Horregatik, aurtengo jaialdia dei bat ere bada aniztasun horri erreparatzeko eta publikoa arriskuak hartzera ausartzeko». Halaber, jaialdiak «elkargune» izaten jarraitzea nahiko luketela nabarmendu du, «saretzeko plataforma ikaragarria izan baita urteotan, bai konpainien artean, bai publikoarekin, bai programatzaileen artean». Saretze horren harira, eta plaza bereziki euskarazko ekoizpenei eskaintzen badie ere, beste hizkuntza nahiz herrialde batzuetako antzezlanei ere lekua egiten diela gaineratu du.

Otaegiren ustez, eragileei esker eta haiek udalarekin duten elkarlanari esker da posible herritarrei halako kultur eskaintza «interesgarria» proposatzea, eta «harro» egoteko modukoa iruditzen zaio herrian halako jaialdi bat izatea. «Beste jaialdi batzuetan ohikoak ez diren proposamenak ikusteko aukera izaten du publikoak, eta esango nuke hau arte eszenikoen jaialdia bezainbeste dela arrisku eszenikoen jaialdia».

Kontrasterako aukera

Metrokoadroka kolektiboa sortzen ari den Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lanarekin hasiko da egitaraua, 5ean. Ekainaren 10ean, berriz, beste hiru lan izango dira ikusgai: Idoia Zabaletaren Ikusmenaren masaia / Masaje de la visión —11n eta 12an ere emango du—, Dxusturi Teatroaren Lakoste eta Las XL taldearen Degenérate mucho. Egun berean, jaialdiko lantaldeak Mikelazulo Elkargunea inauguratuko du, brindis performatibo baten bidez.

Hurrengo egunean, Gilkitxaro taldeak ETAren agiri bulegoa antzezlana emateaz gain, Zizterberg beken sei irabazleek beren lanak taularatuko dituzte. Hemezortzi proposamen aurkeztu dira beken lehen deialdira. «Sei bakarrik aukeratu genitzakeen, eta oso zaila izan da, baina pozgarria ere bada ikustea jendea sortzeko irrikatan dagoela», adierazi du Alberdik. Hala, Eider Perez eta Amets Cañizaresen Disekzioa; Laura Penagos eta Lorena Arangoaren Ponpaela ahizpak; Sastakai taldearen (Irati Velez Ruiz eta Idoia Tapia Martinez) Hilerokoa; Mikel Tejadaren El astronauta; Orfilia Seijasen Demby Tembly; eta Hodei Arrastoa eta Amaia Irazabalen Granada hazien auzia izango dira ikusgai. Sortze bidean edo hastapenetan dauden lanak dira denak, eta, Lekuona Fabrikan egonaldia egin ondotik, jendaurrean erakutsiko dituzte sortzaileek. Eliasen ustez, egileentzat «gauza ederra da sortze prozesuan den lan hori jendearekin partekatzea eta kontrastatzea», baita publikoarentzat halako obra bat ikustea ere.

Jaialdia ixteko, 12an, L'Alacran konpainiak Makers lana erakutsiko du, iluntzean. Saio horretan eta Metrokoadrokarenean, Ikusle Kluba gidatuko dute Eneritz Artetxek eta Maider Galartzak.

Sarrera guztiak doakoak dira, eta jaialdiaren webgunean eskuragarri daude dagoeneko.

EGITARAUA:

EKAINAK 5

Taldea: Metrokoadroka.
Emanaldia: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan.
Izaera: Antzerki-performancea, work in progress.
Non/Noiz: Lekuona Fabrikan, 19:00etan.

EKAINAK 10

Taldea: Idoia Zabaleta.
Emanaldia: Ikusmenaren masaia / Masaje de la visión.
Izaera: Ekintza-performancea.
Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 10:00 / 11:30 / 13:00 / 15:30 / 17:00 / 19:00.

Taldea: Eztenako lantaldea.
Emanaldia: Mikelazuloko elkargunearen inaugurazioa.
Izaera: Brindis performatiboa.
Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 18:00etan.

Taldea: Dxusturi Teatroa.
Emanaldia: Lakoste.
Izaera: Antzerkia.
Non/Noiz: Niessen auditorioa, 19:00etan.

Taldea: Las XL.
Emanaldia: Degenérate mucho.
Izaera: Antzerkia.
Non/Noiz: Niessen auditorioa, 20:30etan.

EKAINAK 11

Taldea: Idoia Zabaleta.
Emanaldia: Ikusmenaren masaia / Masaje de la visión.
Izaera: Ekintza-performancea.
Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 10:00 / 11:30 / 13:00 / 15:30 / 17:30 / 19:00.

Taldea: Zizterberg beken irabazleak
Emanaldia: Eider Perez eta Amets Cañizaresen Disekzioa; Laura Penagos eta Lorena Arangoaren Ponpaela ahizpak; Sastakai taldearen (Irati Velez Ruiz eta Idoia Tapia Martinez) Hilerokoa; Mikel Tejadaren El astronauta; Orfilia Seijasen Demby Tembly; eta Hodei Arrastoa eta Amaia Irazabalen Granada hazien auzia.
Izaera: Antzerkia, dantza, performancea. Erakustaldia eta solasaldia publikoarekin.
Non/Noiz: Niessen auditorioa, 18:00etan.

Taldea: Gilkitxaro.
Emanaldia: ETAren agiri bulegoa.
Izaera: Antzerkia.
Non/Noiz: Niessen auditoriumean, 21:00etan.

EKAINAK 12

Taldea: Idoia Zabaleta.
Emanaldia: Ikusmenaren masaia / Masaje de la visión.
Izaera: Ekintza-performancea.
Non/Noiz: Mikelazulo kultur elkartean, 09:30 / 11:00 / 12:30 / 14:00.

Taldea: L'Alacran.
Emanaldia: Makers.
Izaera: Antzerki-performancea.
Non/Noiz: Lekuona Fabrikan, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.