Europako funtsak

Europako kredituen banaketan parte hartu nahi du Jaurlaritzak

Laguntza zuzenen banaketa bizkortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta enpresa txikiak kanpoan ez uzteko.

Urkullu lehendakaria, asteazken honetan, Next Generation funtsen inguruan Bilbon eginiko jardunaldietan. JON RODRIGUEZ / IREKIA
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 25a
17:56
Entzun

Europako Batasunaren Next Generation funtsetatik 140.000 milioi euro jasoko ditu Espainiako Gobernuak, erdia inguru diru laguntza zuzenetan eta beste erdia kredituetan. Dagoeneko hasi da laguntza zuzenen zati bat jasotzen eta banatzen, baina, kredituak eskuratzeko, plan bat aurkeztu behar dio Bruselari, eta horren diseinuan parte hartu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Eskaera egin dio Espainiako Gobernuari, baina, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, erantzunik ez du jaso «oraingoz», eta kezkatuta agertu da litekeena delako laguntza zuzenekin darabilen estrategia bera erabiltzeko asmoa izatea.

Europako funtsei buruz Bilbon egindako jardunaldi batean egin du kredituen banaketan parte hartzeko eskaera. Azpimarratu du egungo egoera ekonomikoan ezinbestekoa dela Europako laguntzak modu «arin eta etengabean» iristea, eta, horretarako, tokiko erakundeen parte hartzea lagungarria dela. Lehendakariak adierazi duenez, laguntza zuzenetan 2021. eta 2022. urteetarako aurreikusitako 52.000 milioietatik 12.000 milioi baino ez ditu banatu Madrilek —900 milioi Araba, Bizkai eta Gipuzkoan—, eta izapideak bizkortzeko eskatu dio.

Espainiako Gobernuaren planaren arabera, diru laguntza zuzenen zatirik handiena berak diseinatutako plan estrategikoen —ESEPE izenekoak; auto elektrikoarena, energia berriztagarriena...— barruan sartzen diren egitasmoen artean banatuko dira. Urkulluren arabera, ESEPEak oso mantso garatzen ari dira, eta uste du horien diseinuan «parte hartze handiagoa» izan behar luketela autonomia erkidegoek, «ezagutza handiagoa» dutelako beren produkzio sareei buruz, eta haien bitartez saihestu egingo litzatekeelako enpresek laguntzak jasotzeko «leihatila ezberdinetara» jo behar izatea.

Jaurlaritzak aspaldi egin zuen ESEPE autonomikoak sortzeko eskaera, baina Espainiako Gobernuak ez du babestu, eta zaila dirudi kredituen banaketarako planaren diseinuan parte hartzeko eskaera ere aintzat hartzea.

«Burokrazian itota»

Urkulluren arabera, Madrilek iragarritako ESEPE batzuk bat datoz euskal industria sarearekin, eta aukera asko ikusten du bertako egitasmoak Madrilen planetan sartzea, baina kezka agertu du litekeena delako enpresa ertain eta txiki ugari kanpoan geratzea, «burokrazian itota». Era berean, uste du ESEPE autonomikoen bidez Europatik baliabide gehiago lor daitezkeela: adibidez, 3R eskualde espezializazioko estrategiakoak (sektore biosanitariorako, energiaren alorrerako eta 4.0 industriarako). Urkulluk kritikatu du Madrilek diseinatutako ESEPEetan lekurik ez dutela izango alor horietako proiektu batzuek.

Foro berean parte hartu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Azaldu duenez, Espainiako Gobernuak onartutako hamar ESEPEetatik aurreratuena auto elektrikoena da, baina azpimarratu du hori garatzeko «arazoak» daudela. Salatu du Madrilek ezabatu egin duela laguntza jasoko duten proiektu handietan enpresa txiki eta ertainak egoteko betebeharra; gogorarazi du hasieran partzuergo horiek osatzen zuten enpresen %30ek enpresa ertain eta txikiak izan behar zutela, eta orain nahikoa dela «azpikontratak» izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.