Albistea entzun

Ez du interesik ikusi

Marcelino Garciak uko egin dio Athleticen jarraitzeko aukerari, hiru hautagaien partetik ez duelako proiektu bat garatzeko apusturik ikusi. Penatuta doa

Marcelino Garcia Toral, atzo, Athleticeko aulkian ez duela segituko iragartzeko prentsaurrekoan.
Marcelino Garcia Toral, atzo, Athleticeko aulkian ez duela segituko iragartzeko prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2022ko maiatzak 25 - Bilbo

Marcelino Garcia Toralek ez du Athleticen jarraituko. Teknikari espainiarrak eta bere lantaldeak amaitutzat eman dute klub zuri-gorrian egin duten hamazazpi hilabeteko egonaldia. Ez da ezustekoa izan. Klubean aro berri bat hasiko da, eta gehienetan, presidente aldaketak eragina izaten du San Mameseko aulkian. Marcelino aspaldi konturatu zen horretaz. Hautagaiek ez dute haren aldeko apustua egin, eta, babesik izan ez duenez «albo batera» egitea erabaki du. «Askatasunez lan egiten utzi diguten agintariek jarraitu izan balute, onartu egingo genuke kontratua luzatzeko eskaintza. Haien konfiantza izan dugu, eta proiektu bat garatzeko aukera ikusten genuen. Baina banoa, bagoaz».

Ikusi gehiago: Analisia. Haritz Gallastegi: 'Athletic hazi egin da Marcelinoren aginduetara'

Azaldu zuenez, klubak—hautagaiek— ez diote behar duen babesa eskaintzen. «Ez didate epe ertain eta luzera egitasmo bat garatzeko konfiantzarik ematen. Ez dut interesik ikusi», adierazi zuen bere erabakia arrazoitzea egokitu zitzaionean.

Teknikaria ez dago kexatzeko moduan. Ondo babestuta agurtu zuen Athletic. Teknikariaren eta Aitor Elizegi jarduneko presidentearen arteko besarkadarekin hasi zen agerraldia. Prentsa aretoko lehen eserlekuetan Iker Muniain kapitaina, Jose Angel Iribar klubeko ordezkari nagusia, zuzendaritzako kideak eta teknikariaren lantaldeko kideak egon ziren.

Hunkituta irakurri zuen agurreko oharra. Asko gozatu baitu Athleticen, inoiz baino gehiago. «Pena handia ematen digu Athletic uztea. Entrenatzaile batentzat gaitza da bere lanbideaz gozatzea guk hemen egin dugun bezala. Ia hogei urteko ibilbide profesionala daramat, eta, oso talde onak zuzendu ditudan arren, ez dut Athleticen aurkitu dudan jokalari talderik ezagutu. Klub ezberdina da».

Lan egiteko baldintza aproposak izan ditu entrenatzaileak: zuzendaritzaren eta kirol zuzendariaren babesa eta laguntza handia izan du, Lezaman behar dituen baliabide guztiak aurkitu ditu eta jokalariek barruan duten guztia eman dute hobetzeko. «Entrenatzaile batentzat futbolari batek hazteko bere esku dagoen guztia egitea baino gauza handiagorik ez dago». Horregatik guztiagatik, barne borroka handia izan du erabakia hartu aurretik. Bihotzak jarraitzeko eskatzen zion, baina buruak ezin zuela aurrera egin agintzen zion. Agintarien erabateko konfiantza barik ezinezkoa delako proiektu bat garatzea. Buruak irabazi du. Hala ere, ez dauka ezer klub zuri-gorriko presidente izan gura duten hiru hautagaien kontra. «Ez nago minduta. Normala da. Hautagaiek ondo neurtu behar dituzte pauso guztiak. Ondo ezagutzen ditut futboleko arauak».

Behin baino gehiagotan hitz egin du Ricardo Barkalarekin eta Iñaki Aretxabaletarekin, baina ez da inoiz elkartu Jon Uriarterekin. Enpresari gazteak aurkezteko erabakia hartu aurretik ez segitzeko hautua egina zuen.

Hazteko tartea

Talde zuri-gorriko jarraitzaileen artean ez dira gutxi uste dutenak mesede egin diola presidente izateko lehiak. Ez dagoela garbi hautagai batek bere aldeko apustua egin izan balu baiezkoa emango zuenik. Bada, alde horretatik taldeari zuku handiagoa ateratzeko kapaz ikusten zuen teknikariak bere burua. Jokalariekin bat egin du, eta bere jokatzeko eran sinetsi dutela ikusita, azken urte eta erdian erakutsitako joko maila eta emaitzak hobetzeko kapaz izango zela iritzi dio. «Taldea hazten ari da. Aurrera egin du. Gogoa jarrita eta egiten ari den lanean sinistuz gero, hobetu egiten da. Zenbat hobetu dezakeen taldeak? Denborak esango du. Jokalariek dena eman dute, eta uste dugu askoz gehiago eman dezaketela».

Marcelino iragana da Athleticen. Beraz, garai egokia da balorazioak egiteko. Eta ez da txarra lortu duen uzta. Athleticek lau final jokatu ditu bere gidaritzapean. Espainiako Kopako final bi eta Superkopako beste bi. Lau final horietatik Superkopa bat irabazi du. Horretaz gain, Europarako sailkatu ez arren, aurreko sasoian baino bederatzi puntu gehiago eskuratu ditu Ligan eta, gainera, jarraitzaileen artean ilusioa piztea lortu du egindako joko zuzen eta biziari esker.

Egindako lana biribiltzea falta izan zaion arren, onetik txarretik baino gehiago izan du haren ekarpenak. «Kolpe latzak hartu ditugu, baina finalak jokatzea edo finalak jokatzeko borrokan egotea zaila da. Meritu handia dauka klubak duen filosofiarekin borrokan egoteak. Bilbon ahaztu egiten zaigu, baina, kanpora joanez gero, konturatuko zarete nola baloratzen duten Athleticek egiten duena. Ezin gara konformatu lortu dugunarekin, gehiago gura genuen, baina, era berean, aintzat hartzen dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urdaibai iaz, Bermeoko estropadan, ziaboga batean. ©AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA
 ©BO AMSTRUP / EFE

Euripean irabazi du Lampaertek

Beñat Mujika Telleria

Eguraldi makurrak baldintzatu du erlojupekoa Tourreko lehen etapan. Faboritoen artean, Tadej Pogacarrek erakustaldia eman du
 ©MIGUEL ANGEL POLO / EFE

«Entrenatzaileak izan behar du taldeko umilena»

Ainara Arratibel Gascon

Gasteiztarra loria gehien duen euskal saskibaloi entrenatzailea da, Pablo Lasorekin batera. Hungarian, Errusian eta Turkian entrenatu du, eta garaipen zerrenda oparoa du. Gertutasuna eta exijentzia ditu oinarri.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...