Begoñako hilerria

Begoñako hilerriko lanak urte amaierarako amaitu nahi ditu Bilboko Udalak

Hasierako aurreikuspena 1.000 gorpu inguru aurkitzea zen, baina 2.926 aurkitu dituzte dagoeneko. Oraindik eremu handi bat geratzen da ikertzeko, eta kalkulatu dute litekeena dela hor beste 2.100 gorpu egotea; haietako batzuk, hobi komunetan.

Begoñako hilerria iazko urrian, lanak hasi berri. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko maiatzaren 27a
14:13
Entzun

Atzo jakin zen albistea: baliteke hasieran uste baino bost bider gorpu gehiago egotea Bilboko Begoñako hilerrian. Parke bat egin nahi du bertan udalak; horregatik ari dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak indusketak egiten, eta gaur eman dituzte lan horiei buruzko zehaztapen teknikoak. Dagoeneko lursailaren erdia baino gehiago aztertu dute, eta orain zuhaitz batzuk kenduko dituzte ikertzeko geratzen den lekuan, uste dutelako azpian gorpu ugari geratzen direla.

«Sumatzen genuen proiektuaren eskala, baina ez genekien hainbestekoa hartuko zuenik», adierazi du Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak. XIX. eta XX. mendeetan hobiratu zituzten bertan gorpuak, lurra Begoñako antzinako errepublikaren parte zenetik hasita. 2006an zarratu zuten, eta lur sail horren iragana azaleratu du orain ikerketak.

Oraindik asko egiteko

Ikerketaren lehen faserako 325.000 euroko aurrekontu bat onartu zuten, eta urrian ekin zioten lanei. Aurkitutakoa uste zen baino handiagoa denez, beste aurrekontu bat onartu dute orain bigarren faseko lanak egiteko, 570.000 eurokoa. 2.926 gorpu aurkitu dituzte oraingoz, eta Aranzadikoek uste dute oraindik 2.100 ateratzeko daudela. Hilerrian dauden zuhaitzen azpian daudela uste dute. Arbolek ez dute balio botaniko handirik, ordea, eta bakarra baino ez dute mantenduko.

Anartz Ormaza Aranzadiko kidea da ikerketa proiektuaren koordinatzailea, eta, azaldu duenez, geruzaka antolatuta daude gorpuak hilerrian. Erregistroek eman zieten pista, eta horregatik ondorioztatu zuten maila bi zeudela. Azkenean, baina, kanposantuaren zenbait eremutan bost geruza aurkitu dituzte. Ustekabeko aurkikuntzek baldintzatu dute ikerketa, eta, lanak urte amaierarako amaituta egotea espero duten arren, epea kalkulatzea zaila dela uste dute ikertzaileek.

Iritzi bera azaldu du udaleko zinegotziak ere. «Seguruenik indusketaren azken faseak eta parkearen diseinurako lehiaketa aldi berean egingo ditugu, baina, ikusita zelako aurkikuntzak egiten ari garen, denbora igaro ahala erabaki beharko dugu», zehaztu du Abaunzak.

Hobi komunek, informazio asko

Topatutako gehienak banakako lurperatzeak badira ere, hainbat hobi komun ere aurkitu dituzte. Esanguratsuenak Lehen Karlistaldikoa eta 1936ko Gerrakoa izan dira. «Kuriosoa da, bakoitzean kopuru bera aurkitu genuelako, 46 pertsona, nahiz eta 100 urteko tartea egon haien artean», azaldu du Aranzadiko ikerlariak.

Beste hobi komunetako bat izurrite baten ondorio izan zela uste dute. XIX. mendearen amaierakoa da, haien kalkuluen arabera, eta, «seguruenik», kolerak eragindako hildakoena. Baliteke laugarren hobi komuna izatea hilerriko gorpu zaharrenak dauzkana. XIX. mendearen hasierakoa da, 60 gorpu dauzka bertan, eta gehienak gizonezkoenak dira. Han aurkitutako zortzi marabeditako txanpon batek lagundu die adina kalkulatzen ikertzaileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.