'Pegasus auzia'

Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko asmoa adierazi du Sanchezek

CNIk egindako espioitzak defendatu ditu, eta gainerakoen gaineko erantzukizun oro ukatu.

Pedro Sanchez, gaur goizeko agerraldian. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 26a
10:46
Entzun

Citizen Lab ikerketa zentroak bere txostena argitaratu eta hilabete baino gehiago igaro dela eman ditu Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek aferaren inguruko lehen azalpenak, EH Bilduk, ERCk eta JxCk hala eskatuta. CNI Espainiako zerbitzu sekretuek aitortutako zelatak defendatu egin ditu presidenteak, eta gainerakoekin zerikusirik ez dutela gehitu. Aldarri zaharrak ere gogoratu ditu: 1968ko Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren kontrol judiziala arautzeko legea erreformatzeko asmoa adierazi du. Gainerako alderdiek ez diete sinesgarritasun handirik eman proposamenei eta azalpenei.

Espainiako Gobernuko presidenteak «gardentasuna», «justiziarekiko kolaborazioa» eta «zerbitzu publikoak indartzea» jo ditu gobernuaren oinarri gisa, eta «onbideratze demokratikoaren» aldeko konpromisoa adierazi du, baita segurtasun nazionaleko aferetan ere. Ikuspegi hori defendatzeko, Sanchezek bere diskurtsoaren zati handi bat eskaini dio PPren eta hark gidatutako gobernuen ustelkeria kasuak gogoratzeari.

Eguneko gaian sakonduz, berriz, azken asteetako gertakarien errepaso bat egin du. Hala, estatuko arartekoaren txostenean oinarrituta, adierazi du azken asteetan hiru egitate soilik frogatu direla: CNIk baimen judiziala zuela hemezortzi kide independentistak espiatzeko, zerbitzu sekretuen eta epailearen ekintzak legalki egin zirela, eta helburuak ongi zehaztuta zeudela.

Beraz, presidenteak defendatu egin ditu CNIk bere gain hartutako espioitzak, Kataluniako independentzia aldarrikapena eta buruzagi politiko eta sozialen aurkako epaien osteko protestak argudio gisa erabilita. Haiek «segurtasun nazionalerako kezka iturri» izan zirela azaldu du. Halere, uko egin dio zelaten erantzukizuna bere gain hartzeari, CNIk gobernua informatzen duela onartu duen arren zerbitzu sekretuen operazioak zuzendu izana ukatu baitu: «Gobernuak ez du operazioen gainean erabakitzen. Ez gobernu honekin».

Hortik aurrera, esan du «zalantzak» dituela Citizen Lab ikerketa zentroak eginiko ikerketaren inguruan, baina gogoratu du ikerketa hark ez dituela zelatak entitate jakin batekin lotzen; hau da, ez dituela Espainiako segurtasun indarrekin lotzen. Horrela, «sakoneko estatu bat» dagoela ukatu du. Espainiako Gobernuko kideek jasandako erasoez mintzatzean, berriz, nabarmendu du «garden» jokatu dutela afera Auzitegi Nazionalaren esku jarri eta iritzi publikoari haren berri emanda: «Egitate bat da segurtasun akats bat egon dela».

Orain arte hartutako neurriez, berriz, Sekretu Ofizialen Batzordean talde parlamentario guztien parte hartzea sustatu izana defendatu du, eta gehitu estatuko arartekoaren ikerketa ere bultzatu dutela. Era berean, auzitegiek eskatu ditzaketen informazioak desklasifikatzeko borondatea adierazi du, betiere ez badute segurtasun nazionala arriskuan jartzen.

<strong>«Bermeak»</strong>

Aurrera begira, Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren kontrolerako legea jarri ditu jomugan. «Funtsezkoa da oinarri demokratiko eta konstituzionaletara eta nazioarteko estandar onenetara egokitzea araudia», adierazi du Sanchezek lege frankistaz hitz egitean. Haren erreforma gobernuaren plan normatiboaren parte izan da azken bi urteetan, eta hura gauzatzeko urratsak iragarri zituen duela urtebete inguru. Ordutik, baina, ez da aurrerapausorik eman.

Bigarrenaz, berriz, azaldu du estatuko arartekoaren gomendioei men egingo diela, «kontrolaren bermeak indartzeko» eta norbanakoen eskubideak bermatzeko. Besteak beste, legedi berria aurrera ateraz gero, CNIko buruak urtean behin azalpenak eman beharko lituzke Espainiako Kongresuan.

