Batarenak biziagoak, eta bestearenak motelagoak

Lasok eta Ezkurdiak buruz buruko finalerako materiala aukeratu dute, Nafarroa Arenan. Gustura gelditu dira biak.

Unai Laso eta Joseba Ezkurdia buruz buruko finalerako material aukeraketan, Nafarroa Arenan. IÑGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko maiatzaren 25a
14:58
Entzun

Berotzen hasi da giroa buruz buruko finalerako material aukeraketan. Nafarroa Arenan egon dira Ioseba Ezkurdia eta Unai Laso, eta gustura geratu dira biak aukeratutako pilotekin. Ezkurdia izan da aukeratzen lehena: «Nik uste dut Unairenak biziagoak direla: gehiago irteten dira frontisetik. Nireak gutxiago ateratzen dira, baina zoruan azkarragoak dira». Lasok aukeratu ditu gero. Kontent da hartutako erabakiarekin: «Josebarenak motelagoak dira, denbora emateko pilotari emateko. Azkenean, bakoitzak bere estrategia dauka».

Bi egun besterik ez dute izan frontoian entrenatu ahal izateko. Atzo entrenatu zen Laso: «Gustura aritu nintzen; frontoia bizia da, ni bezala». Ezkurdia ere «gustura» entrenatu da frontoian, eta igandera arte ez da berriz frontoira irtengo: «Frontoia gogorra da, baina ez da zaila; dezente irteten da pilota frontisetik».

Biek aipatu dute frontisetik azkar ateratzen dela pilota, eta horrek kezkatzen du Ezkurdia: «Unai pilotari oldakorrra da; kolpe handikoa. Frontisetik altuera oso ondo hartzen du, eta frontoi honetan min handia egiterik dauka». Hortaz, Laso «deseroso» jarri nahi du, eta frontisetik urrundu. Lasoren arabera, partida «gogorra» izanen da, eta berak ere Ezkurdia «deseroso» jarri nahi du: «Ea ondo kudeatzen ditudan nerbioak eta tentsioak».

Ohi baino ikusle gehiago egon da nafar pilotariei begira, eta buruz buruko finalak horrenbeste jende mugitzea «oso polita» dela esan du Ezkurdiak. Ez dute askotan frontoia irekitzen, eta Lasoren ustez, jendea gehienbat frontoia ikusteko gogoz zegoen: «Giro izugarria egonen da igandean». Lasoren arabera, ez dago faboritorik; beraz, biak dira pareko. Ezkurdiak, ordea, uste du Laso dela faboritoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.