Hilberria
Haizea Beruete bertsolari iruindarra zendu da
Bertsolaritzako hainbat esparrutan aritu zen. Nafarroako Txapelketan parte hartu zuen. Bertso eskolako irakasle aritu zen, baita begirale ere bertso udalekuetan, eta Gure aldetara proiektuan ere hartu zuen parte. 28 urte zituen.

Haizea Beruete Lopetegi bertsolari iruindarra zendu da, 28 urte zituela, Bertsoa.eus atariak jakinarazi duenez. Bertsolaritzako hiru plaza garrantzitsutan kantatu zuen: eskolartekoan umetan (Euskal Herriko Eskolarteko finalean 2008an); Nafarroako Bertsolari Txapelketan (2013), Larraintzarren, Julen Zelaieta, Aritz Saragueta, Amaia Elizagoien, Oier Lakuntza eta Ekaitz Astizekin batera; eta Nafarroako Bardoak taldekako txapelketan, Gora 12 Obario eta 11 Pedrada taldean, Erika Lagoma, Saioa Alkaiza eta Irati Majuelo taldekide zituela. Gazte sariketetan ere kantatu zuen: Mariano Izeta sarian eta Xalto sarian, esaterako. 2018an, Barañaingo kopla sariketan hartu zuen parte.
Bat-bateko jardunean eta txapelketan ez ezik, bertsolaritzako beste proiektu batzuetan ere hartu zuen parte. Bertso eskolako irakasle aritu zen, eta bertso udalekuetan ere bai, begirale. Horretaz gain, iaz, Nafarroako Bertsozale Elkartearen eskutik, Gure aldetara proiektuan parte hartu zuen, beste hamahiru emakumezko bertsolarirekin batera. Nafarroako emakume bertsolarien saretzea sustatzeko asmoz, hamalau kantuko diskoa plazaratu zuten, eta, horren harira, bertso jaialdiak ere egin zituzten; horietako batean, gai jartzaile aritu zen Beruete, iazko abuztuan, Iruñeko Ezpeleta jauregian. Sarai Robles, Erika Lagoma, Idoia Granizo eta Amaia Lasheras aritu ziren bertsotan ordukoan.
Halaber, bere sormen bidean, Tripak: huts bete hots poema liburua eta proposamen eszenikoa ondu zituen Beruetek, Eguzki Donnellanekin batera. Proiektuak Gazte Sortzaileak saria jaso zuen 2018an.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.