Hezkuntza

«Pribatizazioa» eta «euskarafobia» ardatz dituzten legeen aurka bideratuko du geroa Steilasek

Kongresua egin dute Iruñean, ponentzia «berritzeko»; sindikatuaren Nazio Batzorde Iraunkorreko ordezkariak hautatu dituzte bertan

arantxa iraola
2022ko maiatzaren 28a
14:38
Entzun

Noranzko bakarra, publikoa leloarekin egin dute kongresua Steilas sindikatuko ordezkariek, atzotik, Iruñean. Hamabigarren kongresua dute; orain dela lau urte ondutako ponentziako lan ildoak jaso eta «berritu» dituzte. «Ikasturte osoan zehar prozesu parte hartzaile bat abian jarri eta afiliatuen ekarpenak jaso ditugu», azaldu dute, eta gaur bukatu dute prozesua, azken zuzenketak eztabaidatu ostean. Argi utzi dute, oro har, beren jardunaren ardatz nagusiak izango direla «pribatizazioa» eta «euskarafobia» sustatzera doazen legeen aurka.

«Erronka handiak ditugu aurrean, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuek politika pribatizatzaileak garatzen jarraitzen dute. Baina Steilasek beti bezala Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzen jarraituko du», azaldu dute: «Hori delako guztiona eta guztiontzat den bakarra, baita gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna berma dezakeen bakarra ere». Defendatzen duten hezkuntza ereduaren ezaugarriak ere gogora ekarri dituzte: «Publikoa, inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala eta kalitatezkoa».

Era berean, negoziazio kolektiborako irizpideak ere zehaztu dituzte. «Eta gure lan sindikalaren ildo estrategikoak definitu ditugu, sektorez sektore». Datozen lau urteetan sindikatuaren Nazioa Batzorde Iraunkorra osatuko duten kideak ere hautatu dituzte kongresuan. Jone Gibelalde, Peio Salazar, Nagore Landa, Joakin Akarregi, Nagore Iturrioz, Ariane Alberdi, Diana Bruño eta Raul Lopez dira kideak.

150 pertsona elkartu dira kongresuan. Afiliatuez gain, beste hainbat erakundetatik joandako 25 gonbidatu izan dituzte. Euskal Herriko eragileak ez ezik, Herrialde Katalanetakoak, Aragoitik eta Saharatik heldutakoak izan dira. Haiekin duten «elkarlana» goraipatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.