Euskara

Euskararen aldeko «olatu berri bat» altxatzera deitu du Euskara Aurrera-k

Antolatzaileen arabera, dinamikak izan duen harrera «ona baino hobea» izan da, eta nabarmendu dute euskalduntzean urratsak egiten jarraituko dutela. Besteak beste, egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak exijitu dizkiete administrazio publikoei.

Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskara Aurrrera-k. JON URBE / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 24a
13:54
Entzun

«Indarberrituta» eta Euskal Herriaren berreuskalduntzean «jauzi indartsu bat» egiteko prest. Horrela sentitzen dira euskaltzaleak larunbateko manifestazioaren ondoren. Euskara Aurrera-k mobilizazioaren balorazioa egin du gaur, eta, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearen arabera, jauzi hori egiteko beharrezkoa da, batetik, euskararen aldeko «olatu berri eta berritu bat» altxatzea, eta, bestetik, gaur egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak sortzea.

Euskararen biziberritzeak «egiturazko neurriak» eskatzen dituela ohartarazi du Aginagaldek. Horregatik, hain zuzen ere, eskatu diete administrazio publikoei «beren ardurak» hartzeko; euskaraz bizitzea ez baita norbanakoen «borondate hutsez» gertatuko: «Euskaraz bizi eta aritu ahal izateko baldintzak sortu egin behar dira». Hori lortzeko, «euskararen lurralde osoko» gobernuak interpelatu dituzte, hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten, «berandu baino lehen».

Malen Frantsesena Gazte Euskaltzaleen Sareko kidearen arabera, «oso pozik» daude dinamikak izan duen harrerarekin: «Ona baino hobea izan da kasu guztietan». Era berean, Aginagaldek nabarmendu du deialdiak lorpen bat izan duela «kuantifikagarria» ez dena: euskalgintzan eta gizartean «poza eta ilusioa» piztu dituela, alegia.

Ikusi gehiago:Milaka lagunek Donostiako kaleak hartu dituzte euskararen alde

Adierazi dutenez, «urrats erraldoi bat» egin zuten larunbatean euskalduntzeari dagokionez, baina ohartarazi dute «abiapuntua besterik» ez dela izan; «bagarela eta bagoazela» esateko lehen urratsa izan dela. Horrekin batera, Frantsesenak jakinarazi du pausoak ematen jarraitzeko asmoa dutela: «Gu ez gatoz inor ordezkatzera, guk gure arduraren partea gure egin eta lanean jarraituko dugu euskalduntzean urrats berriak egin daitezen».

Euskararen aldeko pausoak ematen jarraitzeko, baina, «elkarlanean eta lankidetzan» aritu behar direla nabarmendu dute; «orain arte» egin duten bezala. Horregatik, sortutako dinamika «egun bateko lorea izan ez dadin», ekinaldiak ilusioa berpiztu dien guztiei dei egin diete udazkenean euskararen alde egingo diren ekitaldietan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.