Langile publikoak

LABen arabera, «egiturazko milaka lanpostu» geratu dira egonkortze deialdietatik kanpo

Sindikatuak auzitara jotzeko aukera aztertuko du. Jaurlaritzaren «utzikeria eta aldebakartasuna» salatu du.

Lan deialdi publiko batera aurkeztutako hautagai batzuk, azterketa egiten. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 27a
11:42
Entzun

Administrazioko behin-behinekotasun tasa jaisteko Eusko Jaurlaritzak iragarri dituen lan eskaintza publikoak kritikatu ditu LABek. Uste du ez dituela eskaini egiturazkoak diren «milaka lanpostu». Komunikabideei bidalitako ohar batean, Jaurlaritzaren jarrera salatu du, ez duelako sindikatuekin negoziatu nahi izan atera beharko liratekeen postuen zerrenda, eta ez dielako eman nahi izan behin-behinean dauden postu guztien berri. «Lanpostuen zerrendetan agertzen ez diren egiturazko milaka lanpostu deialdi horietatik kanpo geratuko dira», ohartarazi du.

Osakidetza jarri du adibide gisa. Sindikatuaren arabera, gaur egun 29.000 langile inguruko egiturazko lantaldea onartua du Jaurlaritzak, baina gaur egun 16.000 langile inguru dira plaza baten jabe. Hori hala, 13.000 egiturazko lanpostu daude behin-behineko langileekin, eta Jaurlaritzak 3.700 postu baino ez ditu atera lan deialdi publiko berezian. Hezkuntzan egoera «antzekoa» dela dio sindikatuak. Ikastetxeetako egiturazko lanpostuak zehaztu, eta horiek egonkortzeko borrokan ari direla azpimarratu du.

Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen aurkeztu beharko ditu oposizioetako oinarriak, eta horri buruzko kezka ere adierazi du, ez baitu agertu mahai sektorialetako ordezkariekin adosteko borondaterik. «Negoziazio hauetan helburu argi bat dugu; urte luzez iruzurrean lanean aritu diren langile guztiak beren lanpostuetan finkatzea. Horretara bideratuko ditugu gure indar guztiak», azpimarratu du LABek.

Jaurlaritzaren «utzikeria eta aldebakartasuna» ikusita, sindikatuak ohartarazi du ez duela baztertzen auzitara jotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.