Diplomazia

Txinak segurtasuna handitzeko akordioa lortu nahi du Pazifikoko hamar herrialderekin

Pekinek «partaidetza handiagoa» izatea nahi du polizia zaintzan, zibersegurtasunean eta itsas kartografian. Itunak kezka handia eragin diezaioke Mendebaldeari. 

jarraia213912.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 26a
18:26
Entzun

Asia-Pazifikoko hamar herrialderekin segurtasun eremua zabaltzeko eta harremanak sendotzeko akordio zabal bat lortzea du xede Txinako Gobernuak, The Guardian egunkariak gaur aurreratu duenez. Argitaratutako zirriborroaren arabera, Pekinek «partaidetza handiagoa» izatea nahi du polizia zaintzan, zibersegurtasunean, itsas kartografian eta baliabide naturaletako sarbidean. Asiako erraldoiaren asmoak zein diren jakinda, itun horrek kezka handia eragin diezaieke akordio horren aurka dauden Ozeano Bareko zenbait herrialdetako agintariei, baita Mendebaldeari ere.

Zirriborro horrek bost urteko ekintza plan bat jasotzen du, eta Txinak askotariko gaiak jorratu nahi ditu; besteak beste, merkataritza, finantzaketa eta inbertsioa, turismoa, osasun publikoa, eta mandarin txinera eta kultura trukea. Hain zuzen ere, 2018arekin alderatuta, Pekinek 2025erako aldebiko merkataritzaren bolumena bikoizteko konpromisoa berretsi du, eta Asia-Pazifikoko uharteei bi milioi dolar —1,85 milioi euro— emango dizkie COVID-19aren ondorioei aurre egiteko, baita berrehun mediku txinatar bidali ere.

Ituna lortzeko helburuarekin, Txinako Atzerri ministro Wang Yi Asia-Pazifikoko zortzi herrialdetan izango da datozen hamar egunetan, bertako agintariekin gaiaz eztabaidatzeko: Kiribatin, Samoan, Fijin, Tongan, Vanuatun, Papua Ginea Berrian, eta Ekialdeko Timorren. Hasteko, Yi Salomon Uharteetako jarduneko gobernadore nagusi Patteson Otirekin bildu da gaur, Honiara hiriburuan. Txinako Atzerri ministroak nabarmendu du Asiako erraldoiak sostengua emango diola uhartediari bere «subiranotasun nazionala, segurtasuna eta lurralde osotasuna babesteko».

Pekinek eta Honiarak segurtasun lankidetzako akordio bat sinatu zuten duela hilabete pasatxo, zeinak bi herrialdeen arteko lankidetza ahalbidetuko duen uhartediko «ordena soziala mantentzeko, herritarren segurtasuna bermatzeko, laguntza emateko eta hondamendi naturalei aurre egiteko», esaterako. Itun horrek mesfidantza eragin du Asia-Pazifikoan, eta Quad aliantzak —AEBek, Japoniak, Indiak eta Australiak osatzen dute— Txinari joan den astelehenean leporatu zioten «indopazifikoan bereziki» statu quo-a «indarrez» aldatu nahi izatea.

Australia eta Mikronesia

Australiako lehen ministro karguaz jabetu berri den Anthony Albanesek adierazi du Txinak Asia-Pazifikoan duen eragina «handitzeko» mugimenduei «erantzun» egin behar diela. Horretarako, Canberra Pekini aurreratu zaio, eta Australiako Atzerri ministro Penny Wong Fijira joan da, eta Frank Bainimarama lehen ministroarekin batzartuko da bihar. Bainimaramak, berriz, Twitterren idatzi du Fijiko herritarrak lehenetsiko dituela Australiako eta Txinako ordezkariekin izango dituen bileretan, baita nazioarteko zuzenbidea aintzat hartu ere.

Mikronesiako Estatu Federatuetako presidente David Panuelok, bestalde, ohartarazi du Pekinek Asia-Pazifikoan hedatzeko dituen asmoek eskualdearen egonkortasunari «mehatxu» egiten diotela, eta horrek Txinaren eta Mendebaldearen arteko «gerra hotz berri bat» eragin dezakeela. Mikronesiako presidentearen ustez, Txinak eskualdeko uharteekin duen segurtasun-akordio posibleak erabateko aldaketa ekarriko luke «Ozeano Bareko dinamika historikoan», ABC Australiako telebista kateak zabaldu duen gutunak adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.