Albistea entzun

Osasuna

Beldurra eta galderak, «galdera asko»

Haurdunaldian zeudela jakinarazi zieten Enara Idigorasi eta Kathleen Philipsi euren semeek kardiopatia bat zeukatela. Bakarrik sentitu ziren hasieran, baina itxaropentsu daude medikuntzaren aurrerapenekin

Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza -

2022ko maiatzak 29 13:47

Haurdun zegoela esan zioten Enara Idigoras hondarribiarrari Ibai semeak kardiopatia bat zeukala. “Arina zela esan ziguten, baina beldurra sentitu nuen”. Albistea jasotzearekin batera, Osakidetzako lantalde guztiaren babesa sentitu zutela esan du Idigorasek. “Arrisku handiko haurdunaldia izan zen nirea, eta hiru astez behin joaten nintzen osasun azterketa egitera”. Ekografiek errealitate bat islatu zuten. “Baina argi esan ziguten jaiotakoan ikusiko zutela haurra nola moldatuko zen bere kasa. Jaio eta ZIU zainketa intentsiboen unitatera eraman zuten semea zuzenean, eta hori izan zen gogorrena, semea han ikustea. Bagenekien hala gertatuko zela, azterketa guztiak egin behar zizkiotelako, baina momentua iristean…”.

Kathleen Philipsi ere haurdunaldian egin zioten diagnostikoa. “Hirugarren hilabeteko azterketan jada ikusi zuten zerbait”. Bikiak zeuzkan, Sion eta Ekhi, eta bietako bati antzeman zioten “anomalia”: Sioni. “Bosgarren hilabetean aipatu ziguten, lehen aldiz, kardiopatia hitza. Aurretik hainbat azterketa egin zizkidaten, genetika arazoren bat ote zegoen jakiteko, baina aukera guztiak baztertu zituzten [haurdunaldiko 33. astean jaio ziren bikiak]”. Idigorasen gisa berean, Philipsek ere “ezjakintasuna eta beldur handia” sentitu zituen momentu horretan. “Galdera asko etorri zitzaizkidan burura, eta berehala hasi nintzen Interneten informazio bila”. Arrisku handiko haurdunaldia izan zen harena ere, eta “jarraipen zorrotza” egin zioten Donostia ospitalean.

Ibaik anaia zaharragoa dauka, Markel, 8 urtekoa. “Eta harentzat ere ez da ari erraza izaten prozesua”, azaldu du Idigorasek. “Gurasoak ospitalean, anaiarekin beti oso kontuz ibili behar… Azkenerako, familia guztiak behar izaten du laguntza profesionala, eta, noski, baita Markelek ere”.

Ibairen kasuan, une batean okerrera egin zuen egoerak, pixkanaka utzi egin ziolako jateari. “Azkenean, larrialdietatik iritsi ginen ebakuntza gelara. Aortak esofagoa konprimatzen zion, eta ezin zuen jan”. Ibairen aorta ohiko ibilbidetik ez, “beste toki batzuetatik” zihoan. “Eta harrapatu beharko ez zituzkeen beste aparatu batzuk harrapatzen zituen”. Idigorasen semeak 5 urte dauzka orain, eta arteriak bere tokian jarrita, “ohiko bizimodua” egin dezake jada. “Dena den, une oro egoera aztertzen joan beharko dugu”. Kardiopatiaren eraginez, Ibaik bronkioa pixka bat konprimatuta daukala gaineratu du haren amak. “Eguneroko jardunean lehenago nekatzen da, gehienak baino pixka bat txikiagoa ere bada… Baina ondo goaz”.

Bi ebakuntza azkenean

Sionen kasuan ere, gaur-gaurkoz, “oso ondo” dagoela esan du haren amak. “Semeari 2 urte eta erdi zeuzkala egin zioten bihotzeko ebakuntza [5 urte betetzear da], eta beste arazo bat sortu zitzaion orduan: bihotzeko eskuin bentrikulua bi zatitan banatu zitzaion, eta beste ebakuntza bat egin behar izan zioten”. Bihotzeko ebakuntza bat, izatez, “izugarria” dela aitortu du Philipsek. “Oso esperientzia gogorra da, bai umearentzat eta bai familiarentzat. Baina, zorionez, aurrerapen handiak izaten ari dira medikuntzan”. Ebakuntza egin eta hilabete pasatxora indarberrituta zegoen Sion.

Aurretik ez zuten eraman haur eskolara, eta une oro oso kontuz ibili behar izan zuten semearekin. “Arnas aparatuko gaixotasunik ez hartzea komeni zela esan ziguten medikuek, gripe garaian ere kontuz ibiltzeko… Eta, noski, ezinezkoa zen haur eskolara eramatea, ez Sion eta ez Ekhi”. Lehen urte eta erdian-bi urteetan lan egiteari utzi behar izan zion Philipsek —psikologoa da—.

