Eskubaloia

Gurpea Beti Onak Ohorezko Mailara igo da estreinakoz

Asteburu honetan jokatu dute igotzeko fasea, Arrecifen (Espainia), eta lehen bi neurketak irabazita lortu dute igotzea. Datorren urtean hiru euskal talde arituko dira lehen mailan.

Beti Onakeko jokalariak Arrecifen (Espainia), asteburuan jokatu duten igoera fasean. BETI ONAK
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 22a
09:34
Entzun

Hirugarrenean bai: Gurpea Beti Onak-ek Espainiako Ohorezko Mailan jokatuko du datorren denboraldian. Atarrabiako (Nafarroa) taldeak denboraldi ezin hobea egin du, jokatu dituen partida guztiak irabazita, 30 denera: 28 ligan, eta bi asteburu honetan Arrecifen (Espainia) jokatzen ari diren igoera fasean. Ostiralean San Jose Obrero etxeko taldea menderatu zuten (20-25), eta atzo, Bolaños (24-18). Horri esker ziurtatu dute txartela, azken neurketaren faltan.

Historikoa da nafarrek lortu dutena: Ohorezko Mailan jokatuko duten lehen aldia izango da, harrobiko lana oinarri duen proiektu bati esker. Atarrabiako herrikideek aitortu egin diete egindakoa, eta atzo ehunka lagun elkartu ziren herrian Bolañosen aurkako neurketa ikusteko eta igoera ospatzeko. Gaur ere harrera beroa egingo diote taldeari, Kanaria uharteetatik itzultzen denean.

Beti Onak-en igoerari esker, hiru euskal taldek jokatuko dute datorren sasoian maila gorenean: Super Amara Bera Berak, Zubileta Evolution Zuazok eta Beti Onak-ek. Duela sei urte aritu ziren azkenekoz hiru euskal talde maila horretan: Bera Bera, Zuazo eta Aiala Zarautz. Denbora gehiago pasatu da Nafarroako talde bat aritu zen azkeneko alditik: bederatzi urte. Lizarrako Itxako izan zen azkena, eta sasoi haren amaieran desagertu zen. Beti Onak-ek hutsune hori beteko du ia hamar urte geroago.

Ikusi gehiago:Beti Onak, izena eta izana

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.