Arabako Bertsolari Txapelketa

Oihane Pereak irabazi du Araian jokatutako lehenengo finalaurrekoa

Unai Anda eta Maddi Agirre geratu dira haren atzetik

Araiako kultur aretan jokatu da 1. finalerdia. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hodei Iruretagoiena.
2022ko maiatzaren 28a
21:16
Entzun

Oihane Perea da Arabako Bertsolari Txapelketako lehen finalista. Araiako finalaurrekoa irabazita, berak eskuratu du aurtengo finalean aritzeko lehenengo txartela. Haren atzetik, berriz, lehen finalaurreko gazteenak sailkatu dira, orain arte finalean aritu gabeak: Unai Anda Delika eta Maddi Agirre Epelde. Huts txikiren bat gorabehera, ondo eutsi diote mailari guztiek ere. Gaur Izarran egingo den saioko puntuazioaren zain geratu beharko dute, baina arriskua badute Andak eta Agirrek ere ekainaren 11n Gasteizen kantatzeko. Asier Otamendi Alkorta, Andere Arriolabengoa Bengoa eta Felipe Zelaieta Txurruka geratu dira, hurrenez hurren, lehen hiru salikatuen atzetik.

Saio orekatua egin dute sei bertsolariek Eli Plazaola Zubizarreta gai-jartzailearen esanetara. Bularreko minbizia pasatu duten bi emakumeren azaletik hasi dira kantari Otamendi eta Zelaieta, lehen ariketa puntuagarrian. Otamendik ez du asmorik bularra berreraikitzeko; Zelaietak, ordea, ez dauka hain argi. Gorputza sano daukala eta harro erakutsiko duela esanez hasi da Otamendi. «Neure aldetik ez naiz jarriko gaur berritzearen aurka / zeren itxurak gizarte honetan nahiko garrantzia dauka», erantzun dio Zelaietak. Otamendik, berriz, hasierako arrazoiari eutsiz: «Era honetan ibiliko naiz ahal baldin bada luzaro / gaizki zegona kendu didate orain dena ondo dago».

Arriolabengoari eta Pereari, berriz, guraso izatea egokitu zaie lehenengo ariketan. Eder semeak aurreko astean esan zien bera emakumea dela, eta Eider deitzeko. Pereak espero zuen, baina Arriolabengoa ezustean harrapatu du eskariak. «Baina nahiz ta ez den gaurko honetan berebiziko problema / guk jaso dugun heziketa da nire muga handiena», aitortu dio Arriolabengoak kantukideari. Zailtasunik ez dio ukatu Pereak: «Egia hau da orain bidea nahiko zaila izango dela/ Andere eutsi beharko diogu datorrena datorrela».

Txinparta batzuk ateratzen asmatu dute bertsolariek zortziko txikian. Otamendi eta Anda La Pollaren kontzertu batera elkarrekin joan diren aita-semeak dira. «Hargatik jarri nizun, Evaristo izena», bota dio Otamendi aitak semeari. Izenen jokoarekin jarraitu dio Andak, taldearen kantu bati aipamena eginez: «Jakin behar nuen nik, nabari zelako / nire ahizpari Txus jarri ziolako».

Bertsolariek asmatu dute umoreari eusten hamarreko txikian ere. Zelaieta eta Agirre lagunak dira, eta urtegira joan dira arratsalde pasa, baina lasai jarrita zeudela, kuadrilla oso zaratatsua jarri zaie ondoan. Zorrotz hasi da Agirre: «Kai-Nakai jarri dute ta benga aurrera / musika ona jarrikobalute sikiera». «Nola izorratu duten gure eginkizuna / ezin dizut ta esan esan nahi nizuna», eman dio segida Zelaietak, eta ondo erantzun gazteenak. «Esateko duzuna Felipe zenbat lan / ezkontzeko eskatu behar al zenidan?».

Amatasunaren ajeak
Puntuei erantzuteaz gain, gaiari bina bertso kantatu behar izan dizkiete bertsolariek kartzelako ariketan. Halaxe zioen gaiak: «Batzuetan zure lehengo bizimodura bueltatu nahiko zenuke». Bere herrialdetik Euskal Herrira etorri behar izan duen migratzaile baten larruan jarri da Otamendi, eta alkate aurkeztu denaren ahotik kantatu du Zelaietak. Andak, berriz, hiriko bizimodua utzi eta baserri batera joan den hiritarraren istorioa kontatu du. «Ta pare bat urte dira, herrira joan nintzela / nahiz ta pentsatzen nuen hau izango zela itzela / aitortu behar dut orain, esan behar dut horrela / nik uste baino askozaz gogorragoa badela».

Hiru emakumeek, berriz, amatasunaren ikuspegitik heldu diote gaiari. «Amatasuna da danba zabaltzen dugun atea», hasi da Perea: «Haurrentzako mesede ta norberarentzat kaltea / pentsatzen dut non dagoen orduko Oihane maitea / ze ederra litzateken berriz gazte izatea». Agirrek ere bide beretik jo du lehen bertsoan: «Galdera bat egin nahiko nukeindartu dadin airean / semeak jaso nituen baina zer galdu nuen trukean?». Nekeak neke, Pereak bigarren bertsoan ez dela damutu, eta keinu eder batekin amaitu du saioa: «Haurrak koskortzen dabiltza alturan dute nabari / eta ez naiz damutuko, hori esaten dut argi / keinu bat egingo diot publikoan dagoen amari / eta irribarre goxo nere etorkizunari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.