Hezkuntza

Ekainaren 5ean kalejira «aldarrikatzailea» egingo dute eskola publikoaren alde

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak «irakurketa ezkorra» egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioaren inguruan. Salatu dute eskola publikoa ez duela hezkuntza sistemaren erdigunean jartzen.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko kideak, gaur goizean, Bilbon. RAUL BOGAJO / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 24a
15:59
Entzun

Hilabete eta erdi igaro da Eusko Legebiltzarrak hezkuntza akordioa onartu zuenetik, eta, ordutik, EAEko Hezkuntza legearen egitasmoa ontzen ari da Eusko Jaurlaritza. Baina Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea kritiko agertu da testu horrekin, eta haren inguruko «irakurketa ezkorra» egin du: «Akordioak ez du jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunea eta lehentasuna izatearen beharra». Eskola publikoaren aldeko protestara deitu dute, eta jakinarazi dute ekainaren 5ean Bastidan (Araba) izango den Euskal Eskola Publikoaren jaian kalejira «aldarrikatzailea» egingo dutela, EH 11 Kolorekoekin batera.

Hezkuntza akordioa ikastetxe publikoaren kontzeptua «birdefinitzen» saiatzen dela adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak, eta uste dute hala jarraitzeak «desoreka eta diskriminazio handiagoa» ekarriko duela: «Jabetza, titulartasuna eta kudeaketa pribatua duten ikastetxeak ezin dira publikotzat hartu: diru publikoa guztion zerbitzura jarri behar da». Plataformaren esanetan, bereizketa horrek lotura zuzena du hezkuntza sare pribatu-itunpekoak Euskal Herrian duen pisuarekin, eta kontatu dute segregazioak iturri handiena izaten jarraituko duela. «Benetako aukera berdintasuna ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko benetako aukera izatean datza», gaineratu dute.

Halaber, plataformak salatu du akordioak ez duela eskola publikoarentzako finantzaketa planik aurreikusten, eta inbertsio plana egitearen garrantzia azpimarratu dute. Besteak beste, ikastetxe publiko berriak sortzeko, azpiegiturak hobetzeko, euskara indartzeko plana egiteko eta hezkuntza ez formala doakoa izateko. «Horri eman behar zaio lehentasuna», nabarmendu dute. Horrez gainera, eskola eta plaza publiko berriak sortzea ere nahi dute, «familia guztiek eskola publikoan ikasteko aukera izan dezaten».

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran lortu beharreko hizkuntza mailaren formulazioa ere gaurkotu da hezkuntza akordioaren bitartez, baina jakinarazi dute litekeena dela erabaki hori euskararen ezagutzarako «oso kaltegarria» izatea: «Euskara biziberritzeko proiektua aldarrikatzen dugu, egungo errealitateak planteatzen dizkigun erronkei arrakastaz aurre egiteko».

Laikotasunari dagokionez, berriz, erlijio ikasgaiaren helburua «doktrinamendua» dela salatu dute, «ikastetxe konfesionalak ez lirateke diru publikoz mantendu behar».

Zenbait mobilizazio

«Akordio txar honetatik lege berri on batera igaro behar da», adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Hori lortzeko «lan mardula» egin beharko dutela aurreratu dute, baina horren alde ekiteko prest daude. Ekainaren 5ean Bastidan egingo den kalejira «aldarrikatzaileaz» gainera, iragarri dute udazkenerako mobilizazioetara deituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.