Heriotza zigorra

Exekuzioak %20 ugaritu ziren iaz munduan, koronabirusari aurre egiteko murrizketak arindu zirela eta

Amnesty Internationalen arabera, 579 lagun exekutatu zituzten 2021ean, hemezortzi herrialdetan; horietako 314, Iranen. Gorakada hori «kezkagarritzat» jo du GKEak.

Irango exekuzioak salatzeko iaz Berlinen egindako protesta bat. FILIP SINGER / EFE
ander perez zala
2022ko maiatzaren 24a
11:58
Entzun

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko murrizketak arindu ziren iaz, eta horrek berekin ekarri zuen exekuzio kopurua handitzea, AI Amnesty Internationalen arabera. Zehazki, %20 ugaritu ziren hilketa horiek 2020ko datuekin konparatuz gero: 579 lagun hil zituzten 2021ean, gehienak Iranen, horietako 314.

AIk urteroko txostena aurkeztu du gaur, eta jakinarazi du «munduko borrerorik emankorrenak beren praktiketara» itzuli zirela iaz, auzitegiek ohiko jarduna berreskuratu zutela baliaturik. GKE gobernuz kanpoko erakundeak hainbat herrialde aipatu ditu dokumentuan, baina batez ere Iranen, Saudi Arabian eta Myanmarren jarri du arreta.

Hori bai, zehaztu du badakitela Txinan, Ipar Korean eta Vietnamen ere egiten dituztela «milaka exekuzio», baina informazio gutxi dutela kopuru ofizialez, estatuek ez dituztelako jakinarazten. Halere, GKEak uste du Asiako potentzian «mila baino gehiago» izan zirela, baina ez du hori erabat ziurtatzeko modurik.

Hortaz, Iranekin batera, Saudi Arabia da exekuzio gehien egin zuen herrialdea —65 hilketa izan ziren—. «2020ko beherakadaren ondoren, Iranek eta Saudi Arabiak berriz ere areagotu zituzten heriotza zigorrak iaz; besteak beste, nazioarteko giza eskubideen zuzenbidea urratuta», esan du AIren idazkari nagusi Agnes Callamardek.

GKEak uste du zenbait herrialde exekuzioa erabiltzen ari direla «estatu errepresiorako tresna» gisara, eta horren adibidetzat jarri du Myanmar: ia 90 lagun hil zituzten 2021ean, «manifestarien eta kazetarien kontrako kanpaina baten» harira. Herrialde horretako armadak kolpe bat eman zuen iragan urteko otsailean, eta harrezkeroztik junta militar bat dago agintean.

Denera, iaz, 2.052 «heriotza sententzia agindu» zituzten 56 herrialdetan, duela bi urte baino %40 bat gehiago. Batez ere Bangladeshen (181 epai), Indian (144) eta Pakistanen (129) egin zuten gora horiek.

«2020ko etenaldiaren harira sorturiko aukerak baliatu beharrean, estatu gutxi batzuek gogoberotasun kezkagarri bat erakutsi zuten heriotza zigorraren alde eginda, delinkuentziaren aurrean egiazko irtenbideen aldeko apustua egin beharrean. Giza eskubideak etenik gabeko premiazko krisian daude, baina estatuek bizitzarako eskubidea gutxietsi dute», Calamardek salatu duenez.

Halere, joera beherantz doa

Iaz gora egin zuen exekuzio kopuruak, baina, oro har, joera behera doa munduan, AIk azaldu duenez, 2021eko datua 2010etik hona kalkulaturiko txikienen artean bigarrena izan baita.

Hala, hemezortzi herrialdetan egin zituzten exekuzioak, baina beste hainbatetan baliorik gabe utzi zuten neurri hori; kasurako, Afrika Erdiko Errepublikan, Ghanan, Kazakhstanen, Malaysian, Papua Ginea Berrian eta Sierra Leonan. AEBetako Virginia estatuak ere erabaki bera hartu zuen, eta Ohiok aurreikusitako exekuzioak gelditu edo berriz programatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.