Teknologia

Zibersegurtasun enpresen fakturazioak %20 egin zuen gora iaz

Gaia euskal klusterrak ohartarazi du arlo horretan eta informatika sektorean oro har trebaturiko langile asko behar direla

Ziur zibersegurtasun zentroko langile bat, Donostiako egoitzan. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 31
17:00
Entzun

Zibersegurtasuna gero eta ardura handiagoa da enpresa eta erakunde publikoentzat, eta haien informatika zerbitzuen babes beharra handitzen ari da. Uste zabaldua denari datua jarri dio Gaia klusterrak. «Ziur asko iaz gehien hasi zen gure azpisektorea da, %20tik gora. Inor ez dago erabat ziur; enpresek, erakundeek edota norbanakoek behar dugun zerbitzu bat da», azaldu du Elena Zarraga Gaiako presidenteak.

Gaia jakintza industrien eta teknologia aplikatuen elkartea da, eta informatika eta adimen artifizialaren sektoreko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 302 enpresa elkartzen ditu. Iaz urte oso oparoa izan zuten, eta zibersegurtasuna izan zen bere fakturazioa gehien handitu zuen azpiarloa. «Argi eta garbi gainera», zehaztu du Zarragak: «Segurtasun premia oso handia dago. Egun arlo horretan diharduten 55-60 enpresa ditugu elkartean».

Azken asteetan hainbat eraso izan dira albiste. Laboral Kutxak atzo salatu zuen bat, Iberdrolak ere onartu zuen bezero askoren datu pertsonalak lapurtu zituztela, eta duela bi aste Lituanian jatorria zuen zibereraso batek Nafarroako udal asko informatika zerbitzurik gabe utzi zituen. «Zibererasoak profesionalizatzen ari dira, eta xantaiak egiten dituzte orain», azaldu du Tomas Iriondo klusterreko zuzendari nagusiak. Hain zuzen ere, Nafarroako udalei eginiko erasoan zibererasotzaileek dirua eskatu zuten zerbitzariak desenkriptatzearen truke. Erasoa maiatzaren 18an izan zen, eta oraindik ez dute erabat konpondu arazoa.

Zibergaizkileek atsedenik ez dutela hartzen esatea ohiko esaldia da sektorean, baina Iriondok zehaztu du gaur egun topikoa baino gehiago dela hori, eta zibersegurtasuna lantzen duten enpresek jasotzen dituzten eskakizunetan sumatzen dutela: «Guztioi egingo digute eraso, edo agian dagoeneko egin digute eraso. Erasotzaileek gabeziak detektatzen dituzte sartzeko, eta gu ere askotan arduragabeak gara».

Zarragak, gainera, Ukrainako gerrarekin lotu du igoera hori, eta azaldu du gerra giroak erasoak sustatzen dituela. «Han ere ikusten ari dira sareetan ere gerra dagoela. Etorkizuneko gerrak zibergerrak izango dira». Enpresek, baina, arazo handi bat dute eskaerari aurre egiteko, Gaian diotenez, zibersegurtasunean trebaturiko langile gabezia handia dagoelako. Zarraga: «Arlo askotan dago eskulan gabezia. Zibersegurtasunean ziur, baina baita adimen artifizialean ere, errealitate birtualean, datuen analisian... Pentsa, programatzaile arrunten premia handia ere badago».

1.500 lanpostuko hutsunea

Trebaturiko langileen gabezia oinarrizko arazo bilakatu da Gaiarentzat. Iaz 1.300 langile kontratatu zituzten klusterreko enpresek, eta %6,2 handitu zen lantaldeen tamaina —22.039 dira guztira egun—. Iazkoa, baina, ez zen urte bakarreko lorea izan, 2022an beste 1.400 langile kontratatzea aurreikusten baitu Zarragak. Eta hala ere premia guztiak ez dira beteko: «Langile kopurua %6,6 handitzea espero dugu, eta hala ere bete gabeko 1.500 lanpostuko zuloa dago oraindik. Urtez urte kopuru hori handitzen ari da».

Informatikari gabezia, dena den, ez da Euskal Herriko arazoa bakarrik. Europa osoan dute haien premia. Sektoreko elkarteen arabera, egun 8,4 milioi informatikari daude Europan, eta, digitalizazio prozesuak bere horretan jarraitzen badu, aurki hogei milioi beharko dira. Eta zein da konponbidea? Luze gabe, atzerrira jotzea. «Mundu guztian bilatzen ditugu langileak. Urrundik lan egiteko sistemak ere erabiltzen ditugu. Baina ez ditugu guk bakarrik bilatzen, eta gero eta zailagoa da», azaldu du Zarragak.

Horiek hala, Gaiak argi du bertako harrobia sustatzea dela luzera begira konponbidea. Horretarako kanpainak egiten dituzte, baina nabarmendu du emakumeak erakartzen saiatu behar dela. «Genero arrakala digitala» badagoela garbi du, eta hainbat datu argigarri eman ditu: Gaiako enpresetako langileen %23 baino ez dira emakumeak, ingeniaritza ezberdinetan izen emanikoen %29, eta informatikako unibertsitate graduak ikasten dituztenen %13,4.

«Inoizko urterik onena» izan zuen iaz Gaiak: +%7
Gaia klusterrak bere ibilbideko «urterik onena» izan zuen iaz: hala laburbildu du Elena Zarragak urteroko balantzean —gaur du urteroko biltzarra—. Eta bada zerbait, teknologia enpresak elkartzen dituen elkartea 1983an sortu baitzen. 302 enpresen artean 5.724 milioi euro fakturatu zituzten, 2019an baino %7 gehiago, eta, langile gabeziarengatik ez balitz, are gehiago fakturatuko lukete. «Eskaera guztiak ase ezinda gabiltza». Elkarteko enpresa kopurua, berriz, 311tik 302ra murriztu zen, baina enpresen elkartze mota ezberdinen eragina izan zen.

Eraldaketa digitala geldiezina dela uste dute Gaian, eta aurtengorako iragarpenak iazkoak bezain baikorrak dira. Fakturazioa %7 eta %10 artean handitzea espero dute, eta berrikuntzan eginiko inbertsioa %10 handitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.