Polizia

Foruzainen sindikatu batek ikur frankistak erabili izana gaitzetsi dute Nafarroako alderdi gehienek

CSIF sindikatuak banaturiko dominetan Foruzaingoak diktaduran erabilitako armarria jarri du sindikatuak. Navarra Sumak bakarrik ez du txarretsi gertaturikoa, sindikatua «erakunde pribatu bat» dela argudiatuta.

Dominaren irudi bat, Raul Bator Perezek Twitterren jarritako txio batetik hartutakoa. SER
Edu Lartzanguren.
2022ko maiatzaren 30a
17:35
Entzun

Berriobeitiko alkate Raul Bator Perezek (Navarra Suma) Twitterren jarritako txio batek piztu zuen alerta joan zen astean. Batorrek argazki bat egin zion Nafarroako Foruzaingoko CSIF sindikatuak eman zion dominari, eta sarean zabaldu zuen, gero ezabatu egin bazuen ere. Dominan, Nafarroako armarria agertzen da, Franco diktadoreak emaniko ereinotz ostoekin apainduta. Izan ere, sindikatuak Foruzaingoak 1979. urtera arte erabilitako ikurra erabili zuen. Gaur, Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek —Navarra Suma kenduta— gaitzetsi egin dute ikur frankista erabili izana.

PSNko eledun Ramon Alzorrizek esan du gertaturikoa «ezegokia eta kezkagarria» dela, eta salatu du Foruzaingoan badirela erakundea «helburu politikoekin erabiltzen» duten kideak. Gaineratu duenez, hainbat foruzainek esan diete domina horrek ez dituela ordezkatzen.

Neurriak berehala hartzeko eskatu dio Geroa Baiko Uxue Barkosek Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuari. «Hau, ziurrenera, legearen kontrakoa da, memoriaren oinarrizko legearen eta Nafarroako legearen aurkakoa. Keinu eta ikur frankistak orainera ekartzen dizkigute dominok». Geroa Bairen sostenguarekin gobernatzen du PSNk Nafarroan.

Eskaera bera egin du EH Bilduko Bakartxo Ruizek, oposiziotik. «Halakoek ez dute laguntzen bizikidetzan, iraganera eramaten gaituzte, eta ez Foruzaingoak ezta Nafarroako herritarrek ere ez dituzte merezi halako ekintza eta jarrerak».

Podemosek ere sostengua ematen dio PSNren Gobernuari, eta, iragarri duenez, gobernuari galdetuko dio zer neurri hartuko dituen Foruzaingoan gertatzen ari direnei, «eskuin muturra gogora ekartzen» dutenei erantzuteko. «Lotsagarria da Foruzaingoko sindikatuak ikur faxistak berreskuratu izana».

Bakarrik Nafarroa Sumak ez du gaitzetsi sindikatuak eginikoa. Jose Suarez parlamentuko kideak esan duenez, sindikatua «erakunde pribatua» da. «Eurak dira euren jarreren erantzuleak. Ez dut iritzirik emango: sindikatuaren eta haren afiliatuen kontua da».

CSIFek «hirugarren bideko» sindikatu gisa definitzen du bere burua, eta «klase sindikatu klasikoetatik ezberdina» dela adierazi du bere webgunean. Bere ezaugarrien artean «inongo ideologia politikoren menpekorik ez izatea» nabarmendu du.

Francok 1937an eman zion San Fernandoko gurutze ereinozduna Nafarroari, errepublikaren aurkako estatu kolpean karlistek eta bestelakoek emaniko sostenguarengatik, eta Nafarroako armarriari gehitu zioten. Baina 1980. urtean, UCD ez beste alderdi guztiek bozkatu zuten ikur frankista kentzea. Gainera, erakundeen artean Foruzaingoa izan zen ereinozduna kentzen lehenetakoa, 1979. urtean, hau da, Foru Parlamentuak erabaki baino urtebete lehenago.

Halere, beste 30 urte behar izan dira ikurra erakundeetako eraikinetatik kentzeko. Esaterako, 1951z geroztik zegoen Nafarroako Jauregian, eta 2017ko otsailera arte ez zuten kendu.

Nafarroako Memoria Historikoaren Legeak behartu egiten du ereinozduna eraikin publikoetatik kentzera, baina UPNren gobernuak sistematikoki uko egin zien kentzeko eskaerei. Lege hori betetzeko urratsak egin izan ditu lauko gobernuak; besteak beste, Memoria Historikoari Buruzko Koordinazio Batzorde Teknikoak 224 ikur frankista identifikatu zituen Nafarroan. Batzorde horrek emandako gomendioen artean zegoen ereinozduna kentzea.

Sindikatu nagusiak

Azken egunotan albiste izan dira Foruzaingoko sindikatuak, eskuin muturrarekin loturiko adierazpenengatik. Asteazkenean, bakarrik dauden etorkin adingabeen aurkako mezu bat argitaratu zuen Twitterren AFP sindikatuko kontuak. Haur horietan inbertituriko dirua adinekoen pentsioekin parekatu zuten, eskuin muturraren mezu klasikoa errepikatuta. Ezabatu egin zuten gero mezua.

CSIF eta APF dira ordezkari gehien duten sindikatuak Foruzaingoan, zazpi ordezkarirekin. Foruzaingoak dituen mila pasatxo polizietatik 236k bozkatu zuten haien alde 2019ko hauteskundeetan. CCOOk lau ordezkari ditu, ELAk 3, eta UGTk 2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.