haritz gallastegi
Analisia

Athletic hazi egin da Marcelinoren aginduetara

2022ko maiatzaren 24a
19:57
Entzun

Marcelinoren aroa aberasgarria izan da Athleticentzat. Taldearen maila hobetu egin da hura Bilbon egon den denboraldi eta erdian. Entrenatzaileen ardura da esku artean dutenari zukua ateratzea, jokalariei daukaten onena erakusteko baliabideak eskaintzea. Egindako lana biribiltzea falta izan zaio, baina taldearen hazkundeak argi erakutsi du teknikari espainiarrak ondo bete duela bere lana.

Marcelinok Athleticen egin duen ibilbidea aletzen hasita, ezinbestekoa da lortutako emaitzak eta jokoa ezberdintzea. Gehienetan lotuta doaz biak ala biak, baina teknikari asturiarrarekin salbuespena egin behar da. Marcelinoren eskutik Athleticek jokoan izan duen hobekuntza ez baita behar lukeen gisara islatu emaitzetan. Athletic talde osoagoa egin du, orekatuagoa. Zuri-gorriek sendotasun handia erakutsi dute azken urteotan. Atzean egindako lana izan da taldearen oinarri nagusia. Bada, defentsako lanean ezer galdu gabe, erasoan arriskutsuagoa bihurtu du taldea. Entrenatzaileek landu ditzaketen arloetan, hazi egin da Bizkaiko taldea. Azken finean, aukera garbi gutxi sortzen zituen lehen, eta azkenaldian, berriz, aurkariaren ate aurrera argitasunez iristeko kapaz izan da Athletic, Marcelinori eta haren lan taldeari esker. Lehoiek gol gehiago sartu edo emaitza hobeak lortu ez badituzte, jokalarien talentu faltaren edota eraginkortasunik ezaren ondorioa izan da. Entrenatzailearen esku ez dauden faktoreengatik, alegia. Bestalde, hazkundea ez da estatistiketan bakarrik islatu. Taldearen bilakaerak eragin zuzena izan du harmailako giroan. Athleticen jarraitzaileek San Mamesera joateko gogoa berreskuratu baitute. Taldea lehiakorra izan da, eta neurketa askotan erakutsi duen jokoak –partida guztiak ez dira onak izan– futbol gosea itzuli die zaleei. Bada zerbait.

Baina arantza txiki bat ere badauka Marcelinoren ibilbideak. Jokoan izandako hazkundea ez da nahikoa izan kirol lorpenetan gauzatzeko. Athleticek lau final jokatu ditu haren aginduetara. Espainiako Superkopa bi eta Kopako beste bi. Asko da. Hori bai, zuzendu dituen final bi Gaizka Garitanoren aroan egindako lanari esker jokatutakoak izan dira. Lau final horietatik Superkopa bat irabazi du talde zuri-gorriak. Finalerdietan Real Madril eta finalean Bartzelona mendean hartuta, gainera. Beste hirurak galdu egin zituen. Bestalde, Europarako txartela eskuratu ez izanak pisua dauka Marcelinok Athleticen egin duen bidean. Orbana da.

Ikusi gehiago:Ez du interesik ikusi

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.