Ibairi iazko urtarrilaren 21ean egin zioten bihotzeko ebakuntza, Gurutzetako ospitalean, Barakaldon (Bizkaia). “COVID-19aren garaian egokitu zitzaigun, eta Donostian egin zizkiguten ondorengo mediku azterketa gehienak. Ebakuntza egin baino lehen, bi aldiz bakarrik joan ginen Gurutzetako ospitalera”. Sioni Madrilen egin behar izan zioten ebakuntza, Gregorio Marañon ospitalean —gaur egun, Zarautzen bizi dira—. “Hilabete eta erdi inguru igaro genuen Madrilen, eta familia guztiari eragin zion horrek. Gastu ekonomikoak, lanik egin ezina, beste haurra ere zaindu beharra…”.

Etorkizunerako kezkak

Biek ala biek ez dakite zer gertatuko den etorkizunean. “Ikusiko dugu”, esan du Idigorasek. “Baina beti egongo gara zalantzan”. Asma ere badauka Ibaik, “eta kirola egiteko, adibidez, kardiopatia baino oztopo handiagoa da hori”. Sionek urtero izaten du osasun azterketa kardiologoarekin. “Baina bizitza normal samarra egiten ari dela esan daiteke. Kirola modu profesionalean ere egin ahal izango duela esan digute medikuek”. Ez dakite beste ebakuntzaren bat beharko duen. “Baina, izatekotan, heldua denean egingo diote”. Philips gehiago kezkatzen du ikasketen kontuak: “Ikerketa batzuen arabera, umetan kardiopatien ondorioz egindako ebakuntzek nabarmen eragiten dute ikasketa prozesuan, arretarako gaitasunean… Baina, tira, pausoz pauso joango gara”.

Ebakuntza egin aurretik medikuekin hizketan aritu zen Idigoras, semeari zerbait azaldu behar ote zion galdetzeko. “Ezetz esan zidaten, oso txikia zela artean [4 urte zituen]. Baina ebakuntza egin ziotenean eta esnatu zenean, shock egoeran gelditu zen, kablez josita zegoelako. Trauma handia dauka horrekin”.

Psikologoa izaki, Philipsek onartu du azalpenak noiz eta nola eman, teoria badakiela. “Gure kasuan, naturaltasunez azaldu diogu dena Sioni. Orbain bat dauka bihotzaren parean, olio berezi bat ematen diogu bainatu ondoren, eta momentu horiek baliatzen ditugu lasai hitz egiteko”.

Idigorasek “laguntza gehiago eta burokrazia gutxiago” eskatu die erakundeei. “Eskoletako jangelan baimen bereziak lortzeko, elbarritasun jakin bat lortzeko… Oso luzea eta zaila da burokrazia, eta erraztasun handiagoa eman beharko lukete”. Gainera, “nahita edo nahi gabe”, baina laguntzak lortzeko “desinformazio handia” dagoela uste du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara batuaren aldeko giza katea

Euskara batuaren aldeko giza katea egin dute 7.000 lagunek

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Errenteria eta Donostia artean egin dute omenaldia, Euskaltzaindiak eta Ikastolak Herriari taldeak antolatuta; 8.226 metro luze izan da. «Eskerrik asko egunero euskara koloreztatzeagatik», esan dute ikasleek.

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idakari nagusia eta Aizia Iribarren Kontseiluko lehendakaria eta AEK-ko koordinatzailea, gaur. ©Raul Bogajo / Foku

Euskararen aurkako erasoei aurre egiteko itun sozial eta politiko bat proposatu du Kontseiluak

Iraia Vieira Gil

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan du Idurre Eskisabelek, eta aurreratu du elkarrizketak hasiko dituztela askotariko eragile sozial eta politikoekin.

EHUko Ekonomia ikasleak, Bilboko Sarrikoko fakultatean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ikasleek esan dute EHU dela Sarrikok hartutako erabakiaren erantzulea

Olatz Silva Rodrigo

Ekonomiako euskarazko ikasleei esan diete Gastu Publikoa ikasgaia gazteleraz egin beharko dutela. Hizkuntza urraketatzat jo dute

Ume bat eta guraso bat, eskutik helduta, Donostian. ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Diskriminazioa» amaitzea nahi dute guraso bakarrek

Edurne Begiristain

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du guraso bakarrek ez dutela eskubiderik beste gurasoari dagokion zaintza baimena hartzeko. AMSPE elkarteak salatu du «babesgabe» uzten dituela ama bakarrak. Eme Abokatuak taldearen iritziz, «haurren interes gorenaren» aurka doa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...