TXIRRINDULARITZA

Joao Almeidak Giroa utzi du, positibo eman baitu COVID-19 proban

Portugaldarra zen Mikel Landaren aurkari nagusia podiumera igotzeko: arabarrak 49 segundoren aldea zuen. Orain, 4.43ra du laugarren sailkatua: Vincenzo Nibali

Joao Almeida, helmugara iristen, atzo. MAURIZIO BRAMBATTI / EFE
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 26a
12:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Albiste garrantzitsu bat izan da Italiako Giroan, hemezortzigarren etapa hasi aurretik. UAE taldeak jakinarazi du Joao Almeidak positibo eman duela COVID-19an, eta, horren ondorioz, txirrindulari portugaldarrak lasterketa utzi duela.

Almeidaren erretiroak mesede egiten dio Mikel Landari (Bahrain). Izan ere, hura zen txirrindulari arabarraren aurkari nagusia podiumera igotzeko: hirugarren zen Landa, eta laugarren Almeida, 49 segundora. Orain, abantaila askoz handiagoa du Landak, ia bost minutukoa: Vincenzo Nibali italiarra da laugarren (Bahrain), 4.43ra.

Giroa amaitzeko lau etapa falta direla, Richard Carapaz da lehen sailkatua (Ineos). Txirrindulari ekuadortarrak hiru segundo besterik ez dio ateratzen Jai Hindley australiarrari (Bora), eta 1.05 Landari. Nibali laugarren postuan dago, 5.48ra, eta Pello Bilbao (Bahrain), bosgarrenean, 6.19ra. Gernikarrak postu bat egin du gora Almeidak erretiroa hartu eta gero.

Gaur, hemezortzigarren etapa jokatuko dute, Borgo Valsugana eta Treviso artean. Txirrindulariek 156 kilometro egin beharko dituzte. Ez du aparteko zailtasunik, eta, itxuraz, oso aproposa da esprinterrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.