Presidenteak adierazi du egungo legediak nahikoa berme judizial, ekonomiko eta politiko dituela Espainiako zerbitzu sekretuek «legez kanpo» ekiten ez dutela kontrolatzeko, baina «iraultza teknologikoaren azeleraziora» egokitu beharra ere nabarmendu du: «Etorkizunean segurtasuna handitzeko eta blindatzeko lan egiten jarraituko dugu». Hala, legedi aldaketez gain, beste zenbait neurri ere iragarri ditu; tartean, defentsarako aurrekontuak handitzea, zerbitzu sekretuetarako diru sailak barne.

Kataluniako gatazkari erantzuteko elkarrizketaren bidea jorratuko duela ere azaldu du, «inoiz utzi behar ez zena». Haren esanetan, «gatazka politikoa» gainditu gabe dago, eta bere «erabakimen politiko guztia» erabiliko du horretako. Hala, 2017ra itzuli nahi dutenen aurrean eztabaida politikoa sustatuko duela gehitu du, PPri aipamen eginez.

Azalpen falta

Sanchezen proposamenei erantzunez, Euskal Herriko alderdi abertzaleek beharrezkotzat jo dute Sekretu Ofizialen Legea eta CNI kontrolatzeko legea aldatzea; esaterako, EAJk aurreko astean adierazi zuen proposamen bat aurkeztuko zuela zerbitzu sekretuen kontrolerako legea erreformatzeko. Halere, EAJko Aitor Estebanen eta EH Bilduko Mertxe Aizpuruaren esanetan, aldaketa asmo horiek ez dute gobernua salbuesten Pegasus auziaren gaineko ikerketa amaieraraino eramatetik.

Estebanek kritikatu du «oso larria» litzatekeela pentsatzea zerbitzu sekretuek «zelula autonomo» gisa funtzionatzen dutela: «Uste bazenuen [adierazpen horiekin] lasaitu egingo ginela, oker zaude». Hala, azaldu du informazio horien berri izan behar duela, baina horiek bere mesedetan erabili gabe. Gobernuko kideen kontrako espioitzez, berriz, azaldu du «imajinatzen» duela nor dagoen haien atzean, Marokori erreferentzia eginda.

Aizpuruak, berriz, galdera sorta bat bota dio: «Ez bazinen zu izan, nork agindu zuen? Suposatu behar dugu CNIk gobernua alde batera utzita ekiten duela? Nori erantzuten dio?». Hark legezko eta legitimo kontzeptuen artean bereizteko ere eskatu dio, eta gogoratu kasu honetan «aurrerapen sozialak aurrera egitea baimentzen dutenak» izan direla espiatuak:hau da, gobernuaren balizko bazkideak. Hala, uste du gobernua ez dela «sakoneko estatua» kontrolatzeko gai, eta haiek gobernuaren aurka ari direla. Hortik aurrera, espioitzak «ikertzeko, argitzeko eta ardurak garbitzeko» exijitu dio.

Kataluniako indar independentistek ere bide beretik jo dute, eta ez dituzte ontzat jo Sanchezen azalpenak. «Zertara etorri zara?», galdetu dio ERCko eledun Gabriel Rufianek, eta gogoratu presidentea bera dela CNIren arduradun nagusia: «Zertarako agindu kontrol gehiago, kontrolatzaile nagusia zu bazara?». Era berean, Sanchezek aipatutako legezko espioitzen arrazoiei dagokienez, galdetu du ea berdin ekingo lukeen sindikatuek errepide bat trabatuko balute.

PDeCATeko Ferran Belek Sanchezi gaitzetsi dio bere jarrerak egoera «okertu» duela, besteak beste ikerketa batzorde bat eratzearen aurka eginez. JxCko Miriam Noguerasek, berriz, «elkarrizketa magikoak» baztertzeko eskatu du, Sanchezi espioitzen erantzule nagusia izatea egoztearekin batera. CUPeko Mireia Vehik, berriz, azalpen eta ardura falta kritikatu ditu, eta «errespetua galdu» izana leporatu dio presidenteari.

Unidas Podemoseko eledun Jaume Asens ez da hain gogorra izan Sanchezekin, eta txalotu egin ditu iragarritako lege aldaketak. Halere, «ausardiaz» jokatzeko eta «estoldak» garbitzeko eskatu dio: «Demokrazian, hitz egiten da arerioekin, ez haiek espiatu».

Eskuineko alderdien ikuspegia bestelakoa da. PPko Cuca Gamarrak Sanchezi aurpegiratu dio buruzagi independentistei indultua eman izana CNI haien alderdikideak espiatzen ari zen bitartean. Ciudadanoseko Ines Arrimadasek, berriz, haiekin itunak egiten jarraitzea kritikatu dio, eta erakunde publikoen aurka egitea gaitzetsi. Voxeko Santiago Abascalek zalantzan jarri du Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako espioitza, eta eskuineko gainerako alderdiei eskatu die PSOEtik aldentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.